Bizkaian frantsizkotarren 5 komentu eregi zituen Erdi Aroan
2025-06-18 09:11 Antxinakoak GeureraBizkaia jaurerria zanean egin zituen eraikinok.

Lehenengo Errioxako harotarrak gure lurraldeko jaunak izan ziranean eta aurrerago Gaztelako erregeak. Egia esanda, aditu askoren ustez Euskal Herriko bizilagunak izan ziran Europa mailan erlijino paganoak praktiketeari uko egin eutsen azkenetarikoak. Horrek ekarri ebana izan zan komentu erlijiosoak nahiko berandura arte ez zirala eregiten hasi baina behin hasita berehala ugaldu ziran. Hori bera jazo zan frantsizkotarren komentuakaz. Frantsizkotarren ordenaren barruan egungo Euskadiko lurraldea Frantsizkotarren Kantabriako Probintziaren barruan kokatzen zan. Euskadiko frantsizkotarren fraile-etxerik garrantzitsuena Gasteizen egoan eta historiaren arabera, Francisco de Asisek sortu eban 1214an. Frantziskotarren ordena XIII. mendean sortu eta garatzen hasi zan. Eskaleak ziranez, pobreziaren promesea egiten eben. Aberastasunak moltsotutearen kontra azaltzen ziran eta behar-beharrezkoagaz bizitea gomendatzen eben. Jakina, erliji,o katolikoaren barruan egozan.
Giro horretan, 140 bat urte aurrerago Bermeon eregi eben frantziskotarrek Bizkaiko lehenengo komentua k.o 1357. urtean. Tello de Castilla, Bizkaiko jauna, izan zan komentu horren fundatzailea. Halan da be, hasieran arazoak egon ziran, batez be Avendaño leinukoak, ganboatarrak, fundazinoaren kontra egozalako. Edozelan be, orduko Gaztelako erregeak eta Bizkaiko jaunak, Enrique III.-ak eta Bizkaiko ermandadeak fraileen alde egin eben eta, beraz, babes horreei esker fraile-etxeak aurrera jarraitu eban.
Beste alde batetik, Mujika-Butroi leinu oinaztarrak donazino edo opari ugari egin eutsozan komentuari eta famili honetako kide asko komentuan bertan lurperatuak izan ziran. Beste familia boteretsu batzuek, esaterako lazkanotarrek edo idiakeztarrek be donatibo handiak egin zituan komenturako. Bigarren komentua Izaro ugartean fundau zan 1424 eta 1442 urteen artean baina jakitunek uste dabe komentu barri hori eleiza zaharrago baten gainean egin zala. Gaur egun ezin dogu komentu hori bisitau, izan be, 1596an Drake pirataren marinelek suntsitu baitzeben.
Hirugarren fraile-etxea Abandoko eleizatean kokatuta egoan. Badakigu 1432an edo San Mamesi dedikautako baseleizea egoala han eta 1441an Diego Lopez de Anunçibayk eta Juan Sanchez de Basurtok frantsizkotarrei emon eutseela baseleiza hori. Eugenio IV. aita-santuak komentu honen fundazinoari bere oneretxia emon eutson 1446an eta baimen horri esker, San Mameseko fraile frantsizkotarrek Abandoko komentua eregi eben.
Handik urte batzuetara, 1464an urduñako udal gobernuak frantsizkotarrei harresiaren barruan egoan Santa Marina elEiza oparitu eutsen. Laugarrena izan zan; eta bosgarrena Ondarroan egoan. Santa Cruz izeneko komentua Ondarroan fundau zan XV. mendearen amaieran, 1484an, hain zuzen be. Komentu-ikastexea izan zan eta han misiolariak trebatzen ziran.
Kontuak kontu, Bizkaian eregitako frantsizkotarren komentu guztiak XIV. eta XV. mendeetan zehar egin ziran, hau da, Erdi Aroaren akaberan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!