El Pobaleko Burdinola
2025-05-21 07:45 Antxinakoak GeureraXX. mendearen bigarren erdialdera arte iraun eban.

El Pobaleko Burdinola Muskiz udalerrian dago, El Pobal auzoan hain zuzen be. Jakina danez, Erdi Aro eta Aro Barri osoan zehar burdinolek pisu handia izan eben gure lurraldearen ekonomian. Burdinoletan, burdinagaz lan egiten zan; horreek ibaien ondoan egoten ziran eta uraren indarraren bitartez funtzinoetan eben. Europako iparraldean ez bezela, izan be, Labe Garaiek garrantzi handia eben. Ibaitik gertu eta produkzino sistema zuzenekoa zan. XVIII. mendetik aurrera burdinola gehienen produkzinoak behera egin eban, Ingalaterrak sekulako aurrerapenak egin zituan-eta. El Pobalekoa, barriz, salbuespena izan zan XX. mendearen bigarren erdialdera arte iraun ebalako, inguruko beste burdinola batzuek baino 100 urte gehiago!
El Pobeleko burdinolaren jatorriak ez dira ondo ezagutzen, baina XVI. mendearen hasierean edo XV. mendearen amaierean eregi zan, hori esaten dabe topautako dokumentuek eta Salazar familia boteretsuagaz erlazionauta dago. El Vado izeneko burdinola El Pobalekoa baino lehenago eregi eben eta uste dabe Salazarrek materialak burdinola barrira eroan zituala. Adituen arabera, lehenengo urte horreetan El Pobaleko burdinola komunidade erlijinoso batena izan zan, salbuespena izanez euskal siderurgian. Dana dan, apaizak denpora gitxi egon ziran burdinola hori kudeatzen Luis de Salazar hil ondoren, haren semeak, Juan de Salazarrek, berreskuratu eban-eta. Horrek, obrak egitea erabagi eban beste itxura bat emoteko burdinolari. 1575. urte inguruan hasi ziran obra horreekaz, besteak beste, egurrezko presea kenduz eta haren ordez harrizkoa jarriz.
XVII. mendearen hasierean burdinola osterabe mesedetako ordenaren esku geratu zan. Antza danez, Salazar eta Muñatones familiakoek Burceñako eleizako patroiak izatearen truke burdinola abadeei laga eutseen. Hori bai, Pedro de Salazarren alarguna, Geronima Angela de Velasco, Muskizera bueltau zan burdinola berreskuratzeko asmoz. Abadeek, bestalde, burdinola kudeatu bitartean hainbat barrikuntza egin zituela argudiatu eben. Gauzak holan, euren etekinak eskasak ziranez fraideek salmentan jartea erabagi eben. Halanda ze, Geronima Angela de Velascok burdinola erosi eban, 3.000 dukatu ordainduz. Handik gitxira, inguruan 2.700 zugatz baino gehiago landatzeko agindua emon eban: helburua zan egurra erregai bezela erabiltea burdinola martxan jarteko.
XVII. mendearen amaierean, Geronimaren alaba El Pobal burdinolaren jabea bihurtu zan eta horri egokitu jakon zorrak ordaintzea. Haren semeak hartu eban negozinoaren ardurea, baina, barriro be, Konbentua burdinolaren jabe geratu zan. Ikusten dogunez lehenengo bi mendeetan eleizgizonek eta Salazar familiakoek txandakatu eben burdinolaren jabetzea.
Halanda be, burdina produziduten jarraitu eban. Burdinolak askotan atal bi zituan; handia, modu gordinean edo transformauta produziduteko; eta txikia, burdina forjatzeko. El Pobalen, barriz, burdinola handia baino ez egoan, beraz forjatze lana beste leku batean egingo eben.
XVIII. mendean zehar Quadra familiak El Pobaleko burdinola kudeatu eban eta haren jabea konbertidu zan, burdinolaren garai onenea izanez. Familia hori Bizkaiko boteretsuenetakoa zan eta lur asko zituen. Adituek pentsetan dabe mende horretan zehar barrikuntzak eta aurrepenak egon zirala El Pobalen, baina produziduteko modu tradizionala ez zan aldatu. Presea aldatu eta ubidea zein tunel hidraulikoa egin zituen. Horreezaz gan, baserria be bihurtu zan. Halanda ze, etxebizitza egiteaz gan, ukuiluak eta errotea eregi ziran.
XIX. mendean sektorea gainbeherean sartu zan, arabere gehiago lehenengo Labe Garaien agerpenagaz. Kontuak kontu eta oztopoak oztopo, El Pobaleko burdinolak XX. mendearen erdialdera arte iraun eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!