Ziortza-Bolibar, Lea-Artibaiko herria

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2024-08-19 08:51   Antxinakoak Geurera

420 bat biztanle eta lau auzo ditu: Bolibar, Arta, Zeinka-Zearregi eta Zenarruza.

Ziortza-Bolibar Bizkaiko udalerri independentea da, 2005. urtetik. Historia luzea eta zaharra dauen herria, Markina-Xemeineko auzo bat izan zan 1969tik aurrera. Beraz, frankismoaren amaieratik XXI. mendearen hasierara arte, eleizatea Markinaren menpe egon zan. Dana dala, hasieratik, Ziortza-Bolibarreko auzokideak alkartu eta herri independentea bihurtzeko mobimendu sozialari ekin eutsien. Halanda ze, 2004an, helburua lortu eben, hau da, udalerria barriro bilakatzea.

Ziortza-Bolibar Oiz mendiaren alboan dagoan Bizkaiko udalerri txikia da. 420 bat biztanle eta lau auzo ditu. Bolibar da auzo handiena eta udaletxea bertan dago. Beste hiru auzo ditu udalerriak: Arta, Zeinka-Zearregi eta Zenarruza. Azken auzo horretan Zenarruzako monastegi edo kolegiata zaharra dago.

Udalerriko eraikin zaharrena da, izan be, dokumentuen arabera Zenarruzako monastegia X. mendean eregi zan. Zenarruzako Kolegiata izenagaz be ezagutzen da. Historian zehar ibilbide jakobeoko leku garrantzitsua izan zan eta inguruko noble eta jauntxoak bertan alkartzen ziran. Azken horreek, diru nahiko jarri eben bertan dagozen eraikin guztiak egiteko; eleizea, klaustroa eta harriz egindako ateak. Erdi Aroan monastegia bidegurutze bat zan eta erromes asko pasetan ziran. Arestian aitatu bezala, oraindik erabiltzen dan elizea dau bertan, klaustro bat eta baita ate dotore bi be. Ate batek mendebaldera begiratzen dau, eta besteak, barriz, ekialdera. Dauela mende batzuk ospitale bi egoazan erromesentzako, baina jausi edo hautsi egin dira. Halanda be, horreetako bat barritu dabe eta orain ostatu bezala erabiltzen da.

Udalerria famatua da Simon Bolibar Venezuelako jeneralaren arbasoak bertan bizi izan ziralako, halanda ze, udalerriko auzo populatuenari izena emoten deutso. Adituen ustez, Simon Bolivarrek, Hegoamerikako kolonien salbatzailea eta askatzailea izan zan eta garrantzi handia izan eban Espainiako Inperioaren mende egoazan amerikarrek independentzia lortzeko. Bere arbasoetako bat, Simon de Bolivar Zaharra izenekoa, egungo Ziortza-Bolibar herrian bizi eta handik Ameriketara joan zan. Askatzailea baino bost belaunaldi lehenago bizi izan zan, baina historiagileen ustetan Simon de Bolibar Zaharra Markinan jaio izan zan. Hori bai, bere gurasoak eta arbasoak Ziortza-Bolibarrekoak ziran.

Herrian Simon Bolibarri buruzko museo bat bisita daiteke, baita horren omenez egindako monumentua be, Bolibar auzoaren erdigunean. Horren harira, Venezuelako gobernuaren aginduz Simon Bolibar jeneralaren estatua egin zan 1927an eta herrian jarri eben. Bolibarren jauregia be bertan dago, XVI. mendean eregi zana. Horreezaz gan, herriko plazaren izena Simon Bolibar da.

Beraz, benetan iraganera salto bat egin nahi izanez gero, gomendatzen deutsuet Lea-Artibaiko herrira joatea, merezi dau eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu