Nondik dator Arrigorriaga herriaren izena?
2024-10-17 11:03 Antxinakoak GeureraIX. mendera egin beharko dogu salto.
Ez dakigu ziurtasun osoz Jaun Zuria (Lope Fortun) benetan existidu zanik, eta arabere gitxiago bizkaitarren lehenengo jauna izan zan ala ez. Halanda be, Lope Garcia de Salazarren edota Pedro de Barcelos portugaldarren arabera, Bizkaiko etorkizuna jokoan egon zan IX. mendearen bigarren erdialdean izandako batailearen ondorioz (880. urte inguruan).
Gaur egungo historiagileen arabera, Jaun Zuria kondaira bateko personaia baino ez da. Halanda ze, ez ditue agintari horren aztarna arkeologikorik topau, ezta dokumentu historikoetan aitamenik be. Baina esan behar da ahoz aho zabaldutako kondairatan errealidade historiko bat dagoala eta arrazoi horregaitik istorio hau gogoratuko dogu.
IX. mendean Bizkaia lurralde autonomoa eta subiranoa izan arren, Asturiaseko erreinuaren eraginpean egoan. Garaiko kronika batzuek adierazo ebenez, Asturiaseko erregeak Bizkaiko jauntxoei urtero zerga berezi bat eskatzen eutsen. Beraz, urtero, bizkaitarrek Leoneko agintariei hiru etxe-abere emon behar eutsiezan Asturiaseko Erreinuagaz zituen menpekotasuna adierazoteko: behia, zaldi zuria eta idia. 880. urte inguruan, Leongo tropak bizkaian sartu ziran herrialdea beregatzeko asmoagaz. Inbazinoan, soldaduak Leongo erregearen semearen gidaritzapean Bakioraino heldu ei ziran.
Ondorioz, bizkaitarrek Asturiaseko tropei aurre egitea erabagi eben. Horretarako, Lope Fotun (Jaun Zuria) aukeratu eben. Ondokoa da personaiaren historia: Eskoziako erregearen alabea Mundakara heldu eta umedun geratu zan. Umea, Bustuarian bizi izan zan 22 urteak bete arte. Bizkaiko Jauna izentau baino lehen, tropa bizkaitarren buruzuagi izan zan Arrigorriako batailan. Beraz, kondairearen arabera, Asturiaseko eta Leongo tropak bizkaitarrakaz egin eben topo egungo Arrigorriagan.
Burrukea benetan gogorra izan zan, soldadu asko hil ziran bertan, horreen artean, kanpotarren tropen buruzagia, Alfonso III.aren semea, Ordoño. Bizkaitarren aldetik, barriz, Durangoko jauna be hil zan, Sancho Astegis. Bataileak aurrera egin ahala, bizkaitarrek garaipena lortu eben eta Leondarrek iges egin arren, atzetik joan ziran. Igesaldi horretan, leondar asko akabau zituen bizkaitarrek. Luyandoko Malato zugatzeraino heldu ziran, bertan garaipena ospatuz. Durangoko jaunaren heriotzearen ondorioz, Lope Fortun izentau eben Bizkaiko Jaun.
Kondairearen arabera, bizkaitarrek independentzia osoa lortu eben bataila horren ostean eta hildakoen odolagaitik leku horri Arrigorriaga izena jarri jakon, hango harriak hildakoen eta zaurituen odolez busti zirelako. Jaun Zuria Durangoko jaunaren alabeagaz ezkondu zan eta durangarrek Foruak lortu zituen, baita Enkarterriko lurraldeak be. Jaun Zuria hil ostean, bere semeak hartu eban kargua, Munio Lopezek.
Ez dakigu segurtasun osoz Jaun Zuria benetan existidu zan ala ez. Arrigorriagako batailea be ez dakigu zinez jazo zan, baina segurutik jazoera historiko batzuetan oinarrituta egongo dira kontu biak. Halanda ze, jakin badakigu, IX. mendean Bizkaiko kostaldera iparraldetik etorri zirala Eskozia inguruan ezarritako bikingoak, eta hemen razziak egin zirala. Beharbada, loturea izango dabe jazoera biek. Bestalde, Arrigorriagako batailea ez dago inon dokumentauta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!