Lutxanako batailea

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2025-02-05 08:07   Antxinakoak Geurera

Gerra karlistearen lehenengo urteetan, Euskal Herria eta Bizkaiko landa mundua karlisten kontrolpera pasau zan.

1836an, egungo Lutxanakoa Lehen Gerra Karlistan aparteko inportantziadun batailea izan zan. Halanda ze, Espainiako Fernando VII. erregea 1833an hil zanean gerra zibilari ekin eutsen Espainiako estaduan:  Katalunian, Aragoin eta Euskal Herrian.

Euskal Herrian karlistek botere handia izan eben. 1833tik 1840ra iraun eban gerran, Euskal Herriaren parte handi bat Karlosen aldekoen kontrolpean egon zan, uriburu eta herri handiak izan ezik. Adituen arabera, karlistek indar handia izan eben gure lurraldean, batez be, Karlos de Isidroren aldekoek esaten ebelako foruak errespeteteaz gan, erlijino katolikoaren printzipioak defendiduko zituela.

Kontuak kontu, 1833an Fernando VII. hil eta gerrea hasi zan. Bando bi sortu ziran. Batzuk, Isabel erregina egitearen alde egozan. Isabel Fernando VII.aren alabea izanik liberalen eta burgesen babesa eben. Bestalde, Karlos de Isidroren aldekoak egozan. Karlos Fernando VII.aren anaia zan eta Errejimen absolutua indarrean jarraitzearen alde egozanek babesten eben, baita eleizeak be. Horreezaz gan, milaka euskaldunen babesa eukan, izan be, oso tradizinonalak ziran eta karlistek foruak errespetauko zituela prometidu eutsen.

Beraz, gerra karlistearen lehenengo urteetan, Euskal Herria eta Bizkaiko landa mundua karlisten kontrolpera pasau zan, batez be, Zumalakarregi jeneralari esker. Halanda be, 1835eko bagilean hil ezan tiro baten ondorioz. Horren ostean, gauzak nahastau egin ziran; hori bai, karlistek gogor jarraitu eben Bizkaiko herri eta uri garrantzitsuak konkistau nahian. Halanda ze, 1836. urtean, barriro be, karlistak Bilbo bereganatzen saiatu ziran, baina Lutxana inguruan armada liberalak aurre egin eutsen ezagutzen dogun Lutxanako batailan. Abenduan izan zan, baina urrirako karlistek euren artilleria ia guztia ekarri eben Bilbo ingurura. Bitartean, Espartero jenerala haren armadeagaz Bizkaira hurreratu eta Portugaleten ezarri eben kuartel nagusia, ospitalean karlistei aurre egiteko eta Bilboko uriburua salbetako.

Karlistek egungo Banderas eta Cabras mendietan (Elorrieta eta Bilbao) gotorleku bi zituen. Isabelinoak Bilboko itsasadarreko ertz biak lotzen saiatu ziran zubiak eginez, baina asko kostau jaken, izan be, 1836an eguraldi txarraz gan, Karlistek sekulako bonbardaketak egin zituen. Dana dala, Portugaletera hornidurak, jatekoak eta soldaduak heldu ziran eta ahalegin handien ostean, itsasadarra pasetea lortu eben soldadu isabelinoek.

Horren ostean, Lutxana inguruan karlisten kontra gogor burrukau ziran eta azkenean karlistei irabazi eutsen. Holan, gabon-gauean, abenduaren 24an, Esparteroren soldaduek Banderaseko eta Cabras mendiko gotorlekuak konkistau zituen. Karlistak ausardia handiz burrukau ziran arren, Espartero bera burruka eremura hurreratu zan azken animoak emotera. Soldaduak indarbarritu ondoren, haren helburuak bete eta karlistek atzera egin behar izan eben Bilbo inguru horreetatik alde eginez.

Esparteroren tropek garaipen handia lortu eben eta abenduaren 25ean Bilbon sartu ziran bilbotar askoren pozerako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu