Monte Avril edo Iturritxualde
2026-05-07 10:18 Antxinakoak GeureraOraingoan be Txorierriko gorabeherak dakartsuedaz.
Aurrekoan Berreaga mendian dagoan kastroaren gaia jorratu begenduan, orain Berreaga aurrean dagoan Monte Avril edo Iturritxualde mendiaren ingurukoak landuko doguz. Mendi hau Ganguren izeneko mendilerroan kokatzen da eta mendi honen igoereak fama handia dauka Txorierriko zein Bilboko mendizaleen artean. Bertan karlisten gotorleku bat dago eta han be gudariak eta tropa frankistak ibili ziran burrukan 1936tik 1937ra Bizkaian Gerra Zibilaren testuinguruan. Sasoi haretako lubakiak be badagoz. Baina zergaitik deitzen jako Monte Avril edo Avril mendia? Nondik dator bere izena?
Jean Jacques Avril 1752tik 1839ra bitartean bizi izandako jeneral frantsesa izan zan, batez be, Frantziako Iraultzearen osteko gerratan ezaguna egin zan. Jeneral nahiko ospetsua izan zan Frantzian, izan be, 40 urtez Frantziako armadan egon zan eta gatazka askotan parte hartu eban, Independentziakoan esaterako. Normandian edo Italiako iparraldean gerratan ibili eta gero, 1808n Espainiara bialdu eben. Urte horretan bertan, 1808ko zemendian Bizkaiko gobernadore izentau eben eta kargu horri eutsi eutson 1810era arte. Zuhurtziaz gobernau eban, gehiegikeria handirik barik eta beti neurriz. Urte horreetan Bizkaian gerrilla bat atondu izan zan frantsesei aurre egiteko. Hasieran Gernikako Juntetxe Orokorrek kudeatzen eta bultzatzen eben gerrilla hori baina frantsesek berehala juntetxeak baliobakotu eta lehen nabarmendu dogunez, euren gobernadore propioa ezarri eben, Jean Jacques Avril. Kontuak kontu, bere agintaldia gogoratzearren edota bere figurea omentzearren Iturritxualde mendiari “Monte Avril” izena jarri eutsen aitatutako jeneralaren omenez. Gerrillea agintaritza barik ebilenez ahultzen joan zan frantsesen kontra gerran.
Dana ez zan polita izan frantsesakaz, izan be, okupazinoa ez zan hain positiboa izan bizkaitarrentzat. Bizkaiko behin behineko gobernu napoleonikoan euskaldunak be jarri zituen, Afrancesados izenagaz ezagutzen ziranak. Jenteak ez zituan maite frantsesek ezarri nahi eben sistema politiko liberalaren aldekoak ziralako. Gerrea amaitu eta gero afrancesados horreetako batzuk atxilotu eta epaituak izan ziran.
Bizkaitarrentzat urte horreek benetan gogorrak izan ziran, duda barik. Frantsesek gerreari aurre egiteko dirua behar eben eta horren ondorioz, presino fiskala ikaragarri handitu zan gerrearen lehenengo urte horreetan, eta dinamika hori ez zan eten. Ganera, ezin dogu ahaztu Independentzia Gerrearen aurretiko egoerea be gorabeheratsua izan zala, lehenengo Konbentzino Gerrearen eraginez (1793-95 bitartean frantsetsek Bizkaia inbadidu eben) eta handik urte batzuetara Zamakolada izeneko matxinadearen ondorioz, bizkaitarrak be diru barik geratu ziran Gernikako Juntetxeek zergak asko igon zituelako jazoero ekarri eben ekonomiaren jatsiereari aurre egiteko. Beraz, Jean Jacques Avril gobernadorea izan zaneko garaian zergak nabarmen igon zituen ordurako txarra zan egoera soziala eta ekonomikoa erabat okertuz.
Horrezaz gan, bizkaitarrek tropa napoleonikoei zaldiak, janaria eta bestelakoa eman behar eutsezan Bizkaian egon ziran bitartean. Edozelan be, Avril jeneralaren agintalia ez zan luzea izan. 1810ean Napoleonek Jean Jacques Avril kargutik kendu eban Jean Jacques Avril-i salaketa faltsu bat leporatu ostean baina enperadoreak handik gitxira bere errorea autortu eban, faltsua baitzan eta Calaiseko pasabidera bialdu eban Avril jenerala. Hurrengo urteetan frantsesak boterea eta kontrola galtzen joan ziran. Azkenean, 1813an frantsesek Gazteizko batailan galdutakoan, Bizkaiko Jaurerritik joan ziran okupazino napoleonikoa amaituz. Frantsesek gauza on bakarra ekarri eben Iberiar penintsulara. Liberalismo politikoa sistema politiko barri eta haren ezarpena eta zabalkundea. Horren eraginez, Espainian eta Bizkaian be idea liberalak eta konstituzionalak zabaldu ziran bertoko artisau, pentsalari ilustratu, merkatari eta burgesen artean. Ondorioz, 1812an Espainiako lehenengo Konstituzino liberala onartu eta aldarrikatu zan: Cadizeko Konstituzinoa eta zeozelan frantsesek Espainiatik alde egitean Estadu osoan apliketan hasi zan. Hemen be 1812tik aurrera Cadizeko Konstituzinoa ezarri zan eta argi eta garbi sistema foralari kalte egiten eutsan baina muga handiakaz izan zan eta ezarmenduak gitxi iraun eban, izan be, 1814. urtean Fernando VII.-ak (frantsesen inbasinoaren aurretiko Espainiako errege borboindarra) barriro boterea hartu eban Espainian eta hartu eban neurrietako bat izan zan urte bi lehenago onartutako Konstituzioa balio barik ixtea eta Euskal lurraldeetan foruak ezartzea, Bizkaiko Jaurerrian be bai bizkaitar askoren poztasunerako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
