Isidro Deuna, baserritarren patroia
2026-05-20 07:40 Antxinakoak GeureraMaiatzaren 15ean Bizkaiko herri askotan Isidro Deuna jaia ospatzen dabe.
Isidro baserritarra XI. mendean jaioa edo hurrengo mendean hildako madrildarra izan zan. K.o 1082 jaio eta 1172. urtean hil zan. Baserritar mozarabiarra izan zan. Juan de Vargas jaunarentzat lan egin eban eta Madril inguruan bizi eta lan egin eban nekazari santu honek. Kristinaua izan zan, kristinau ona eta kronikari batzuen arabera bost mirari inguru egin zituan. Dana dala, haren bizitzan zehar islamiar kultura eta erlijinoak eragina izan eban historiako momentu horretan Madril islamiarren kontrolpean egoalako, hau da, taifa musulmandar baten barruan egoan. Madrildarrek asko maite izan eben eta hil eta gero gurtzen hasi ziran, baina XVI. mendera arte ez zan santu bihurtu.
Gauzak holan dirala, Bizkaiko herri askotan maiatzaren 15ean Isidro baserritarraren omenez jaia egiten dabe. Ez ahaztu Isidro deuna ortu eta uzten babeslea zala eta baserritarrek hari eskatzen eutsen euren barazkiak eta fruta arbolak jagoteko eta babesteko. Herri horreek guztiak eleizateak dira eta bertan nekazaritzeak zein abelazkuntzeak historian zehar indar handia izan dau herriaren ekonomian. Egun hori oso berezia zan eta lehen esaten eben maiatzaren 15ean, Isidro Deuna egunean, ezin zala ortuan ezer egin zeozertan ibili ezkero koko-harrek uztea eta landarak jango zituelako.
Orain hamarkada batzuk fede kristinaua gizartean askoz errotuago egoanean bere omenez prozezinoak egiten ziran haren irudiagaz. Haren irudiagaz be sikate sasoian euria egiteko eskatzen eutsen baserritarrek, zelaiak edo landak bedeinkatu eta lande eta artaburuen bidez erregaluak edo ofrendak egiten jakozan.
Bizkaian hiru baseleiza dagoz haren izanagaz: Zornotzan, Karrantzan eta Orozkon; eta Isidroren irudia beste hainbat eleizatan eta baseleizatan dagoz. Herri batzuetan, esate baterako, Zamudion, Mungian edo Derion nekazari kooperatibek atontzenen eben jaia. Baserritarrak hurbildu eta parte hartzen eben mezatan, ermandadeko bazkarian eta askotan nekazal produktuen eta nekazaritzako lanakaz zerikusia daben tresnak zozketatzen zituen.
Beste herri batzuetan, adibidez, Zeanurin edo Getxon Isidro Deunaren egunean azokak izaten dira, abereen lehiaketak eta idi probak.
Derion, joandako astegoienean, Isidro Deuna jaiak izan dira eta giro ona egoteaz gan nekazaritzeagaz lotura handia daben jaruderak egon dira. Urtero jaietako azken domekan, goizean, Elikagai eta Eskulangintza Azokea egiten da. Bertara derioztar eta inguruko jente asko hurbiltzen da oilasko edo okela errea jan, txakolina edan eta han dagozan saltokietan bertoko produktuak erostea ohikoa da. Giro bikaina, musikeagaz eta bestelakoakaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
