40 urte aurrerago, barriro be Errege Kopako txapeldun!
2024-04-16 12:26 Antxinakoak GeureraApirilaren 6a egun historikoa izan zan.
Apirilaren 6a egun historikoa izan zan, izan be, sano maite dogun Athletic Club-ek Errege Kopea irabazi eban. 40 urte pasau dira Javier Clemente entrenatzaileak eta bere jokalariek Ligea eta Kopea irabazi ebezanetik. Urte asko izan dira, eta jenteak gogo handiz ospatu dau. Eguenean, gabarrearen egunean, Bilboko itsasadarrak athleticzalez beteta egon ziran Portugalete eta Getxotik Bilboko udaletxeraino. Ikaragarria izan zan, 40 urteko irudiak errepetidu baitziran. Hori bai, Athetic taldeagaz atxikimendua eta maitasuna asko aldatu ez diran arren, gizartea eta ingurua asko aldatu dira.
1984an, Athleticek Liga eta Errege Kopa irabazi zituanean, Bizkaian aldaketa handiak emoten bizi genduzan eta 80ko hamarkadako urteak nahiko gogorrak izan ziran bizkaitarrentzako. Gogorarazo behar dogu 1983an uriol handiak egon zirala Bizkaian eta Bilboko itsasadar inguruetan, momentu larriak biziz 1983ko abuztuko egun horreetan. Horrezaz gan, Bizkaiko langabezia tasea asko igon zan 80ko urteetan, batik bat, gazteen artean Labe Garaietako eta orokorrean lantegi askotako langileak kaleratuak izan ziralako, industria-birmoldaketa garaian hain zuzen be.
Aldaketa horreek guztiak Felipe Gonzalezen gobernu espainiarrak bultzatu zituan. Bestalde, itsasadarra ezbardina zan, baita haren inguruko paisajea be. Itsasadarretako ezkerreko aldea laba garaiz eta lantegi ugariz beteta egoan eta horrek ikuspegi industrial izugarria emoten eutson. Lantegiek isuritzen eben likido eta produktu kutsagarrien ondorioz ibaia oso zikin egoan. Halanda ze, ibaiaren egoera penagarri horrek ez zituan athletizaleak desanimau eta milaka zalek urten eben kalera gabarrea ikustera eta lorpen handi hori ospatzera.
Ordutik, gauzak goitik behera aldatu ziran; itsasadarraren inguruan egozan lantegi kopuruak behera egin dau, Bilboren itxureak hobera eginez. Ura be garbiago dago, duda barik, 40 urte pasatu ostean, industria-birmoldaketea egin eta gero; metroa eta Guggenheim Museoa eregi ostean eta iraultza teknologiko handia emon eta gero, 40 urte geroago athleticzaleek barriro be Athleticeko jokalariak gabarran ikusi ahal izan ditue irabazitako Kopea ospatzen.
84ko jokalariek eroien kamiseta bera jarri eben egungo jokalariek, izan be, orain 40 urteko ospakizunaren berezitasunak imitau nahi izan ditue nostalgia puntu bat emoteko eta belaunaldi bien arteko zubia egiteko asmoagaz.
Ea beste 40 urte itxaron behar ez dogun Athletic osterabere txapeldun ikusteko, baita gabarrearen ospakizunagaz gozetako be!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!