Vizcaya izena nondik dator?

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2026-07-21 08:09   Antxinakoak Geurera

Vizcaya lurraldearen hasiera historikoa.

Gure lurraldeak historia aberatsa dauko. Jazoera eta gorabehera ugari izan dira mendeetan zehar Bizkaien, izan be, historiaurretik gizon eta emakumeak bizi izan dira gure Bizkaia maitean. Egia esanda, historiaurrearen garaiari jagokon aztarnategi andana topau dira Bizkaian zehar, baina Antzinaroari buruz gitxiago dakigu.

Jakin badakigu erromatarrak etorri baino lehenago, Burdin Aroan, egungo Bizkaian autrigoiak eta karistiarrak bizi zirala. Lehenengoak Burgosen eta Araban be baegozan eta bigarrenak Araban be bizi ziran. Autrigoien zein karistiarren bizimodua erabat tribala zan, hau da, seguruenez buruzagi batek agintzen eban eta herrixka txikietan bizi ziran. Biztanleak abeltzainak izanik ortu txikiak izango zitue euren konsumorako. Ebro ibaitik hurbil egozan herrietan eta urietan nekazaritzeak indar handiagoa eban eta hango uztak Bizkaikoak baino askoz handiagoak ziran Bizkaian betidanik nekazaritza intensiboa izan dalako estensiboa baino. Eta Antzinaroan holan zan. Ganera, orduko tresnak eta teknikak nahiko arkaikoak ziran, ez egozan oso landuta. Ondorioz, produkzinoa txikiagoa, egungoa bainoa askoz txikiagoa zan.

Erromatarrak ailegatu ondoren karistiarren eta autrigoien terminoak edo izenak desagertzen joan ziran denporearen porasuz. Esangura horretan, Forua izan zan Erromatarren garaian egon zan civitas-ik garrantzitsuena Bizkaien. Muskiz inguruko meategietatik be burdin asko atara eben erromatarrek.

Erromatarrak Europako zibilizazinorik garrantzitsuena izan ziran eta aurrerapen ugari ekarri zituen baina Mendebaldeko Erromatar Inperioa barbaroen edo iparraldeko herrien erasoen erruz desagertu zanean Bizkaiko biztanleak kobazuloetara biziten hasi ei ziran barriro. Horrezaz gan, adituek uste dabe K.o. V. mendean, Mendebaldeko Erromatar Inperioa jaustear egoanean heruloek Ravenan bizi zan azken enperadore erromatarra kargutik kendu eta horren eraginez, barbaroek mendebaldeko inperioagaz amaitu eben. Urte horreetan 450. urtean gitxi gorabehera Kantabriako eta Varduliako kostaldeetan erasoak egin zituen. Jakitunek uste dabe erromatarrak Varduliaz ebizanean Bizkaiaz berba egiten ebela.

Kontuak kontu, Erdi Aroaren hasikeran Bizkaiari buruzko barriak eta topakuntza desagertu egin ziran. Batzuen eretxiz, VI. eta VII. mendeetan Baskoniako dukerriaren parte ziran. Bestalde, Finagan eta Elorrioko nekropolisetan VI. eta IX. mende bitarteko buruzagi bizkaitarren gorpuei dedikautako estelak topau dira. Historialariek pentsetan dabe horreek euren garaian Bizkaiko buruzagi garrantzitsuak zirala hilobi batzuetan armak eta bitxiak topau diralako.

Sasoi haretan, Alfonso III. erregearen kroniketan Bizkaia berbea agertu zan estreinakoz historian. Kronika horreetan Alfonso I. errege asturiarraren agintaldiari buruzko aitamen batzuk emoten dira eta bertan Vizcaya berbea agertzen da. Aitamenak hauxe esaten dau berbaz berba: Alava, Vizcaya, Alaon y Orduña siempre habían sido poseídas por sus habitantes, Bizkaia berbea historian lehenengo aldiz agertzen zan testua izateaz gan, testuak berak informazino garrantzitsua helarazoten deusku, izan be, testu horren arabera, Bizkaia garai horretan subiranoa eta independentea zan. Oso informazino gitxi daukagu urte horreen ganean, baina segurutik erromatarren garaitik aurrera nahiz eta bizkaitarren populazinoa sakabanatuta egon, zeozelako atonketa politikoa eta soziala egongo zan Bizkaian eta Foru Zaharra handik mende batzuetara idatzi bazan be, K.o VIII. mendean daborduko (akaso lehenagotik) betiko ohiturak jarraituz, ohiturazko zuzenbidea aplikauko zan Bizkaian bizkaitarren artean. Holan izan zan Erdi Aroan, Aro Modernoan eta Aro Garaikidean zehar 1876an Bizkaiko Foruak, gure lege propioak, indarbakotu zituen arte.

Bizkaia izenaren jatorri etimologikoaren inguruan teoria edo hipotesi batzuk dagozan arren, gaian adituak diranek uste dabe Bizkaia berbe tontor edo mendi-bizkar kontzeptuetatik datorrela, hau da, Bizkaia bizkar (loma gaztelaniaz) berbatik etorri saiteke.

Beste hipotesi batzuek dinoe lurralde menditsua edo kostalde apartsutik etorri daitekeela Bizkaia berbea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu