Jose Antonio Aguirre, lehenengo lehendakaria
2024-11-05 08:36 Antxinakoak GeureraMundu abertzalean XX. mendeko persona ospetsuena eta eraginkorrena izan zan.
Errepublika garaiko eta Guerra Zibileko bolada gorabeheratsu horretako protagonistetako bat izan zan gure lurraldean, segurutik XX. mendeko politikari euskaldun ospetsuena eta erabagigarriena.
Jose Antonio Aguirre Lecube Bilbon jaio zan 1904an. Familia aberats eta katoliko batean hazi eta berehala Euzko Alderdi Jeltzalean afiliau zan, 1921ean, hain zuzen be. Jose Antoniok 17 urte baino ez zituan orduan. Ondoren, Getxon zinegotzia izan zan eta Errepublikea proklamau zanean aste gitxi batzuetan zehar Getxoko alkate be izentau eben. Politikan bere lehenengo urratsak emoten zituan bitartean Athletic futbol taldean be jokatu eban. Talde bizkaitarrean 11 partidu ofizial jokatu eta gol batzuk be sartu zituan. Errege Kopa bat eta Bizkaiko txapelketea be irabazi zituan talde txurigorriagaz. Garai honetan bere aitaren enpresan be lan egin eban; Cho-Bil izeneko enpresan. Enpresa familiarra zan eta txokolatea egiten eben. Jose Antonioren aita hil ostean lehendakaria izango zanak enpresearen gidaritzea hartu eban.
Getxoko alkatea izan zan 1931n Errepublikaren hasikereagaz batera, baina denpora gitxi emon eban karguan. Dana dala, gero eta indar gehiago hartzen joan zan bere alderdiren barruan, hau da, Euzko Alderdi Jeltzalean. Agirrek nabarmen lagundu eban Euskadirako eta Nafarroarako lehenengo eta gero hiru herrialdeetarako Estatutua aurrera atarateko. Azkenean, 1933ko erreferendumean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek hiru herrialdeetarako autonomia-estatutu barriaren inguruan botoa emon eta baiezkoa izan zan nagusi. Estatutu horrek hiru herrialdeei autonomia nahikoa emoten eutsen, baina 1936ko urrira arte ez zan martxan jarri. Eta urte haretako gararrilean aktibau zan Francisco Franko jeneralak Errepublikearen kontrako estatu kolpea emon ostean eta Guda Zibila behin hasita.
Orain ez dogu luze jorratuko Gerra Zibilaren ingurukoak aztertu izan doguzalako eta zelan ez, aurrerantzean be artikulu gehiago egingo doguz gai horretaz.
Labur esateko, urriaren 1ean Madrilgo Kongresuan Euskal Estatutua onartu zan, eta hilebete horretan bertan, urriaren 7an, Jose Antonio Aguirre Gernikan lehendakari izentau Eben, historiako lehenengo lehendakaria, aurretik euskal probintziak maila politikoan ez ziralako batera egon. Handik gitxira Aguirre lehendakariak gobernu berezia osotu eban egoera oso larria zalako. Rta, beraz, gobernu barrian egozan jeltzaleak, alderdi sozialistakoak, komunistak, Union Republicanako errepublikazaleak, abertzaleak baina ezkertiarrak ziran ANV-koak eta anarkistak be bai. Gobernu hau gudea hasita egoala sortu zan eta indar guztiak jarri ziran frankistei aurre egiteko. Euskadi isolatuta egonda berehala erdi-independentea zan erkidego autonomo bihurtu zan. Estatutuaren arabera, Euskadi Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia herrialdeek osotzen eben erkidego barria zan, baina Agirrek agintea hartu ebanean frankistek dagoeneko Araba eta Gipuzkoa euren kontrolpean eben, beraz Bizkaira mugatu zan Euzko Jaurlaritzearen kontrol gunea. Halan da be, Agirrek zuzentzen eban Eusko Jaurlaritzeak autonomia zabala izan eban iraun eban denporan. Polizia propioa (ertzaintzea) sortu eta sistema judizial propioa be eratu zan. Osasungintzan eta Hezkuntza autonomia osoa izan eben (EHko unibersidadea martxan jarri zan hilebete horreetan), Ogasunaren kontrol osoa izan eben, eta pasaporteak eta txanpon propioak egin zituen Euzko Jaurlaritzako kideek. Atzerriko beste herrialde batzuekaz hartu-emon zuzenak izan zituen, esaterako Erresuma Batuagaz, Frantziagaz edo Sobiet Batasunagaz. Eta Euzko gudarostea be sortu zan, euskal armadea frankistei aurre egiteko. Euskal armada horrek 40.000 soldadu izan zituan. Aguirre bera euskal armada horren buru izan zan azkenengo txanpan.
Zoritxarrez, Frankoren tropak 1937ko bagilean, Gernikako bonbardaketak izan eta hile bi aurrerago, Bilbon sartu ziran euskaldunen defensak apurtu eta gero (Burdin Hesia). Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako kideek Enkarterrira joan behar izan eben, Turtziozera hain zuzen be. Aguirre lehendakariak handik gobernetan jarraitu eban, baina handik gitxira barriro alde egin behar izan eban frankisten tropak gerturatzean. Aguirre handik Bartzelonara joan zan eta gero Guda Zibila behin amaituta eta Franko boterean egonda erbestera joan behar izan eban Eusko Jaurlaritzako kide danakaz batera. Bartzelonatik Parisera joan zan, gero Alemaniara eta horren ostea Hego Amerikara. Handik Estadu Batuetara joan eta Nueva Yorken bizi izan zan. Han bere alderdiko veste kide batzuk bezela saiatu zan Estadu Batuetako agintariakana hurreratzen amerikarrek frankoren kontra egiteko esperantzan baina alperreko ahalegina izan zan. Frankok boterean jarraitu eban. Orduan Agirre Parisera bueltau eta bere burrukeagaz jarraitu eban. Bera izan zan esaterako 1947an eta 1951n Bizkaian industria sektorean izandako greben bultzatzaileetako bat.
Azkenean 20 urte baino gehiago buruna eta leku batetik bestera alde egiten emon eta gero bihotzekoak jota hil zan Parisen. Lehen esan dogun legez, mundu abertzalean XX. mendean egon zan personaiarik ospetsuena eta eraginkorrena izan zan Jose Antonio Aguirre, Euskadiko lehenengo lehendakaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!