Itsas Mundua Bizkaiko Jaurerrian XVI-XVIII. mendeetan
2025-02-21 07:50 Antxinakoak GeureraXVIII. mendean marinel gehien zituan herri bizkaitarra Bermeo zan.

Antxinako erregimenean arrantzeak aparteko garrantzia izan eban Bizkaian. Halanda ze, ezinbesteko sektorea zan. Bermeo edo Lekeition kofradia handiak egozan eta arrain asko arrantzau eta saltzen zituen. Arrantzaleak eta kofradiak izango dira testuaren protagonistak.
Arrantzaleen taldean itsasontzi edo txalupen jaubeak egozan, marinelak edo arrantzaleak, eta, beste alde batetik, itsasmutilak. Bajurako itsazontzi bakotxean, bi edo hiru kapitain egon eitekezan. Beste batzuetan, barriz, marinelei aloketan eutseen eta adostutakoaren ehuneko bat jasoten eben. Txalupa edo batel bi erabilten zituen: bajurako arrantzarako erabilten ziranak; eta, bigarren mailakoak. Batel handiko jaubeak kofradiako kideak ziran. Beraz, alkarte horreetako kideen arrainak kalidade ona euken; eta, sardina-saltzaileena, barriz, preminadunentzat ziran.
Kostaldeko uri eta herrien udal ordenantzetan askotan agertzen ziran sardina-saltzaileen ganeko legeak eta arauak, baita beste gremio batzuen ganekoak be. Sardinak sekulako garrantzia eben herrietan eta, halanda ze, horren inguruko arau ugari egozan udal arautegietan. Esaterako, Portugaleteko ordenantzetan 12 kapitulotan ha aitatzen da.
Marinela izateko, ikasi eta gitxienez 4 urteko esperientzia behar eben, beraz eskulan kualifikadua zan. Marinelek ikasketak egiten egozala, maisuek soldatea ordaintzen eutseen, normalean, dukat batetik lau dukatera bitartean. Hori, XVI. mendearen amaieratik XVIII. mendearen erdira arte izan zan. Ganera, ostatua eta janaria be emoten eutseen.
Marinelak maisuagaz konpromisoa hartzen ebanean, maisuak ezin eban kontratupeko marinela kaleratu; ezta marinelak beste itsasontzi batera alde egin be. Beraz, konpromisoa, biena zan. Marinela beste itsasontzi edo tripulazino batera joatekotan, kofradiak marinel horri zigor nahiko gogorra ezarten eutsen.
XVIII. mendean marinel gehien zituan herri bizkaitarra Bermeo zan. Bigarrena, Plentzia eta hirugarrena, Lekeitio.
XVI. mendetik aurrera Bizkaiko kofradiek arazo ugari izan zituen; batetik, monarkiak eskatzen eban marinel kopuru handia, izan be, estadua itsas burruketan eebilen; eta bestetik, arrantzaleen kontrako gatazkak, batez be, lortutakoaren banaketan ez ziralako ados jarten, ezta arrantzale bakotxaren dietan be.
Horreezaz gan, udalaren eta kofradiaren artean tirabirak egoten ziran arrainaren salmentearen ganean. Esangura horretan, udalerriek legeak eta ordenantzak egin zituen arrainen salmentea eta birsalmentea arautzeko, baita isunak jarteko mekanismoak jarriz be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!