Arrolako asentamentua
2024-12-18 10:09 Antxinakoak GeureraBizkai erdian dagoan kastroa.
Erromatarrak heldu baino lehenago Forua lako civitasa edo Tribisburu asentamentu/nekropolia eregi baino lehenago sasoi haretako bizkaitarrek, karistiar tribukoek, Arrolako kastroa eregi Eben; eta hantxe bizi izan ziran erromatarrak heldu aurretik. Asentamentu hau egungo Gastiburu tontor-lerroan kokatzen da. Arrola mendiko tontorrean ikusi daitekez K.a IV. mendean gitxi gorabehera karistiarrek eregitako kastro edo oppidumaren aztarnak. Aztarnak, berez, nahiko eskasak dira.
Historialari askoren ustez, Euskal Autonomi Erkidegoko Burdin Aroko kokalekurik garrantzitsuena da Arrola edo Maruelezakoa eta ondoen konserbau dana be bai. Oppidumak zortzi hektarea inguruko hedadurea dau, gitxienez, eta kastro zaharrak lurrez eta harriz egindako harresi lodia eban. Duda barik, erromatarrak etorri baino lehenago Arrolako oppiduma kokaleku garrantzitsua zan inguru edo zonalde haretan.
Kastroari be deitzen jako Marueleza eta jakitunek uste dabe izen hori Maruren eleiza izenetik datorrela han eleiza bat baitago. Maru berbeak Mari esan gura eban; euskal mitologiako jainkosarik garrantzitsuena zana. Handik 800 bat metrotara Gastiburuko santutegia dago. Pentsetan dabe Arrola asentamentuko gune erlijiosoa zala, izan be, leku hau beti lotu izan da akelarreakaz eta sorginkeriakaz, baita euskal mitologiako beste siniskeria eta erritualakaz be. Segurutik, Arrolako biztanleak horra hurreratuko ziran euren siniskerien inguruko erritualak egiten. Gune beraren kokapenak zein hango azpiegiturearenak adierazoten deusku ez zirala eregi edozein tokitan, kontuan hartu zirala argia nondik urten eta sartzen zan, izan be, orduko gizakiek uste eben urtaroek nekazaritzan eragina ebela eta zeozelan euren errituakaz eguraldia moldatu ahal zala. Sasoi haretako Arrolako gizon-emakumeek natureagaz hain lotuta dagozan nekazal jardueretan eragin nahiko eben erritual horreen bidez.
Bestalde, argi dago herri honetan aristokrazia talde boteretsua bizi izan zala eta inguruko lurraldeak gobernetan zituala. Han eregitako harresi horreek eta holako kokalekueak horixe aditzera emoten deusku. Orduko buruzagiek argi eben herria defendidu behar zala eta horretarako hormatzarra egin eben, inportantzia handiko gunea zanez, arerioekandik babestu behar zalako. Eta lehen esan dogun bezela, holako azpiegitura egin izanak adierazoten deusku lan hori guztia atondu eban aristokrazia local horrek bere kontrolpean nahikoa baliabide ekonomiko zituala. Arrolako oppiduma Bizkaiko kokaleku garrantzitsuenetakoa izango zan Burdin Aroan, bai ikuspuntu politikoa, erlijiosoa edota ekonomikoa ogoan hartuta.
Kalkuluen arabera, Arrolan 400 biztanle inguru bizi izan ziran, gitxi batzuk agintariak, bertoko aristokraziako elite militarra; beste batzuk erlijino arloko buruzagiak eta honeek boterea nahiko eben, gizartea oro har oso fededuna zalako. Gainontzekoak abeltzainak, nekazariak eta artisauak izango ziran.
Jentea asentamentu honetan bizi izan zan K.o. IV. mendean eregi zanetik K.o I. mendera arte, harik eta erabat abandonau zan arte. Dana dala, segurutik erromatarrak heldu ziranean Arrolako gizon eta emakumeak kastroan biziteari itxi eutsen.
Illuntzarreko mendian topautako erromatarren kanpamentu militarrak aditzera emoten deusku italiarrek zeozelako presinoa egin eutsela arrolatarrei hormatzarraren barruan biziten ixteko eta, gauzak holan dirala, handik hamarkada batzuetara, Erromatar garaian bete-betean Arrolako biztanleek kastroa baztertu eta kostaldean edo ibai ertzetan eregitako asentamentuetara joan ziran biziten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!