Lemoizeko zentral nuklear polemikoa

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2024-06-17 13:13   Antxinakoak Geurera

Ez zan inoiz martxan jarri danon onerako.

Lemoizeko Zentral Nuklearra. Argazkia: Irekia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Lemoiz herri bizkaitarrean zentral nuklear bat eregi eben 70eko hamarkadan zehar, baina jentearen jarrera ausart eta kontrakoari esker, ETAk egindako atentaduak eta mehatxuak medio, ez zan inoiz martxan jarri geure onerako.

XX. mendearen erdialdetik aurrera Europan eta Estadu Batuetan Zentral nuklearrak egiten hasi ziran barra-barra. Uranio erregaia erabilten da zentral nuklearretan eta energia asko produziduteko metodorik erabiliena bihurtu zan. Espainiak menpekotasun energetiko handia izan dau historian zehar, beraz, Frankok bere agintaldian 41 zentral nuklear inguru eregiteko agindua emon eban, baita Lemoizekoa be.

Obrak 1971ko zemendian hasi ziran Iberduero eta Hidroelectrica Española konpainia elektrikoak Jose Maria Lopez de Letona Industria Ministroari helarazo eutsienean euren borondatea zentral nuklearraren obrak hasteko. Kontuak kontu, 1972an erreaktore biak eregiten hasi ziran. Talde nuklear horrek 930 megabatio zituan: 1976an martxan jarri behar zan energía sortzeko Lemoiz I ; eta Lemoiz II, barriz, 1977an.

Dana dala, hasierean aitatu dodan bezela, jentea guztiz kontra egoan eta manifestazino asko egin ziran 70eko hamarkadatik aurrera egitasmoa bertan behera ixteko. ETA, guztiz inplikau zan eta hainbat atentadu egin zituan Iberdueroren instalazinoetan. Talde armatuak 1978an lehenengo bonbea lehertarazo eban zentral nuklearrean. Horren ondorioz, zentral nuklearreko langile bi hil ziran eta bonbearen eztandeak kalte egin eutson azpiegitureari, prozesua atzeratuz. Horrezaz gan, Jose Maria Ryan Estrada injinerua bahitu eta hil egin eben 1981ean. Horren ostean, Angel Pascual Mujica, zentral nuklearreko ondorengo injineru nagusia be akabau eben 1982an.

Manifestazino ugari egin ziran, esaterako, 1977an Bilbon egin zana, 200.000 persona alkartuz. Urte horreetan be oso modan jarri zan pegatina antinuklearra: Nuklearrik? ez, eskerrik asko leloa ebana.

Apurka-apurka zentral nuklearra martxan jartearen idea indarra galtzen joan zan. Azkenean, 1984. urtean, Madrilgo Gobernu sozialisteak luzamendu edo moratoria nuklearra dekretau eban, eta handik aurrera martxan egozan erreaktoreak eta eraikinak abandonauta itxi ziran. 2019an Eusko Jaurlaritzeak zentral osoa eta lur-sail guztiak berenganatu arren, oraindino ez dakigu zer egingo dan lur eremu horreetan, akaso, arrain-haztegi bat baina zentral nuklearrik ez, inondik inora.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu