Villaño Bizkaiko lursaila Burgosen

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2024-05-31 08:54   Antxinakoak Geurera

Legearen arabera, Urduñaren parte da.

Lurralde honen izena da La Cerca de Villaño. Valle de Losa (Burgos) herriaz inguratuta dago eta arlo oso txikia da. Neurri zehatzik ez dauen arren, oraindino eztabaidatzen dabiz zeintzuk diran lursail txiki horren mugak, adituen ustez hektarea erdira be ez da heltzen bere azalerea.

Lursail bizkaitar honen jatorriak aztertuta, adituek adierazo dabe XVI. mendean Gaztelako Komunidadeen Gerraren testuinguruan orduko enperadore espainiarrak, Carlos I-ak, erregalutzat emon eutsola Urduñako Udalari uriak gerra horretan emon eban laguntzeagaitik. XVIII. mendetik aurrera eta 1950. urtera arte dokumentuetan agiri danez, Urduñako alkatea eta udaleko beste kide batzuk lursal honetara etorten ziran eta mugarri guztietatik pasetan ziran jai giroan Urduñako lurraldea zala ospatzeko.

Adituen eretxiz, Urduñako agintariei interesetan jaken uritik kanpo lursail bat kontroletea Gaztelatik etozen merkantziak aztertu eta jagoteko, holan uriak eta udalak onurak izango zitualako. Enperadore espainiarrak Urduñako uriari La Cerca de Villaño izena emon eutsonetik lursail horretan mugarriak ezarri zituen baina XX. mendera arte ez zan gai hau serio hartu. Urteen porasuz mugarri batzuk desagertu egin dira eta horren ondorioz gaur egun dudak dira nagusi lurralde honen neurriari buruz.

Lur eremu mugatu honetan bitxikeriak be baegozan, izan be, maila juridikoan XVI. mendetik aurrera Bizkaiko Jaurerriko lurra zanez, Bizkaiko Foruaren barruan egoan. Hori dala eta, inguruko gazte asko, bizkatarrak ez ziran Burgoseko eta Gaztelako beste zonalde batzuetako emakumeak La Cerca de Villañora joaten ziran umea eukiten: emaginaren etxean, gaztelaniaz La casa partera-n eukiten zituen emakumeek euren semeak Bizkaian jaio zirala probetako eta holan, esaterako, soldaduskarik ez eben egiten. Esangura horretan, Bizkaiko Jaurerriak Foru propioak zituan, legislazino propioa eta honen arabera Bizkaiko gizonek eta emakumeek ez eben Gaztelako Erresumeak atontzen eban soldaduskarik egin behar. Gaztelako gazteak soldaduskea nahitaez egin behar eben eta bizkaitar gazteek, barriz, ez.

Egun Urduñako Udalak ez deutse jaramon handirik eiten kontu honeei guztiei. Akaso bihar-etziko Urigintza Plan Orokorrean sartuko dabe eta holan prozesua hasiko da, baina momentuz ez da aurreikusten lursail txiki hau erabat bizkaitarra izateko lehenengo pausuak emongo diranik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu