Artxandako funikularraren historia
2024-07-18 11:06 Antxinakoak Geurera1915. urtean inagurau eben.
Bilboko ikuspegiakaz disfrutetako Artxanda baino leku hoberik ez dago, baita Aste Nagusiko su artifizialak ikusteko be. Egunero uria bisitetan daben ehunka bisitari Artxandatik pasetan dira ikuspegi zoragarriak eta argazkiak atarateko. Bertan, Gerra Zibileko euskal gudarien eta Frankoren tropen arteko bataila gogorarazoteko monumentu bat dago. Funikularreko goiko geltokiaren ondoan, balkoia dago eta funikularraren inguruan be jatetxe ospetsu pare bat. Eguzkia egiten dauenean jente ugari egoten da batez be polikiroldegiaren ondoko jatetxeko terrazean.
Funikularra da Artxandako ikonoa: 1915ean inagurau eben, Lehen Mundu Gerra hasita egoanean. Dana dala, Artxandako funikularra egin baino lehenago beste proiektu batzuk egon ziran. XX. mendearen hasieran trenbide laburra egitea pentsau eben, baina beste ibilbide bategaz. Oraintsu, Euskotrenek kudeatzen dau.
1912. urtean, Igeldoko funikularra estrenau eben eta eregi eban enpreseari, Artxandakoa egiteko enkargua egin jakon. Holan, Igeldoko funikularreko bultzatzaile batek, Evaristo San Martinek hain zuzen be, proiektua aurkeztu eban Bilboko eta Begoñako Udaletan, izan be, ondino herri independentea zan. Obrak, segiduan hasi ziran, garaiko teknika onenak erabiliz. Lanak egiteko, Suitzako enpresa bat kontratau eben, Société des Usines de Louis de Rol izenekoa. 1915eko urriaren 7an inagurau eben eta garaiko kroniken arabera, 2.800 bidai-txartel saldu ziran.
Urteak pasau ahala eta uri kutsatutik iges egin eta natureaz disfrutetako, funikularra gero eta gehiago erabilten zan. Gerra Zibilaren hasieran, bonba bat bota eben geltokira eta suntsituta geratu zan. 40. hamarkadatik aurrera, gerra amaitu ostean, martxan jarri eben barriro be, bilbotarrek uritik urten eta arnasa hartzeko. Urtero, miloe bat personek hartzen eben funikularra eta sistemea ondo egoan, beraz, jaubeek ez eben inbersinorik egin azpiegiturak hobetzeko.
Halanda ze, 1976. urtean, funikularrak jasandako istripu larriena jazo zan: langileak, kable nagusiaren egoera txarraz jaubetu eta jaubeek aldatzea erabagi eben. Lanak egiten ebizen bitartean, txirrindolea apurtu eta eusten eban kotxea-bagoia kontrol barik jausten hasi zan; zazpi langiletatik seik, salto egitea lortu eben, baina azkenak ez, talka eginez behean egoan kotxeagaz. Zorionez, ez zan hil eta denpora batera, osatu egin zan.
Horren ostean, funikularreko kotxe biak desegin eta zerbitzua bertan behera geratu zan 1983ra arte. Urte horretan, CAF enpreseak egindako kotxe bi jarri eta sistemea modernizau egin zan. Gaur egun, kotxe horrek erabilten jarraitzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!