Larrabetzuko uribildua 1376 urtean sortu zan
2026-03-24 09:02 Antxinakoak GeureraHerria egungo Berresonaga auzoan kokatzen ei zan.
Ni Larrabetzukoa naz, Goikolexeakoa, zehatz-mehatz, eta oraingoan Larrabetzu uribilduaren historia labur adierazoten saiatuko naz. Askok jakingo dozuen bezela, Larrabetzu Bizkaian dagoan uribildua da. Inguruan dagozen udalek Antzin Errejimenean eleizateak izan ziran, baina Larrabetzu uribildua izan zan.
Hasieran herria egungo Berresonaga auzoan kokatzen ei zan. Aurrerago 1.376. urtean jaio zan uribildu moduan. Valladolideko Olmedo udalerrian Larrabetzuren Fundazino legala eta juridikoa egin eta izenpetu eben. Garai hatan, Bizkaiko Jaurerriko jauna Gaztelako Juan zan eta berak emon eutsan Larrabetzuri Logroñoko Forua (Bizkaiko uribilduei emoten eutseen forua) eta uri-gutuna. Larrabetzun uribildua fundau zan, batez be, sasoi hatan egozan Bandoen Gerrako ondorioei aurre egiteko, izan be, inguruan senide nagusiek eraso asko egiten zituen Larrabetzun eta herriaren inguruan. Egia esan, bandoen gerran Larrabetzun burruka handiak egon ziran, esaterako Avendaño eta Butroien artekoak, edota hangoak edo ingurukoak ziran Lezama eta Zugastiren artekoak.
Lehen aitatutako Fundazinoa Juanek, daborduko Gaztelako erregea zanak, baieztatu eban 1381an. Handik urte batzuetara Enrique III.ak, 1393an, konfirmau eban eta azkenik, 1481ean, Errege Katolikoek be Larrabetzuren Fundazinoa berrestu edo egiaztau eben. Adan de Yarza, Sarria, Zugasti edota Goikolexea eta Basarazeko Torrea lako arma etxe batzuk ezarri ziran hasieratik. Antxina Errejimenean zehar Larrabetzuko uribilduak gobernu lokala eban eta Larrabetzun alkate sindikoa eta errejidorea egozan.
Goikolexea
Uribilduan eleiza bi dagoz. Bata Urian edo Larrabetzuko erdigunean eta bestea Goikolexeako auzoan, lehen eleizatea izan zala pentsetan dabe adituek, beraz, autonomia propioa eban. Hango biztanleak, batik bat, nekazaritzatik edo abeltzaintzatik bizi ziranak, Goikolexeako eleizan edo eleizearen aurrean alkartzen ziran euren auzo/eleizatearen inguruko erabagiak hartzeko. Goikolexeako eleizea garrantzitsua zan zin egiteko be eleizea zalako. Historiaren arabera Gaztelako errege batzuek, baita errege katolikoek be, Goikolexeako eleizan Bizkaiko Foruei zin egiten eutseen.
Aretxabalagane tontorrean kondairearen arabera han zugatz zaharra egoan. Han bizkaitarrek Bizkaiko jaunari harrerea egiten eutien, baita agurtu be kargua hartzen ebanean. Horrezaz gan, Gaztelako agintariak foruei zin egiten eutsen zugatz zahar horren aurrean. Gero, lehen esan bezela, Goikolexeara bajatuten zan barriro foruei zin egiteko eta gero gauza bera egiten eban Gernikan.
Aro Modernoan zehar Larrabetzuko Uria handitzen joan zan, hori bai, apurka-apurka. XVI. mendetik aurrera harresitik kanpo errebale txikiak eregi zituen. Esanguratsua da esangura horretan egun Larrabetzuko zonalde bati Errebale deitzen jakola. Hantxe egungo Askatasunaren Enparantza eregi eben. XVIII. mendean zehar Ikaza Jauregia eta Santa Maria de la Asuncion eleizea eregi zituen (Uriako eleizea 1.777an eregi eben). Bestalde, XVI. mendean, hau da, aurretik eregitako eraikin zaharraren gainean Anguleri eregia eben, baita XVIII. mendean barruan be.
Larrabetzu uribildua izanda foru berezia eban eta azokak atontzeko aukerea be baegoan. Abantaila komertzialak be bazituan udalerriak, beraz herriko merkatariak Urian batuko ziran segurutik. Bitxikeria lez, 1777an erromatarren garaiko txanpon iberiar batzuk topau ziralan Larrabetzun, 126 bat txanpon, hain zuzen be. Zugasti baserriko jaubeak topau zituan. Horrek adierazoten dau, erromatarren garaian Txorierritik be erromatarrak egon zirala edo behintzat erromatarrakaz hartu-emon ekonomikoak izan zituela bizkaitarrek. Dana dala, zoritxarrez txanpon horreek galdu egin dira eta inork ez daki non dagozan gaur egun.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
