Olentzero eta esaunda bizkaitarrak
2025-01-07 09:21 Antxinakoak GeureraArrabako usoa eta Txakur baltza.
Gabonaldia joan zan eta Olentzeroren eta Bizkaikoan esaunda biren barri emongo deutsuet.
Olentzero, izatez, ikazkina ogibidez eta eta herrian saltzen eban ikatza. Txarto portetan ziran umeei ikatza emoten eutsen eta ume onei, aldiz, opariak. Kristinautasunaren etorrereagaz Olentzerok zeregin hori hartu eban; Gabon gauan bere zakua opariz beteta ekarten eban baina historialarien ustez Olentzeroren figurea edo Onentzero-rena (holan esaten jakon Euskal Herriko leku batzuetan) neguko solstizioaren hasiereagaz lotzen zan. Onentzaro berbeak aro ona esan nahi eban. Beraz, Olentzero edo Onentzaro euskal mitologiako personai be bazan, jentil erraldoia; geroago jentil kristinaaua izango dana. Kristinautasuna Euskal Herrian ezartzean bersinoa apur bat aldatu zan eta abestiaren arabera, Olentzerok berak Jesukristoren jaiotzearen barri emon eban, holan kristinautasunagaz guztiz lotzen zalarik.
Ez dakigu zehatz mehatz zein dan Olentzeroren jatorria, baina jakin badakigu egun Olentzero dala gure Gabonetako personaiarik maitatuena. Ume guztiak ilusino handiagaz egoten dira bere noiz etorriko zain. Argi dago, Gabonaldia aro magikoa da eta magia hori berbagai dogularik Bizkaiko bi kondaira bi laburtatuko ditugu hurrengo lerroetan.
Arrabako usoa
Bazan behin Markinan usoak harrapatzea asko gustetan jakon artzain gazte bat. Egun batean basoan zalarik usoak harrapetan gezi baten bidez uso bat zauritu eban. Bere bila joan eta ikusi ebanean bizirik egoala erabagi eban jaten emotea osatzeko. Handik aurrera lagun min bihurtu ziran. Orduan aitak esan eutsan usoa ez eroateko beragaz kazan joianean baina egun batean jazeru bat aitarengana hurreratu eta usoa ixteko eskatu eutsan usoak lagunduko eutselakoan kazan egiten. Aitak hasikeran ezetz esan eutsan baina tematu eta diru mordoa eskaini ostean aitak itxi eutsan kazeruari semearen usoa eroaten. Bien bitartean artzain gaztea Lekanda mendi ingurura joan zan ahuntzak jagoten.
Artzain gaztea Lekanda inguruetan ebilela ahuntzen bat harrapatu guran hatxetan laban egin, jausi eta hantxe bertan hil zan. Bere usoa handik ebilela bere jaubea hilda ikusi eta triste-triste jarri zan. Momentu horretan bedar artean endredau eta usoa be hilda jausi zan bere jaubearen gainera. Kazerua uso barik artzainaren aitaren etxera bueltau zan. Aitak ikusirik ehiztaria bakarrik heldu zala bere semearen bila joan zan. Susmo txarra eban. Handik egun batzuetara bere semea eta usoak hilda topau zituan lurrean alkarregaz eta holan lurperatu zituan, alkarregaz. Ordutik aurrera aita noraezean ibilten da basoetatik negarrari eutsi ezionik. Beste kronika batzuek dinoe usoa benetan sorgin bat zala eta Lekandako hatx bateko orban gorri bi maiteminduta egoan sorginaren odol txizti dirala.
Txakur baltza
Istorio hau Berrizen jazo zan. Berehala ezkonduko zan gazte bat herriko kanposantura joan eta lurperatzaileari jausi jakon burezurrari gazteak ostikadako bat emon eta burla egin eutsan esanez konbidauta egoala bere ezkontzara. Gau haretan, etxe ondoan jesarrita egoala txakur baltz bat agertu eta asko bildurtu zan txakurra ikustean. Amari kontau eta gomendau eutsan herriko abadearengana joateko. Abadeak esan eutsan ezkontza egunean gonbidatuei janaria emon aurretik mahai azpian egongo zan txakur baltz hari janaria emoteko eta ezkontza egunean gazteak hori egin eban. Bazkaria amaitzean gazteak txakurrari begiratu eta txakurrak esan eutsan ondo egin ebala jaten emoten bestela hil egingo zala, izan be, jaubearen zaintzailea zanez bere burezurragaz egin ebanagaitik mendekua hartuko ebala autortu eutsan. Handik aurrera esaten dabe txakurrak euren jaubeen zaindariak dirala hilda egon arren euren gorpuaren ondoan dagozala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!