Berreagako kastroa
2026-04-21 07:45 Antxinakoak GeureraDeriotik nahiko hurbil dago Berreaga tontorra.
Berreaga mendilerroan dago Berreaga mendia, Gamizmendi mendiagaz batera. Txorierri eta Mungialdea zonaldeak bereizten ditu mendi honek. Ni neu Derion bizi nazenez, sarri joaten naz mendi horretara paseoa polita baita. Normalean parke teknologikoan hasieran dagoan Zamudioko auzoa dan Geldotik igoten dot baina Berreaga mendira Artebakarratik igon daiteke edota Laukarizetik.
Deriotik ikusten dan mendi honek, Berreagak, historia bitxia eta interesgarria dauka. Orain milaka urte Burdin Aroan eta Erromatarrak heldu aurretik ezarmendu karistiar bat egoan. Ez hori bakarrik, antza danez ezarrerea, herrixkea zan, antza, eta haren inguruan harriz egindako harresi bat egoan. Horrek, duda barik, Antzin Aroan Berreagan establezimendu finko bat egoala adierazoten deusku.
Adituen ustez, K.a III. mendean ezarri ziran lehenengo biztanleak bertan, baina bere garairik oparoena K.a I. mendeatik K.o I. mendera bitartean izan zan Erromatarrak ziran Julio-Claudio familiakoak eta Flavitarrak Erromako gobenuan egozanean. Berreagakoa herrixka harresiduna zan eta segurutik Txorierri Haraneko herri garrantzitsu bat izango zan. Erromatarrak heldu aurretik kastro bat zan eta erromatarrak heldu ziranean, oppidum-a bihurtu zan. Arkeologo eta historialariek hiru zonaldetan banatu dabe ezarmendua. Lehenengoan borobil tankerako 3 etxe egozan gitxienez. Bertan zeltiberiarren garaiko zeramika zatiak topau ditue eta, beraz, horrek adierazoten deusku peninsulako beste herri batzuekaz merkataritza hartu-emonak zituela. Adituen eretxiz, Berreagakoak karistiarrak ziran eta horreek kultura zeltiberiarren eragina izango eben. Segurutik abeltzaintzatik biziko ziran baina nekazal produktuak be produziduko zituen. Inguruko herriakaz merkataritza harremanak izango zituen eta zeramika zatiek adierazoten dabe kanpotik be holako produktuak ekarriko zituela erromatarrak heldu aurretik, baita erromatarren garaian be.
Historialarien esanetan, Berreagan topautako zeramika zati batzuk zeltiberiarrak ziran, beste batzuk Berreaga kastroan bertan egindakoak, beraz, bertokoak eta erromatarren garaiko Terra Sigilata izeneko ontzi zatiak be topau ditue. Bestalde, Berreagan harresiak egozan eta, beraz, leku estrategikoa zan, neurriagaitik eta, askaso, bere balio defensiboagaitik. Bigarren zonaldean, erdikoan, indusketa gitxi egin diranez, informazio gitxi atara dabenez, uste dabe herritarren etxola gehiago egongo zirala bigarren gune horretan. Hirugarren zonaldean nekropolisa egoan. Bertan estela ugari topau ditue, gehienak prismatikoak edo diskoideak, hain zuzen be. Jakintsuen ustez Berreagan topautako estelak arraroak dira, batez be, estela horreetan eguzki sinboloak agertzen diralako.
Azken buruan, historialarien ondorioetako bat izan da Burdin Aroan biztanleak haranetan biziteari itxi eutsiela eta leku altuetara joan zirala. Mendian, gehienetan tontorretan, kastroak eregi zituen eta kastro gehienek harresidunak ziran. Holan, zeozelan, segurtasun handiagoa eben eta arerioen erasoetatik hobeto defendiduten ziran. Berreagan holako bat eregitea erabagi eben orain 2.200 bat urteko txorierritarrek eta gaur egun aztarna gitxi badago be oraindino sasoi haretako harresietan egozan harriak ikusi daitekez. Dana dala, testuan aitatu dodan legez asko dago ikertzeko aztarnategian, izan be, ikerketa lanek lagunduko deuskue hobeto ulertzen zelakoa zan sasoi haretako bizkaitar horreen bizimodua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
