Pico Ramos, Muskizeko ezarmendu arkeologikoa

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2024-07-01 13:31   Antxinakoak Geurera

Meatzaldeko kobazuloa hildakoak ortzituteko erabili eben.

Pico Ramoseko ezarmendu arkeologikoari buruzkoak jorratuko doguz. Bizkaiko Muskiz herrian 13 unidade estratigrafiko dagoz, gitxi batzuek informazino arkeologiko baliogarria emon deuskuen arren.

Buruhazur zati ugari topau ditue, hori bai, oso txikituak. Ondoen konserbau diran gorputz atalak hortzak eta haginak izan dira. Bestalde, hazur zatiak kontuan hartuta, adituek ondorioztatu dabe leku hau nekropolisa edo behintzat hildakoak lurperatzeko lekua izan zala. Picos Ramosen ez ziran gorpuak lurperatzen zuloa egin baino lehen, izan be, lurrazalean jarten zituen oroigarri batzuekaz, gorpuak estali barik. Urteen eta luizien poderioz gorpuak harriz estali ziran, halanda ze naturearen eraginez.

Beste alde batetik, aztarnategian pieza liturgikoak topau dira, ugari ganera; zeramika zatiak, metalikoak, hazurrezkoak eta malakologikoak hain zuzen be. Dana dala, Kobeagako ezarmendu arkeologikoan bezela, Pico de Ramosen be arreo gitxi topau dira.

Muskizeko hatxuloko aztarna gehienak Kalkolito garaikoak dira, gitxi gorabehera k.a hirugarren milaurtekoak. Ziurtasun osoz Meatzaldeko kobazuloa hildakoak ortzituteko erabili eben eta handik ez oso urrun bizi ziran. Aztarna asko topau ez arren, uste dabe garai horretan Kalkolitoan Pico Ramoseko biztanleak ehizatik biziko zirala, lantzak eta geziak ikusi diralako, baina frutea batzen be ibiliko ziran, baita modu intensiboan nekazaritzea be. Arrantzea be praktikau eben.

Bestalde, lehen esan dogun moduan metalezko pieza gitxi topau dira. Adituek uste dabe aro haretako buruzagiak edo boteretsuak hilten ziranean metalezko arreoak jarriko eutseela euren hilobian edo gorpuen ondoan. Metalezko pieza horreek akaso beste herri eta zonalde batzuetatik eroan eben. Moluskuakaz egindako lepokoak be topau dira. Historiagileek uste dabe itsaskiak jaten zituela, baita barazkiak be.

Guztira, silexeko 61 pieza eta kristalezko beste hamar pieza topau dira, danak aztarnetegiko hirugarren mailan. Baita 29 lantza, 12 brintza eta 15 gezi punta be. Halanda be, adituen ustetan nekropoli bat izateko arreo gitxi dagoz.

Dana dala, Neolitiko garaiko mikrolito geometriko ugari dagoz, bat eginez inguruko dolmen megalitikoko tresnakaz. Argi eta garbi Neolitoan eta gero Kalkolitoan Bizkaian herrixka ugari egozan. Gizon eta emakume batzuk aire zabalean bizi ziran eta gehienak, hau da, dauela 5.000 urteko bizkaitarrak, kazeruak ziran.

Komunidade batzuk hatxuloetan bizi arren, Pico Ramos hildakoak lurperatzeko erabili eben. Hori bai, historiako momenturen batean bertan personak bizi ziran, izan be, silexez egindako piezak topau ditue. Adituen ustez, nahiz eta silexeko piezak beste maila estratigrafiko batean egon, urteen poderioz mobidu ziran sedimenduen ereginez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu