Bizkaiko sistema judiziala Bizkaiko foruetan oinarrituta egoan
2026-06-24 07:30 Antxinakoak GeureraAntxinaroan Bizkaiko Jaurerriko sistema judizialean oso garrantzitsua zan Epaile Nagusia.
Askotan zehaztu dogunez, Bizkaiko Jaurerriak bere sistema judizial propioa eban, Gaztelako lurraldeagaz ezbardintzeko. Bizkaiko sistema judizial propioa Bizkaiko foruetan oinarrituta egoan. Erdi Aroan (dokumentauta Erdi Aroaren amaieratik) eta Aro Modernoan zehar, foruak XIX. mendean indarrik barik itxi zituen arte; sistema propio horretan figura ugari egozan: Korrejidorea, erregearen ordezkaria Bizkaian, bizkaitarra ezin zana izan eta lehenengo eta bigarren instantzietan funtzino juridikoak zituana; korrejidorearen tenientea, korrejidoreari laguntzen eutsona; Foruko alkateak, alkate arruntak eta merino nagusiak, uribilduetan, eta eleizateetan tokian tokiko mailako auzi zibil eta kriminal batzuetan be parte hartzen ebanak. Azkenik, Bizkaiko Epaile Nagusia egoan. Figura bitxia.
Erregeak izentetan eban Bizkaiko Epaile Nagusia eta Valladolideko Errege Kantzilerian egoten zan. Epaile honen zeregin nagusia zan bigarren instantziako bizkaitarren auziak epaitzea, auzi zibiletan, kriminaletan eta hidalgiari eragindakoak. Eta beti Bizkaiko Forua aplikau behar eban eurengan. Esangura horretan, bizkaitar guztiek hidalgia unibersala eben, bai Bizkaian bizi ziranak, baita Bizkaitik kanpo bizi ziranak be. Hau da, bizkaitarrak kanpoan bizi baziran be Bizkaiko Forua apliketan jaken auzi judizialetan. Bizkaiko Epaile Nagusia apelazino auzitegi baten antzean jokatzen eban eta Valladolideko Errege Kantzilerian egoan autoridaderik boteretsuenetakoa zan.
XIX. mendearen akaberan sortu eban Gaztelako erregeak figura hau Bizkaiko Jaurerria Gaztelako Koroaren barruan txertatu zanean. Auzi-gela honek iraun eban harik eta 1834an baliobakotua izan zan arte, izan be, urte haretan Bizkaiko sistema judiziala deuzestatua izan zan, Espainian sistema judizial liberala eta zentralistea jarriz lurralde osoan, baita probintzia foraletan be. Epaile honek bizkaitarren arteko auzi guztiak epaitzeko eskubidea eta betebeharra eban gastua 15.000 maravedi baino altuagoa zanean.
Auziaren balioa kantidade hori baino baxuagoa zanean, Korrejidoreak edota lehen aitatutako Jaurerriko beste figura edo personaien ardurea eta lana zan. Hori bai, bizkaitarrak Bizkaitik kanpo bizi baziran Bizkaiko Epaile Nagusiak epaitu behar zituan halabeharrez, hau da, berea zan ardura osoa. Hori bai, Bizkaitik landa bizi zan personea aurretik bizkaitarra zala erakutsi behar eban Bizkaiko Forua bere auzian apliketea nahi baeban. Amaitzeko, Bizkaiko Epaile Nagusia kartzeletara joaten zan, bertan preso bizkaitarrak baegozan kontroletako.
Kontuak kontu, Bizkaiko Epaile Nagusia gaur egun existiduten ez dan figura garrantzitsua zan antxinako Bizkaiko Jaurerriko sistema judizial propioan. Bizkaitarrek beren eskubide eta betebehar guzti-guztiak zituen danak hidalgoak edo nobleak ziralako, eta Bizkaian zein Bizkaitik kanpo egon beren eskubideak eta betebeharrei eutsen jaken. Gauzak holan dirala, Bizkaiko Forua bizkaitar horreen auzi kriminal eta zibiletan apliketan ziran, eta Bizkaiko Epaile Nagusia, batik bat, kanpoan bizi ziran Bizkaitarren oinarrizko berme legala zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
