Bilbo, 1.300. urtea baino lehen

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2024-03-26 08:25   Antxinakoak Geurera

Diego Lopez V. de Harok Bilbo fundau eban 1.300. urtean.

Erretratua: Bilbaopedia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Diego Lopez V. de Harok Bilbo fundau eban 1300. urtean eta urte horretan bertan maila juridikoan Bilbo uria jaio zan. Gauzak holan dirala, uriak bere pribilegioak eta foruak jaso zituan, baina fundau aurretik Bilbo ezarmendu bezela existiduten zan, gitxienez mende bat lehenagotik eta orain ikusiko dogun lez bere inguruetan historiaurretik gizon eta emakumeak bizi izan dira milazak urteetan zehar.

Artxandatik Ganguren mendira bitartean 5 trikuharri topau dira. Trikuharriak topau izanak adierazoten dau Neolito eta Kalkolito garaian (Brontze Aroan be bai) euskaldunak bizi izan zirala mendi eta mendi-magal horreetan, izan be, neolito garain bizi ziran biztanleentzako trikuharriak heriotzeagaz zerikusia eben harriz egindako egitura handiak ziran eta adituek pentsetan dabe hantxe, lur azpian, hildakoak lurperatzen zituela eta holakoetan aizkora punta zatiak, lantzen puntak, lepokoak edota mikrolito geometrikoak be topau izan dira.

Pagasarrin ez da dolmenik edo trikuharririk topau, baina material litiko ugari bai, hau da, material honegaz egindako hainbat tresna, berbarako punta foliazeoak. Akaso, zonalde honetan trikuharri gitxiago topau dira Pagasarriko zonaldean ez zalako hainbeste gorpu lurperatzen eta eremu hori, batez be, jarduera ekonomiko eta sozialetarako erabilten zalako, edota hildakoak beste modu batean lurperatzen zituelakoo. Pagasarri menditik hur dagoan kobazulo batean orain dala milaka urteko bizkaitar baten garezurra topau dabe, eta horrek adierazo leike han be hildakoak lurperatzen zirala. Kontua da, silex materialagaz egindako makina bat tresna topau dala Pagasarriko magalean, Artxanda inguruan baino gehiago.

Historialari askok uste dabe Kalkolitoaren amaieran eta Brontze Garaiaren hasieran abelazkuntza eta nekazaritzea zabaldu zirala egungo Bilbo ingurutik eta horrek zeozelako hazkunde demografikoa ekarri ebala. Horregaitik, nekropoli horreek egiteko beharra izan eben orduko biztanleek.

Ondoren, erromatarrak heldu baino lehen; k.a. lehenengo milaurtekoaren erdialdetik aurrera egungo Malmasin mendian, gaur egungo Bilbo uritik oso gertu, kastro bat eregi eben orduko bizkaitarrek; Malmasin mendiko goikaldean, hain zuzen be. Hantxe egitura defensiboak topau dira, baita gorpuak erreteko nekropoli bat be. Historialariek uste dabe kastro honetan autrigoiak bizi zirala, zeltiberiarrak, hain zuzen be. Mungian be, Berreaga mendian, zeramika eta hatu metalikoak topau ditue kultura zeltiberiarrekoak. Malmasineko kastroko etxeak egurrezkoak ziran eta lastoz eta bustinez estaltzen zituen. Orduko Bizkaiko biztanleek nekazaritzea ezagutzen eben, izan be, Malmasinen errota zahar baten aztanak be agertu dira dabe. Dana dala, segurutik orduko personek abelazkuntzeari inportantzia handiagoa emoten eutsien.

San Martin de Finagako baseleizan (Basauri) erromatar garaiko estela pare bat agertu arren, erromatarren presentzia ziurtatzen daben aztarna gitxi dira. Finagan, Galdakaon, Zaratamon eta Abrisketan (Bilbotik hur) be erromatar garaiko estelak topau egin dabe; baina informazio gitxi atara dabe aztarna horreetatik. Finagan uste da erromatar garaiko nekropolis bat egon zala.

Finagan be, Goi Erdi Aroko, hau da, V. eta X. mende bitarteko garaiko aztarnak agertu dira, hortxe bertan hobi bi eta horreetan lantza puntak, ajuarra, brontzezko eraztunak eta bestelakoak. Erromatarren hobietan ez bezela, hobi horreetan hildakoen ondoan material ugari topau da eta horrek adierazoten du hileta-erritualak zirela eta aldatu egin zirala denboreaen porasuz. Adituen arabera, Finagako ajuarrak eta aztarnak ikusirik ondoriztatu daiteke inguru honetako jenteak hartu-emon gehiago zituala Piriniotako jenteagaz (Baskoiak ziaen nafatarrakaz eta egungo Iparraldeko Gaskoiakaz) bisigodoakaz baino.

XI. eta XII. mendeetara salto eginez, aldaketa ugari egon ziran Erdi Aroko mende horreetan. Alde batetik, XI. mendean Bizkaia eta Bilbo bera Nafarroako Erreinuaren orbitan geratu ziran. Bestetik, ugaldu egin ziran eraikin eklesiastikoak eta horrek zeozelan aditzera emoten dau Bizkaian be Eleizeak indar handia hartu eta zeozelako feudalizazinoa emon zala. Horrezaz gan, XI. eta XII. mendeetan lehenengo jaun bizkaitar historikoak agertu ziran eta horregaz batera herri eta urien zabalkundea eta lehenengo fundazinoak. Beraz, Europan gizarte gehienak Feudalismoan egozan birtartean, Bizkaiko guneotan birpopulaketa prozezu bat emon zan, ekonomia berpiztu egin zan, batez be, nekazaritza eta merkataritzea, eta horren ondorioz Bilbo inguruko populazinoak gora egin eban. Ondorioz, gaur egungo Bilboko eremuan ezarmendu finko bat agertu zan, eta segurutik XI. eta XII. mendeetan zehar Bilbon lehenengo etxeak eregiten hasi ziran; ibaiaren ondoan eta ordurako sortuta egoan Begoña herriaren aldamenean. Handik mende batera Don Diego Lopez de Harok, leinuko bosgarrenak eta Bizkaiko jauna zanak Bilbo fundau ebanerako uria garatzen hasia zan, ze hamarkada batzuk lehenago hasi baitzan hazkunde ekonomiko eta demografikoa zonaldean eta horrek ekarri eban Bilbo uriaren jaiotzea eta haren eboluzinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu