Eskaleak eta alperrak Bizkaian (II)
2024-09-04 08:29 Antxinakoak Geurera1793tik 1832ra bitartean, instituzinoen ikuspuntutik.
Egindako lanari jarraipena emon nahian, Bizkaiko Jaurerriko eskale eta txiroen egoerearen barri emongo dogu oraingoan, baina kasu honetan 1793tik 1832ra bitarteko garaiaren ingurukoa. Denpora tarte horretan guda eta matxinada ugari egon ziran geure lurraldean, eskale eta txiroen konpuruak gora eginez. Instituzinoek istilu guztien aurrean neurriak hartu zituen: 1793an, frantziarren aurkako gudaren aurrean Bizkaiko Jaurerriko korrejidoreak erabagi eban eskale eta txiroak erreklutetea Espainiako armadarako. Bitartean Jaurerriko jauntxoak eta agintariak urduritzen hasi ziran egoera ezegonkorraren ondorioz. Aldundiak, korrejidoreak bezela, eskaleak harrapatzeko agindua emon eutsen konpainiako kideei.
Prozedurea erraza zan; itxura susmagarria ebenei, datuak eskatu eta erantzuna ez bazan oso sinisgarria, Bilboko espetxean sartzen zituen. Frantziatik txiro asko etorri zan eta agintariek harturiko jarrerea oso gogorra izan zan. Konbenzino gudaren ostean gauzak ez ziran asko hobetu eta neurriak zorrotzak izaten jarraitu eben, baina ikusi zan erabagi horreek ez zirala oso eraginkorrak izan marjinatuen kopuruak ez ebalako behera egin. Gerrak txirotasuna ekarri eban, ezinbestean txiroen kopurua hazten lagunduz.
Jaurerriak, sindikoen bitartez, dekretu ugari bultzatu zituan txirotasunari aurre egiteko. Neurri horreek, batez be, hainbat eleizatetan biztanleen eskaeren ondorioz bultzatuak izan ziran. Dena dala, Aldundiaren erantzuna ez zan baikorra izan sindikoetantzako eta Jaurerriko biztanle gehienentzako, izan be, Aldundiak ez zituan dekretuak onartu. Halanda ze, 1768an, 1772an eta 1778an onartutako disposizino eta arauak indarrean egozala aitatu eban. Gogorarazo behar dogu arau bizkaitarraren arabera, bertoko justiziak edo epaileak kanpoko txiroak herritik bota behar zituen 8 egunen buruan eta holan ez bazan, 50 dukaduko isuna jarriko eutsen Aldundiak epaileei.
1799an korrejidoreak, beste behin, zirkularra bialdu eban hainbat herritara txiroak ziranak edo marjinatuak izateko susmagarriak ziranak ejerzitu errealerako harrapatuak izan behar zirala gogorarazoteko. Hor bueltan, Jaurerriko Arautegi kriminala aurkeztu zan. Arautegi horren helburua lapurretak murriztea zan. Bestelako urtenbideen artean aitatzekoak dira, esaterako, prozezu kriminalen epeak murriztea, sententziak apelau barik gelditzen zirala edota epaituak Filipinetara edo Puerto Ricora bialtzea. Handik gitxira, Zamakoladea hasi zan eta aurrerago Independentzia Guda; horreek marjinatuen egoerea nahastau eta horreen kopurua areagotzen lagundu eben: 1803an inoiz egindako alper edota marjinatuen erreklutatze handiena egin zan. Baina azkenean Koroaren ahaleginak 40 alper baino ezin izan zituan batu.
1812an Napoleonen tropek Bizkaia itxi eben eta Aldundiak barriro lurraldearen kontrola bereganatu eta dekretuak onartzen jarraitu eban, lerro bera jarraituz. Aldaketa bi gertatu ziran 1820tik 1830ra bitarteko arautegi horreetan: bat, 1825ekoan fokoa ijitoengan jarten zan; bi, Mikeleteek, Aldundiko polizia foraleko kideek, saiatu behar eben harrapatzen. Bestalde, garai horretako beste urtenbide bat, zerga barriak sortzea izan zan.
Halan da be, ondorio bezela esango geunke XVIII. mendearen erdialdetik aurrera XIX. mendearen lehenengo zatira arte bai Koroak (Bizkaian Gaztelako legeak apliketan ziran korrejidoreak aginduta) bai Aldundiak lege eta arau ugari atara eta onartu zituala marjinatu, alper eta eskaleen aurka egiteko eta egoerea hobetzeko, baina, aplikatu ostean emoitzak ez ziran izan esperotakoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!