Bermeo herriaren hasierea

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2024-11-19 09:59   Antxinakoak Geurera

Bermeo Bizkaiko uriburu be izan zan 1476tik 1602ra bitartean.

Bermeo kostaldean dagoan herri bizkaitarra da, Busturialdeko eskualdean kokatzen da, eta Gernikagaz batera eskualdeko uriburua da. Dana dala, Gernikan eskualdeko eremu judizialeko egoitzea dago. Gauzak horrela, hurrengo lerroetan Bermeo herriaren hasierearen ganeko kontuak jorratuko doguz.

Jakin badakigu Bermeon, edo behintzat, egungo Bermeo udalerriaren inguruetan erromatarren garaian herrixka edo azentamentu bat egon zala: Tribisburu. Hau Sollube mendian eta toki estrategiko batean egoan; handik kostaldea ikusten zalako eta Oka ibaiaren ertz biak be bai (egungo Busturia, Mundaka, Sukarrieta, Forua edo Gernika herriak). Adituen arabera Tribisburun nekropolis erromatar bat egoan.

Erromatarrek Foruan civitas bat eregi eben eben eta segurutik Bermeon be portua egongo zan erromatarren garaian. Bermeoko portuan erromatarren sasoiko txanponak topau dira eta erromatarrek euren itsasontziak beteko zituen Inperioko beste leku batzuetara baliabideak eta produktuak (burdina, arraina eta bestelakoak) bialtzeko.

K.o. V. mendean erromatarren inperioa desagertu eta Erdi Aroa hasi zan. Erdi Aroko lehenengo garaiari Goi Erdi Aroa deitzen deutsagu. Aro honetan aurkikuntza arkeologiko gitxi topau dira, horregaitik historialari askok aro honi garai iluna deitzen deutse. Nik neuk pentsetan dot erromatarrek kontrola galdu eta gero k.o V.mendean bermeotarrek orduko herrixkan biziten jarraituko ebela, benetako froga arkeologikorik topau ez dan arren. Oro har, Bizkaian gauza gitxi topau dira eta dokumentu eskasetan zehaztutakoaren arabera, k.o VIII. mendean Bizkaia lurralde independentea zan eta, beraz, bizkaitarren esku egoan lurraldea. Ez dakigu zehatz mehatz zein izango zan urte horreetako Bermeo herriaren egoerea orduko Bizkaian. Jakitunen eretxiz, X. mendean Bizkaia Nafarroako Erreinuaren eraginpean egoan eta, akaso, Bermeon edo Gernikan; Nafarroaren izenean jauntxo edo merinoren bat biziko zan eta handik gobernauko eban, Durangon jazo zan legez. Segurutik, mende batzuk aurrerago dokumentuetan agertuko ziran Juntetxeak. Herritarren ordezkariek arauak eta legeak egiteko, baita neurriak hartzeko aukerea be izango eben eta jauntxo edo jaun nagusiagaz boterea alkarbanatzeko aukerea.

K.o XI. mendean Bermeo berbea agertzen da lehen aldiz. Iñigo Ezkerrak, Bizkaiko lehenengo jaunak, donazino bat egin eban eta bertan agertu zan lehenengo aldiz Bermeo berbea, Vermeio. Horretan adierazoten zan Bizkaiko jaunak San Juan de la Peña monasterioari San Juan de Gaztelugatxeko onibar eta ondasun batzuk emon eutsozala 1051n eta handik urte batzuetara, 1053an, 1082an eta 1093an; Iñigo jaunaren semearen eskutik, beste donazino batzuetan be agertzen da Bermeo herriaren izena.

Fundau aurretik, Bermeo dagoeneko herri nahiko garrantzitsua zan. Donazio horreetan guztietan nekazaritzeagaz zerikusia daben ondasunak agertzen dira: lurrak, baratzeak, sagarrondoak edota errotak. Horren eraginez, pentsau geinke sasoi haretan Bermeon nekazaritzeak indar handiko jarduerea zala. XII. mendean ez da Bermeo agiri dokumentuetan, baina bai XIII. mendean, izan be, mende horretan Bizkaiko jaunak, Haroko Diego Lopez II-ak, Bermeoko Uribildua fundau eta Logroñoko forua emon eutson.

Handik aurrera Bermeok gero eta indar handiagoa izan eban, gune ekonomiko eta politiko inportantea zala gogoan harturta, Bizkaiko uriburu be izan zan 1476tik 1602ra bitartean. Ezinbesteko arrantza portua izan zan Erdi Arotik aurrera, baita 1317an Ingalaterrako erregeagaz nazinoarteko hitzarmena be sinatu eben Bermeoko agintariek, Bizkaiko Jaurerriko ordezkarien babesari esker. Bermeotarrek Ingalaterrako erregeari gutun bat bialdu eutsen ziurtatzeko eurek eta Bizkaiko uri batek be ez eutsela ingelesei eraso egin euren itsasontziakaz. Gutun haretan bizkaitarrek ingelesei adiskidetasuna eskaini eutsen. Bermeotarrek adierazo eben eurek eta gainontzeko bizkaitarrek be ez zituela gaztelauen legeak bete behar, eta beste eremu juridiko batekoak ziranez ez ebela zerikusirik Gaztelako personaka. Ondorioz, bermeotarrek Ingalaterrako Eduardo II.ari jakinarazo eutsen errege ha momentu haretan Gaztelaniako jenteagaz eta erreinuagaz gerran egon arren, Bizkaiko jente eta portuakaz merkataritza hartu-emonei eutsi ehar eutseela Bizkaia beste lurralde bat zalako. Dokumentu hori adierazgarria da benetan. 1602an Bermeok Bizkaiko uriburua izateari itxi eutson, baina uri garrantzitsua izaten jarraitu eban Jaurerrian. Dana dala, Aro Modernotik aurrera Busturialdeko uri honetan jazotakoa beste batean aztertuko dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu