Ikusmirak

Erabiltzailearen aurpegia Izioqui Dugu Guec Ajutu Ez Dugu 2006-06-16 11:02

Euskerearen indarbarritzeak ardurea emoten deusku. Hiztun kopuruak, hiztun horreen dentsidadea, euskeraz biziteko benetako aukerak eta abar.

 Normalkuntzearen gainean berba egiten dogunean, hainbatetan, inbidiak jota edo, normalduta dagozan hizkuntzen aukerak hizpide eukiten doguz, antzekoak bageunkez beste kuku batek joko leukeela esateaz batera, amesetan eta usteen munduan murgilduz. Hiztun-alkarte txikia gara, baina. Hiztun kopuru mugatua dauena. Gauzak holan, ingelesa edo gaztelania lako hizkuntzek danetariko komunikazino-jarduerak beteteko daukiezan aukerak aztergai euki beharrean, gure hizkuntzeak belaunik belaun irauteko, bete beharko leukezanak bistan euki beharko geunkez, derrigorrean.  Gaztelaniaz ez dakit zenbat telebista-kate ei dagoz, irratiak eta bestelako hedabideak askozaz gehiago. Eta hori esatean, euskerazko kate kopurua antzeko parametroetara hurreratu beharko geunkela iradokitzen da, bide bataz.

Halanda guzti be, euskerazko telebista, periodiko, irrati edo dana dalako gehiago egon arren, berez ahula dan hiztun-alkarte hori sendoago eta osasuntsuago egongo ete da? Irakurle edota ikusle askozaz gehiago izango ete da? Euskera gehiago erabiltea lortuko ete da? Ezetz esango neuke nik. Irakurleak edota ikusleak eskaintza zabal horretan galduko litzatekez, gehien jota, eta hainbat egitasmo kolokan geratuko litzatekez, gainera. Euskeraz dakien askok gaztelerazko produktuak kontsumiduten dabez, dala askozaz erakargarriagoak diralako, dala hobeak diralako edo dana dalako arrazoiengaitik; beste batzuek, ostera, danetariko eskaintzea daukie gogoko, hori da azken baten erdaldun elebakarren aldean euskaldun elebidunek daukien abantaila ia bakarra, gaztelerazko produktu andanaren eta euskerazko produktuen artean aukeratzeko modua eginez.  
Horregaitik guztiagaitik, gaztelerazko produktuetan euskereari sarbidea emotea lehentasunezkoa da nire ustez, batetik, euskeratik aparte bizi dan erdal mundua hurreratzeko pausua litzatekeelako hori, indarbarritze ahaleginean beste pausu bat emonaz, bestetik, euskeraz dakien hiztunei, egun daukiezan aukerak zabaltzeko pausu erabagigarria izango litzateke, besteak beste, euskerearen erabilerea benetan lagunduz.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu