Maila ofizialean jokatzen dabiz euskal pelotariak
2025-06-04 10:59 KirolaEuskal Pelotako Nazinoen Ligea bagilaren 6an amaituko da.

Sei egunetan zehar munduko zesta-puntako jokalaririk onenak dabiz Bizkaiko Arbolea dagoan herrian, Gernikan. Denpora luzez ofizialtasuna eskatzen ibili ondoren azkenean Nazinoarteko Euskal Pelota Federazinoak eta Euskal Pelota Federazinoak atontzen daben txapelketa ofizial batean euskal selekzinoa ikusteko aukera ederra. Gogoratu daigun aitatutako Nazinoarteko Euskal Pelotako Federazinoak 2024ko abenduaren 28an Euskadiko Euskal Pelota Federazinoa onartu ebala kide bezela eta, beraz, euskal selekzinoak ofizialki parte hartu ahal izango dau hemendik aurrera. Eta euskal selekzinoa, Gernikan dabil. Gernikako Jai Alai Frontoia, katedrala, 54 metroko luzerea dau eta ikusgarria da.
Gernikan pelotan jokatzen da 1853tik edo behintzat, herrian lehenengo frontoia orduan eregi eben. Halan da be, zorua edo behearen gaina ez zan bape ona eta XX. mendearen hasieran beste frontoi bat eregi eben. 1925ean inauguratu zan. Mateo Sainz de la Maza eta Pablo Gerrikaetxebarria proiektu honen bultzatzaile nagusiak izan ziran. Dana dala, Gerra Zibilean frontoia hondatuta geratu zan eta handik 60ko hamarkadara arte Gernikan ez zan erreferentziazko frontoirik izan.
1962an, aurreko frontoia txikitua izan zanetik urte asko pasau ostean, On Jesus Toñak, orduko alkateak, frontoi barria egiteko proposamena egin eban. Beraz, segiduan gernikarren eta ondoko herrietako herritarren laguntzea eskatu eban dirua lortzeko. Handik gitxira nahikoa diru batu eben frontoi barria egiteko. Miami Jai Alai enpreseak hartu eban proiektuaren ardurea. Gauzak holan dirala, 1963ko bagilaren 29an inaugurau eben Gernikako Jai Alai Frontoia.
Frontoiak lau angeluko itxura dau. Herriaren erdigunean dago eta sarbide bi ditu. Zesta-puntan jokatzeko frontoirik onenetarikoa da eta 54 metro inguruko luzerea izanda, benetan frontoi luzea da. Pelotak frontisean, ezkerreko horman eta errebotean jotean bote oso ona egiten dau. Egia esanda, aditu batzuen arabera munduko frontoirik onenetakoa da arlo horretan. Teilatua edo sabaia kristalezkoa da frontoia argitsua izan daiten. Barruan 2.000 bat lagun sartu daitekez eta harmailak hiru multzotan banatzen dira. Sano handia eta polita da frontoia barrutik ikusita.
Inaugurazinoa egin zanatik hamaika txapelketa jokatu izan dira Gernikako Jai Alai Frontoian baina, batez be 1991tik hona, izan be, urte horretan Gernikako zesta-puntako eskolea fundau zan eta urte horretan Munduko Txapelketea be atondu zan bertan. Urtero abuztuan nazinoarteko txapelketea egiten da (Gran Slam) eta neguan Winters Series be egiten da, ikusle asko batzen diralarik. Txapelketa horreetan zesta-puntako jokalaririk trebeenak batzen dira. Testuaren hasieran esan dogun lez egunotan Nazinoarteko Euskal Pelota Federazonoak atondutako Nazinoen Ligea dago martxan eta bertan lehenengo aldiz modu ofizialean Euskal zesta-punta selekzinoa parte hartzen dago. Beraz, bejondeiela euskal pelotariei eta gainerakoei eta ikusleok gozau daigun ikuskizun horregaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!