Diruaren hotsa salbazinorako pagotxa?
2006-05-18 10:58Erakundeek diru piloa emon ezean euskerea ez ei da indarbarrituko, horixe dinoe batzuek, baina arriskuan zer dagoan argitu gura neuke, ezer baino lehen.
Gaur eta hemen, askotariko arrazoiak tarteko dirala, euskeraz berba egiten dauen hiztun-alkartea da hamarkadetan ahultzen eta desegituratzen joan dana, atzera egin dauena eta bene-benetan arriskuan dagoana. Gauzak holan, Irlandan gaelikoz berba egiten dauen hiztun-alkarteak izandako bilakaerea -partizinoaren ostean independentzia lortu eban zatian jazotako bilakaerea batez be- oso hurretik segidu eban D. Fenellek, eta han bizi izandakoak gogoan, bi ondorio nagusi aitatzen ebazan: batetik, atzeraka doan hizkuntz komunidadea bere borondatez salbau leiteke soil-soilik; bestetik, hiztun-alkarteak salbetako erabagia hartzen dauenean, trabak jarri beharrean, helburu hori lortzen lagundu egin behar jako. Mundu globalizatu honetan, urtean bataz beste hamar hiztun-alkarte galtzen dira, milaka hiztun-allkarte desagertzeko hurren dagoz, eta bihar edo etzi euskereak irautea lortuko dauen ez dakigu, baina hori bihar-etziko belaunaldien esku egongo da, neurri handi baten.
Hagatik, geuk egin ahal dogun horri eutsi beharko geunskio argi eta garbi. Euskeraz jarduten dauen hiztun-alkartea berrindartzea erabagigarria da, neure ustez, eta horretarako, hiztun kopuruak hainbat arinen gehitu behar doguz, irauteko eta osasuntsu garatzeko lehentasunezkoak izan leitekezan jardun-eremuak hainbat lasterren berreskuratzen ahalegindu behar dogu, hizkuntzeagaz batera doan mundu sinbolikoa berrezartzen saiatuz. Inguruabar horretan bidea egiten laguntzeko, ahulenaren aldeko hizkuntza politikak garatu behar dabez instituzino publikoek, tresna juridiko egokiak indarrean jarriaz eta, besteak beste, politikok garatzeko han-hemenka ekonomi baliabideak segurtatuaz.
Orain, euskerea indarbarritzeko ahalegin honetan buruan daukadan eredua ez da ingelesez eskaintzen dan hori euskeraz be eskaintzea, hori ez da posible, ezta desiragarria be. Diru laguntza publikoak hiru haga nagusiren ganean eregi beharko litzatekez, neure ustez; batetik, diglosiaren jatorrizko esanahia gogoan, euskerea belaunaldi batetik bestera transmitiduteko lehentasunezkoak izan leitekezan jardun-eremuak euskerarentzat irabazten laguntzen daben jarduerak litzatekez lehentasunez bultzatu beharrekoak; bestetik, produktuen merkaturatzeari jagokonez, produkzino gastuak baino ez dira kontuan hartu behar, hain zuzen be, gastu horretxeek dira gain kostuak eragin leikiezanak, hortik aurrera merkatuaren legeak funtzionetan dau, halan da ze, produktu bat saltzen ez bada, hango edo besteko periodikoa, aldizkaria edo dana dalakoa irakurten ez bada, produktu hori erakargarria ez dalako da, eta orduan baztarrean ixteko jarrerea erakutsi beharko geunke.
Azkenik, laguntza lerroak, hiztun-alkarteak daukazan preminen arabera, arian-arian barriro aztertzeko ahalegina egin beharko litzateke, egitasmoak barritzen joan daitezan bultzatuz, baliabideak bestelakoetara bidera daitezan eskatuz. Euskeraren jiran diru asko dabil eta ez dakit guzti-guztiak indarbarritzea laguntzeko balio ete dauen, benetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!