Bizkaia bisigodoen garaian
2024-05-03 08:02 Antxinakoak GeureraK.o. V. eta VIII. mendeen artean.
Gauza gitxi dakigu Bizkaiko egoereari buruz bisigodoen garaian, eta erromatarrakaz gauza bera jazoten jaku. Arkeologiak egoera iluna argitzen lagundu deuskun arren, oraindino ikertzeko asko dago. Historialari gehienek adierazoten daben lez, erromatarrak egungo Bizkaira heldu ziran, hau da, orduko autrigoien eta karistiarren lurraldeak bereganatu zituen K.a II. mendean. Hori bai, erromatarrek, orduko euskaldunen ohiturak, legeak (zuzenbide propioa), eta hizkuntzea errespetau zituen eta seguruenik bizkaitarrek autonomiari eutsien Inperioaren barruan.
Gogorarazo behar dogu erromatarrek Bizkaian kaltzada eta eraikin publiko gitxi eregi zituela, halanda ze, euren interesa nahiko eskasa izan zan lurraldean. Hori bai, Foruan, Urdaibai barrenean, erromatarrek civitas (uri erromatar) txikia eregi eben. Bidekurutze estrategikoan egoan eta bertan erromatarren eta garaiko bizkaitarren ohiturak eta bizimodua nahastau ziran. Ezkerraldean be egon ei ziran erromatarrak burdina ustiatzen.
Erromatar inperioa amaitu ondoren, bisigodoak, ekialdetik etorritako tribu germaniarra, iberiar peninsulan sartu eta egungo Espainian eta Portugalen ezarri ziran. Bisigodoek, neurri handi batean, erromatarren legeak apliketan jarraitu eben eta italiarren antolamendu sozialari eta politikoari eusten saiatu ziran. V. mendearen amaierean sartu ziran, eta VI. mendearen lehenengo laurenean egungo Galizian egoan Sueboen erreinua suntsitu eta bereganatu eben peninsula ia osoa euren kontrolpean geratuz, euskal lurraldeak izan ezik.
Bisigodoek hainbat espedizino atondu zituen baskoien kontra lurraldeak konkistetako. Dana dala, ez eben lortu euskal lurraldeak guztiz bereganatzea eta bertan ezartzea. Leovigildo, Recadero, Gundemaro, Sisebuto, Suintila, Wamba, eta Rodrigo (azken errege bisigodoa) erregeak baskoien kontra burrukatu ziran, baina toponimiak argitzen dauen legez, egungo Euskal Herrian ez ziran ezarri denpora luzez, ez behintzat kostaldean (Bizkaian eta Gipuzkoan). Esangura horretan, Gaztelan jatorri bisigodoa daben herri askoren izenak agertzen dira; Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan gertatzen ez dana.
Bestalde, errege bisigodoek domuit vascones esaldia askotan adierazo eben, hau da, baskoiak menperatu doguz. Horrek adierazoten dau denpora guztian euren kontra burrukatu arren ez ebela lortu baskoien lurralde guztiak bereganatzea. Ganera, jakin badakigu esaldi hori ez zala guztiz egia. Errege bisigodoek eraso puntualak egiten zituen baskoien lurralde jakin batzuetan, agintari baskoiak menperatuz, baina ez lurralde osoa.
Eta Bizkaian, gitxiago. Bizkaia, Arabako eta Nafarroako erromatar kaltzadetatik urrun egoanez bisigodoak gitxitan hurreratzen ziran. Segurutik Bizkaian bertoko agintariek botere osoa izango eben, baina adituen ustez, garai horretan, K.o. V-VIII mende bitartean, Bizkaia ez zan erakunde administratibo bakarra eta agintariak euren herria eta herri haretako inguruen jaube baino ez ziran izango.
Bisigodoak urrun egozan. Halanda be, Bizkaian bisigodoen aztarna batzuk topau dira. Lau dira nagusiak: Mañariako pitxer liturgikoa, Urduñako tremisa (bisigodoen txanpona), Abrisketako hilarriak (horren jatorriaren inguruan zalantza ugari dagozan arren), eta Urkiolako Antonio Sainduen zutabea. Horren gainean be, duda asko dagoz eta ezin da baieztatu bisigodoek edegi ebenik.
Adituen arabera, aurkikuntza gitxi horreek, ez ditue ondorioztatzen bisigodoak Bizkaian ezarri ziranik. Halanda ze, orduko jauntxoek lurraldea kontrolau eben.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!