Maria Angeles Garai, Bizkaiko lehenengo andereñoa

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2025-01-17 09:06   Antxinakoak Geurera

1930ean Bilboko Zazpi Kaleetan jaio zan.

Maria Angeles Garai. Erretratua: Lauro Ikastolea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Emakume euskaltzalea, Bizkaian lehenengo andereñoa izan zan. Pedagogia ikasketak egin zituan eta ondoren ume txikien euskerazko irakaskuntzan sartu zan. Frankismo garaian bizi izan arren, Espainiako gobernu frankisteak euskerearen irakaskuntza eta erabilerea debekatu zituan arren, ezkutuan eta modu klandestinoan euskerearen aldeko emakume aurrerakoia izan zan. Karrerea amaitu eta gero Xabier Peña ezagutu eban eta orduantxe finkatu eta hasi zan urte askotan zehar iraun eban euren arteko hartu-emon estuak. Maria Angeles Garai 40ko hamarkadearen amaieran eta 50eko hasieran klase partikularrak emoten hasi zan, baina gaztelaniaz.

50eko hamarkadearen erdian Parisen egoala euskalduntzearen aldeko beste emakume bi ezagutu zituan: Elbira Zipitria eta Karmele Esnal. Maria Angeles Parisetik Donostiara joan eta Gipuzkoako uriburuan Elbira Zipitria andereñoak zabaldutako ikastolearen funtzionamendua zein zan ezagutu eban. Gauzak holan dirala, handik urte batera Xabier Peñagaz batera Bizkaiko lehenengo ikastolea zabaldu eta, beraz, Bizkaiko lehenengo andereñoa izan zan. Ikastolea San Nikolas eleizako katekesian edegi eben 1957ko urrian. Hasieran 3 eta 6 urte bitarteko 13 ikasle izan zituen. Hurrengo urtean umeen kopuruak gora egin eta beste andereño bat topau eben. Dena den, 1958an poliziak San Nikolaseko gelatik bota eta beste leku bat bilatu behar izan eban Maria Angeles bere kide eta ikasleakaz batera. San Nikolasetik Frantziskotarren Iralaberri komentura joan eta hantxe hasi ziran klaseak emoten. Hantxe 1959ko urtarriletik urrira arte egon ziran baina beste behin Hezkuntzako ikuskatzaile batek topau eta orduan erregimen frankistan ikastolak eta euskerearen irakaskuntzea galarazota egozanez, barriro handik bota zituen; baina ez hori bakarrik, izan be, Maria Angeles bere kideagaz batera atxilotu egin zituen.

Horrezaz gan, arazo metodologikoak be subertau jakozan Maria Angeles Garairi, izan be, klasean nahastauta egozan euskaldun zaharrak eta euskerea ondo menperatzen ebenak, euskaldun barriakaz. Maria Angelesek orduan erabagi eban umeak talde bitan banatzea; berak talde bat hartu eban eta beste andereñoak bestea. Danak olgeta edo deskantsurako tarteetan batzen ziran.

Handik aurrera ikastolako ikasgelak etxe partikularretara eroan zituen eta badaezpada noizik behin etxez aldatzen eben barriro Hezkuntzako ikustatzaileek ez harrapatzeko.

Ikasleak Bilbon bizi arren batzuk kanpoaldeko auzoetakoak ziran eta, beraz, andereño biak euren autoan etxez-etxe joaten ziran umeen bila. Garai haretan 1.500 pezetako soldatea jasoten hasi ziran baina ez eben gizarte-segurantzarik. 60ko hamarkadearen hasieran Maria Angeles Xabier Peñaren lagun bategaz ezkondu eta bi seme bi izan ebezan.

Ikastolan eskolak emoteaz gan kanpoko jarduera askotan parte hartu eban andereño bilbotarrak. Haren lagunak, Xabier Peñak sortutako irratsaioan mutikoek eta neskatilek parte hartzen eben eta 1962tik aurrera Maria Angeles udaleku euskaldunetan parte hartzen eta atontzen hasi zan. 1965ean Lehen Hezkuntzako Eskola Liburua ezarri zan nahitaezko ikastetxe eta eskola guztietan eta 1966an Maria Angelesek indar handiz eskatutakoa lortu zan azkenean. Elkano kalean lehenengo ikastolea edegi zan, Maria Resurrecion de Azkue izeneko ikastolea eta ez zan legez kanpokoa, ez horixe. Legezkoa zan. Handik gitxira, Santiago parrokiako ikastolea (1968an), Begoñazpi ikastolea (1970ean) eta Lauro ikastolea sortu ziran. Maria Angeles Garaik hainbeste bilatutako lortu zan, Bizkaian lehenengo ikastolak martxan jartea eta umeei euskerazko irakaskuntzea emotea, hain zuzen be. Emakume euskaltzaleak hurrengo urteetan eta bere bizitearen amaierara arte euskerearen aurreko konpromisoari ekin eutson eta proiektu askotan ibili zan. 2022ko martiaren 24an hil zan 92 urtegaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu