Bilboko saskibaloi taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2024-05-17 08:10   Antxinakoak Geurera

Bilbao Basket eta horren aintzindariak.

Azken urteotan aparteko garrantzia eta jarraitzaile ugari batu dituan taldeaz berba egingo dogu: Bilbao Basket Kirol Taldeari buruz hain zuzen be. Bilbao Basket Bizkaiko saskibaloi talde handiena da, eta esango neuke inoiz Bizkaian egon dan saskibaloi talde handiena. Bilbao Basket 2.000. urtean sortu zan; halanda ze, Bilbon saskibaloi talde indartsuak egon ziran horren aurretik.

Bilbao Basket sortu baino lehenago, uriko hiru saskibaloi taldek Espainiako Lehenengo Mailan jokatu eben. Horreetako bat, Aguilas taldea da, 1951an sortu eta 1981ean desagertu zan; 14 denporaldi ibili zan maila gorenean Bartzelona, Joventut edo Real Madril talde indartsuen kontra lehiatzen. 1968tik 1974ra bitartean, barriz, lehenengo mailan KAS Bilbao taldea be ibili zan; berez, Gasteizen sortutakoa, baina 1968an Bilbora mobidu ziran.

Aguilas taldea desagertu eta urte bi aurrerago, 1984an, La Casillako Pabilioian be jokatuko eban talde bilbotar ezaguna sortu zan: Caja Bilbao. Talde horrek, denpora gitxiago iraun eban elitean; 1994an diru arazoakaitik desagertu zan. Denpora tarte horretan, maila altuenari eutsi eutson. Bien bitartean, 1986an Bilboko Errege Kopako finalerdietara heldu ziran, baina final laurenetan Real Madrid talde poteretsuari irabazi ostean (89-84), finalerdietan galdu eban Joventut-en kontra (102-91).

Beraz, 1994an Caja Bilbao desagertu eta uria barriz be erreferentziako saskibaloi talde barik geratu zan. Dana dala, 2000. urtean, Bilbao Basket Taldea sortu eta La Casilla Pabilioian jokatzen hasi zan. Egun, barriz, Bilbao Arenan jokatzen dabe; 2010etik, hain zuzen be.

Lehenengo urteetan kategoria bajuetan egon eta gero, 2003-2004 denporaldian ACB-ra igotea lortu eban. Ordutik, ACB-n jokatu izan dau 2018-2019 denporaldian izan ezik, bigarren mailara bajau zan eta.

Bilbao Basket Taldea zazpi aldiz egon da ACB ligako playoff-etan, 2009-2010 denporaldian bigarren geratuz; Espainiako Kopan birritan finalerdietara heldu eta Europan 2008tik 2010era bitartean Eurocup-eko finalerdi bietara heldu eta gero, 2012-2013 denporaldian Eurocup-eko finalean sartu zan, baina Lokomotiv Kub-anen kontra galdu eban; 2011-12 denporaldian, barriz, Europa mailako txapelketa gorenean jokatu eban Bilboko taldeak, Euroligan hain zuzen be, final laurenetara helduz.

Horreezaz gan, urtero Euskadiko Saskibaloi Federazinoak atontzen dauen Euskal Kopea irabazi dau lau aldiz. Normalean, Baskonia talde gasteiztarraren kontra lehiatzen da finalean.

Kontuak kontu, Bilboko eta Bizkaiko kirolzaleek futbolean Athletic taldea babesten daben moduan, saskibaloian be talde erreferentea da Bilbao Basket.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu