Eskaleak eta alperrak Bizkaian (I)
2024-08-05 10:20 Antxinakoak Geurera1700etik 1793ra bitartean, instituzinoen ikuspuntutik.
Bizkaiko Jaurerrian, leku guztietan bezela, txiroak, eskaleak eta lapurrak egozan eta Gobernuak neurriak hartu behar izan zituan egoerea hobetzeko. Halanda ze, XVIII. mendeko Bizkaian egoan marjinazinoaren gorabeherak aztertuko doguz, batez be administrazinoaren ikuspuntutik. Egia esanda, Bizkaiko Juntetxe Orokorrak eta Aldundiak eskaletasunari aurre egiteko urtenbide eta lege foral ugari onartu eta bultzau zituan. Jakina, Espainiako legislazinoa be aplikau eben; baina modu apalagoan.
Adituek, eskaletasunari jagokonez, XVIII. mendea hiru arotan banatzen dabe: 1700etik 1726ra bitartean; 1726tik 1765ra; eta, 1766tik 1786-1793ra.
Lehenengo aroan, Juntetxeetako dokumentuetan, ijito berbea agertzen zan behin eta barriz. Halanda be, agintari foralek ijitoei ez eutseen zigor gogorrik jarten egiten zituen lapurketakaitik. Epaiketen ostean, epaileek beti adierazoten eben ijitoek min handia eregiten eutsela gizarteari. Bestalde, garai horretan, ez egoan polizia foralik eta lurraldea babesteko, agintariek behin eta barriro eskatzen eutseen laguntzinoa herritarrei. Normalean, auzokideen lana ez zan oso eraginkorra izaten, 1711ko dekretuaren arabera. Horrezaz gan, dekretu horrek, Durangaldeko auzokideek ez ebela nahikoa lagundu edo kooperau eskaleak harrapatzeko aitatzen eban. Arazoa, herritarrek ordaindu behar ebela eskaleen manutenzinoa zan.
Jan-edanen aldetik, urte oparoa izan zan; nekazariek uzta onak hartu zituen eta, beraz, egoera politikoak eragin eban ezegonkortasun sozial handiena. Eremu politikoan XVIII. mendearen hasierean nabarmenak dira Monarkia espaniarrean jazotako Ondorengotza gerrea eta 1718ko Matxinadea, euskal aduanak kendu ostean izandakoa.
Gatazka horreen ondorioz, Aldundiko agintariak neurri zorrotzagoak hartu zituan eskale eta lapurren kontra egiteko, baita korrijidoreek be. Azken horreek askotan lapur, eskale eta marjinatuen aurkako auziak epaitzen zituen. Isla eta Buedo korrejidoreek kasurako, (1718ko matxinadearen osteko korrejidoreak) argi jakinazo eutseen herriko alkateei ez ixteko eskaleak euren herrietan sartzen. Halanda be, 1720ko hamarkadan Jaurerriko ospitaleak eskale eta alper askoren bizitokia ziran eta administrazinorako arazo bihurtu zan. Bestalde, biztanle kopuruak gora egin eban hazkunde ekonomikoaren ondorioz, baina ez egoan lanik danentzat.
1726tik aurrera egoerea lasaitzen hasi zan, batez be, azken matxinadako ondorioak arindu ziranean eta Monarkiak matxinadan parte hartutako asko indultau ondoren. Garai horretan hazkunde demografikoak goranzko jokereari euste eutson baina industria eta merkataritza sektoreak hazi egin ziran. Dana dala, atzerritarrak gero eta gehiago etorten ziran lurraldera 1748ko Juntetxe Orokorreko Batzarrean zehaztu zan moduan.
Urte horretan bertan, 1748an, Juntetxeek arau baten bitartez, atzerritarrentzako limosnak kendu eta diru edo laguntza hori bertoko txiroei emotea erabagi eben. Hurrengo urteetan, 1757an hain zuzen be, Monarkiak be Dekretu errealak onartu zituan atzerritarrentzako limosnak kentzeko eta marjinatuek eleizetan eskaintzen zan limosnea baino ezin eben eskuratu.
1760ko hamarkadatik aurrera gauzak okertzen joan ziran eta Aldundiak neurriak hartzen hasi zan; esaterako, 1765ean arau baten bitartez, Bizkaiko Aldundiak debekatzen eban uri eta herrietatik urrun tabernak jartea bide nagusien ondoan.
XVIII. mendearen bigarren zatitik aurrera txiro eta eskaleen kopuruak gora egin eban eta 1765etik 1786ra dekretu asko aurrera atara eta martxan jarri ziran, 16 zehatz mehatz egoera sozialari aurre egiteko. Neurri horreek desertoreak kontroletako eta limosnak debekatzeko jarri ziran, izan be, txiroak eta eskaleak erakarten zituan.
1778tik aurrera Colon de Larreategi Korrejidorea saiatu zan neurriak hartzen egoerea hobetzeko. Gizonak, idea ilustratuak zituan; sistema liberala ezarriz eta txarto bizi ziranen bizitzea hobetzeko neurriak bultzatuz. Karidadearen Juntetxea sortzen saiatu zan, baina Juntetxe Orokorrak ez eban araurik sortu instituzino soziala martxan jarteko. Monarkiak eta haren Gobernuak be ez eben legislazino zehatz nahikorik sortu hori bideratzeko.
Hori bai, Bilboko Miserikordia Etxea sortu zan eta ondorioz, eraikinak be sortu ziran Balmasedan eta Orduñan. Halanda be, zentro horreen arazoa finantziazino eskasa izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!