Lemoan be erromatarrak egon ziran Antxinaroan
2026-10-02 08:04 Antxinakoak GeureraErromatar inperioaren garaian legino erromatarrak Bizkaira heldu ete ziran?
Jakina, eta ez hori bakarrik, izan be, Bizkaian zehar erromatarren ezarpe ugari egon ziran. Zeozelan gure lurralde historikoa erromatarren esku geratu zan baina Arabako eta Nafarroako hegoaldeagaz alderatuta erromatarran presentzia Bizkaian ez zan hain nabarmena izan. Hau da, jakin badakigu gitxienez “civitas” edo uri erromatar bat egon zala; Forua, Gernika ondoan baina beste ezarpenu txikiago batzuk be egon ziran, esaterako Elorriagakoa, Lemoan.
Gaur egun hantxe bertan 1910ean eregitako eleiza bat dago. Harrigarria bada be, eleizako kaperea egiteko aldez aurretik inguruan egozan estela erromatarrak erabili ziran. Eleizea eraikin angeluzuzena da eta hormak harrizkoak dira, 13,19 metroko luzerea dau eta 5,59 metroko zabalerea. Nabe bakarreko eleizea da.
San Pedro de Elorriagako eleizak Bizkaian topautako epigrafe multzorik garrantzitsuena dauka. Bertan erromatar garaiko bederatzi estela ikusi daitekez eta gehienak osorik dagoz konserbazino egoera nahiko kaskarrean dagozan arren. Adituek uste dabe egungo eleizatik hurbil Luzarra izeneko ezarpen erromatar bat eta hor nekropoli bat egoala. Estelak aztertuta, pentsetan dabe k.o I-IV. mende bitartekoak dirala; horreen esanetan, Elorriagako estelek eta Basauriko San Martin de Finagan topautakoek alkarren antz handia dabe. Elorriagako estelen veste bitxikeria bat da garai ezbardin bitakoak topau dirala. Batzuek antxinakotasun handiagoa dabe eta zaharrenak k.a I. mendekoak ei dira, hau da, erromatarrak heldu baino
lehenagokoak. Beste epigrafe multzo bat be badago, baina horreek K.o II-IV mende bitartekoak dira. Adibide bezela estela baten mezua idatziko dogu ondorengo lerroetan. Latineraz dagoz:
D(is) M(anibus) / SECVNDIANVS / AT(tiae) LICILLE VXO(ri) / P(ivs) P(osuit) AN(norum) P(lus) M(inus) / XX
Manes jainko erromatarraren omenez Secundianok hilbarri zan Atia Licila emaztearen ohorez jarritako oroitarri bat da. Neskeak 20 bat urte zituan hil zanean. Pieza hau egoera txarrean dago, testuaren zatirik handiena galdu dalarik. Oraindino ikusi daiteke goiburua eta han ondo dekorauta dagozan hiru erroseta. Lurrak estalita egoan. Antzeko testu edo mezua dabe bertan agertutako beste epigrafe batzuek.
Labur esatgeko, estela gehienetan hildakoaren izena agertzen da, edade eta nork egin eutsan omenaldia. Dana dala, Elorriagako estela horreek konserbazino egoera kaskarrean dagoz eta,
beraz, ahalik eta azkarren garbitu beharko ditue arkeologoek etorkizunean, izan be, garbitu ezean epigrafean agertutako letra lausoak guztiz desagertuko dira emoten deuskuen informazino baliogarria desagertuz.
Beraz, esango neuke Erromatarren sasoian Elorriagan bizkaitarrak bizi zirala. Esteletan latineraz izentautako personak hangoak izango ziran baina zeozelan erromanizautakoak izango ziran, erromatarren ohiturak eta hizkuntzea hartu baitzituan. Horrek ez du esan gura Bizkai osoa egoera horretan egoanik. Egia esan, Bizkaiko beste zonalde batzuetan erromatarren eragina askoz txikiagoa zan, erromatarrentzat estrategikoak ez ziralako leku horreek. Horrexegaitik, bertokoen lege, antolakuntza sozial, ohitura eta hizkuntzeari errazago eutsi eutsen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
