Bolada txarretan langileak gogor mobilizetan hasi ziran
2026-04-07 07:40 Antxinakoak Geurera1962ko greba orokorra Bizkaian.
Frankismo garaian, 60ko hamarkadearen hasieran Euskal Herri osoan greba indartsuak egin ziren, baita Bizkaian be. Asturiasen be greba eta lan-ixte handiak egin zituen, batez be, meatzaritza sektorean. Kontuak kontu, Asturiasen hasi zan grebarik indartsuena 1962ko apirilean. Bizkaian, barriz, handik hilebetera; maiatzean, Estaduak Salbuespen Egoera ezarri eta horrek animoak epeldu edo hoztu egin zituan. Dana dala, Bizkaiko 132 enpresatan gorabehera handiak izan ziran eta horreetan guztietan 35.000 langile inguruk parte hartu eben. Beraz, apiriletik maiatzera bitartean Bizkaian be greba ugari egin ziran eta gai hau ikertu dabenek kalkulau dabe Bizkaian langileen mobilizazino horreen eraginez 3.933.860 bat ordu galdu zirala. Greba horiek ondorio ugari ekarri eben. Alde batetik enpresa askotan soldatearen igoerea izan zan, leku guztietan bardin emon ez bazan be, soldatak bere horretan mantentzearen neurriagaz amaitu baitzan. Bestetik, greba honek Estadu mailan eta Bizkaian be bai mobimentu sindikalaren hazkundea eragin eban. Enpresa eta lantegi ugaritan langileen komisinoak sortu zituen errejimen frankistan debekatuta egozan arren. Horreek enreseagaz negoziau eben zuzenean, baita El Sindicato izeneko plataforma frankisteagaz be. Sindikatoa errejimen frankistako plataforma edo erakundea izanik lan kontuez arduratzen zan, horrezaz arduratzen zan bakarra, frankistek kudeatu eta kontroletan ebena.
1962ko greba orokor horretan ikasleek be batu eta parte hartu eben eta abadeek langileei lagundu eutsen. Azken horreek HOAC eta JOC erakundeetan gutun baten bidez adierazo eta aldarrikatu eben soldaten igoerea beharrezkoa zala, baita askatasun sindikala eta greba egiteko eskubidea be. Greba honen ostean beste aldaketa batzuk etorri ziran, esate baterako, prentsearen zabalkundea, grebaren ganeko legislazinoaren aldaketea, Langile eta enpresarien kontseiluen eraketea, soldaten igoerea (30-60 pezeta gehiago)...
Bizkaian apirilean eta maiatzeko langile-mobimentuen aurretik, 1962ko urtarrilean, Baskoniako langileak tailerrean protesta baketsua egiten hasi ziran lan baldintza hobeak eskatzeko, Brazos Caidos moduko salaketak eginez. Eguerdirako lantegiko 4.000 langileek protestan segidu eta hitzarmen kolektiboa eskatu eben. Enpresak gogor erantzun eta zehaztu eban eban handik pare bat egunera lanpostura bueltetan ez baziran kaleratu egingo zituela. Erabagi horren erantzuna izan zan langileen konzentrazinoa eta manifestazinoa Basauritik eta horretan poliziak ez eban esku hartu. Handik hiru egunetara langileak lanera bueltau ziran baina erabagi eben produkzinoan erritmoa bajatutea, hau da, ahalegin txikiagoa egitea. La Naval edo Babcock-Wilcox lantegi handietan be astiroago lan egiteko erabagia hartu eben, beraz, langileak mobilizetan eta neurriak hartzen hasi ziran.
Zezeilean zehar holako neurriak hartu zituen lantegi eta enpresa askotan; lan-etenaldiak, negoziazinoak enpresariakaz.... Langileak mobilizetan hasi ziran, soldatak oso bajuak ziralako. Hileko gitxieneko soldatea 100 pezetatik 140 pezetara igoteko eskatzen eben. Gehienetan enpresariek ordu extra eta primen bitartez soldatea borobilten eben, baina gobernuak onartu eban Egonkortze Plan bereziaren bitartez soldatearen osogarri horreekaz guztiakaz amaitu zan. Eta zelan ez, egoerea larriagou egin zan.
Gauzak holan dirala, apirilean egoereak eztanda egin eban eta greba orokorrari ekin eutsen. Baskoniako langileek geldialdia egin eben Asturiaseko langileei alkartasuna adierazoteko eta jakinarazo eben langileen komisinoak adosten zituan neurriak bete arte ez zirala lanera bueltauko. Handik hiru egunetara, apirilaren 30ean, La Navaleko langileek be greba egiteko deia egin eben. Enpresa horretako langileek 120-140 pezeta bitarteko soldata minimoa eskatzen eben eta langile guztiek bardin antzeko oporraldia izateko.
Errepresinoa berehala hasi zan eta langile andana atxilotu egin zituen. Horrezaz gan, polizia lantegira joan zan, La Navalera, greba egiten ebizen langileei inori ez ixteko lantegian sartzen. Ordutik aurrera greba orokortu egin zan Bizkaiko beste lantegi batzuetara eta maiatzaren 10erako grebea Bizkai osora zabaldu zan. Beharginek artoa botaten eben lantegien sarreran eta langileen protestak indartu egin ziran. Egoereak okerrera egin eban eta Gobernu frankistea ikatza kanpotik ekarten hasi zan, baina greban egozan beharginek saiakera handiak egin zituen portuetara itsantsotzien bitartez heltzen zan ikatz horri boikota egiteko. Eta egoerea ez zan hobetu ia maiatza osoan zehar.
Azkenean langileak maiatzaren amaieran lantegietara bueltetan hasi ziran. Lan-ixteak amaitzen hasi ziran eta beharginek eskatutako neurri eta aldaketa batzuk emon ziran; enpresa gehienetan soldatearen igoerak izan ziran, nahiz eta soldata horren igoerea hurrengo urtean emon zan modu nabarmenago batean (1963an), eta langile asko kaleratuak izan baziran be, beste batzuk kartzelara sartu zituen, Dana dala, grebearen presinoari esker kaleratze asko indarbakotu egin zituen eta behargin asko euren lanpostuetara bueltau ziran.
Amaitzeko, grebon bidez langileen komisinoak ugaldu eta finkatu ziran enpresarien eta langileen arteko lotura zuzena bilakatu ziralarik. Bolada txarretan langileak gogor mobilizetan hasi ziran euren lan baldintzak hobetzeko esperantzeagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
