Euskalduna, joandakoa eta oraina

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2026-09-09 08:10   Antxinakoak Geurera

Euskalduna Jauregia 1999ko zezeilaren 19an inaugurau eben.

Gaur egun Bilbo uri modernoa da, garbia eta oso turistikoa. Itsasadarra nahiko garbi dago eta kaleak be oso itxuroso dagoz. Baina beti ez da holan izan. XIX. mendearen akaberan Bizkaian lehenengo industrializazino prozesuari ekin jakon. Atzerritik inbersinoak heldu ziran Meatzaldean egoan burdina ustiatzeko. Burdin horregaz Espainiako lehenengoetariko trenbide sareak eregiten hasi eta burdinaren inguruan siderurgiako lantegi asko sortu ziran Ezkerraldean. Horrek be Espainiako beste erkidego batzuetatik jentea erakarri eban eta gitxika-gitxika Bizkaira edo zehatzago esanda, Nerbioi ibaiaren ezkerraldera kanpoko jente asko etorri zan. Siderurgia, meatzaritzea eta oro har industriagaz zerikusia eben lantegi asko sortu eta marxan jarri ziran eta eskuinaldeko herri batzuetan be gauza bera jazo zan, batez be, Erandion eta Leioan (Lamiako auzoan esaterako). Herri edo auzo horreek oso industrialak ziran.

Burdina ustiatzen ebizelarik burdinez egindako itsasontziak egiteari ekin eutsen itsasadarraren alde bietan. Gauzak holan dirala, 1900. urtean Eduardo Aznar eta Ramon de la Sota enpresari bizkaitar dirudunek Astilleros Euskalduna ontziolea sortu eta eregi eben Bilbon, gaur egun Euskalduna Jauregia dagoan lekuan. Enpresa honen helburu nagusia zan itsasontziak eregitea eta egindakoak konpontzea. Instalazino barriek 90.000 metro koadroko zabalerea eben eta Bilboko erdigunetik nahiko hurbil egozan. Lehen aitaturiko lanak egiteaz gan, trenbideetarako materiala be egiten eben, hori negozio borobila baitzan garai haretan. Handik urte batzuetara, Lehenengo Mundu Gerraren testuinguruan produkzinoa asko handitu zan atzerriko potentziek itsasontziak behar zituelako eta Espainia ez zanez gerran sartu hornitzaile handienetakoa izan ziran Bizkaiko ontziolak. Zelan ez, Euskalduna Ontziola indartsuenetakoa zan sektore haretan. Gerra zibilean, barriz, produkzinoa asko jatsi zan gerrak ekarri zituan ondorioengaitik.

Kontuak kontu, kalkulau dabe 1958ra arte 1930eko produkzino mailara ez zala berriro heldu nabarmentzen gabizan ontziola bizkaitarrean. Hortik aurrera, batez be, 60ko eta 70eko hamarkadetan produkzinoan barriro hazkunde handia emon zan. Bien bitartean 1969an Astilleros Españoles konpainia sortu zan hiru ontziolen arteko fusinoari esker: Euskalduna de Construcción Naval konpainia, La Sociedad Española de Construcción Naval eta Astilleros de Cádiz batu ziran. Baina neurri horreek bere momentuan onak izan baziran be sektorerako, 70ko hamarkadearen amaieran produkzinoa behera egiten hasi zan. 70eko hamarkadan izandako petrolioaren krisiak eta batez be atzerritarren lehia amorratuak sektorea ahuldu eban.

Horrezaz gan, 1986an Espainia Europako Batasunean sartu zan eta horren ondorioz, Europako Batasuneko arauak apliketan hasi ziran lan-eremu honetan. Arau horreen arabera, Estaduak lantegi eta enpresa horreei bideratzen eutsezan dirulaguntzak murriztu behar izan zituen eta horrek kalteak baino ez eutsazan ekarri sektoreari. Holan, 1984an Euskalduna Ontziolea zarratzea erabagi eben jaubeek. Langileak ez egozan konforme neurri horregaz eta mobilizazino handiak egon ziran arazo hori konpondu guran baina azkenean 1988an betirako zarratu zan lantegi handi hau. Zarratu ostean ontziola zaharra egoan lursailean Euskalduna Jauregia eregiten hasi ziran eta ontziola zaharraren izenari eutsi eutson jauregi barriak. Euskalduna Jauregia 1999ko zezeilaren 19an inaugurau eben. Federico Soriano eta Dolores Palacios izan ziran jauregi barria diseinau eben arkitektoak.

Euskalduna Jauregia musikako kontzertuetarako espazio handia da, baita enpresen arteko kongresuetarako eta bileretarako edota ikuskizun handietarako be. Areto Nagusian 2.164 persona sartu daitekez eta hainbat areto eta gela txikiagoak dagoz ensegu eta aprobetarako edota konferentzietarako. Prentsa-aretoak be badagoz, baita kafetegi eta jatetxe bat be. Galeria-komertzial bat be badago. Eraikinak 53 metroko altuerea eta 7 pisu ditu. Eta ontziola zaharraren omenez jauregiko fatxadan herdoilak jandako plantxa metalikoak jarri zituen. Ez dago Europan Euskalduna Jauregiak dauen auditóriuma baino handiagorik, hori markea!

Euskalduna Jauregiak joandakoa, orainaldia eta etorkizuna dakartso Bilbori eta uriko ikur handi bihurtu da, jagon beharrekoa, gure historia modernoaren adierazle indartsua dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu