Korrika, 44 urte dituan euskerearen aldeko lasterketa erraldoia
2024-03-15 13:14 Antxinakoak GeureraIrunen hasi eta Baionan amaituko da 23. Korrika, AEK-k atondutako lasterketa handia.
Hamar egunetan euskaltzaleek euskereari babesa eta bultzadea emon guran gau eta egun korrika egiten dabe gelditu barik. Mezua barruan daroan lekukoa esku batetik bestera pasetan da eta bi mila kilometrotik gora egin eta gero helmugara helduko da. Helmugan AEK-ko kide batek jentearen aurrean irakurten dau. Holan egin izan da ekitaldi guztietan.
Urte birik behin egiten dan ekitaldia 1980an egin zan lehenengo aldiz, udagoienaren amaieran. Sasoi haretan transizinoaren amaieran egoan euskal gizartea eta lehenengo Eusko Jaurlaritzea osotzen egozan. Transizinoaren osteko lehenengo lehendakaria EAJ-ko Carlos Garaikotxea izan zan. Eusko Jaurlariteza behin osotuta eta Euskadiko Estatutua onartu eta gero Eusko Jaurlaritzea lehenengo eskumenak jasoten hasi zan Gobernu Zentralaren partez. Egia esan, azken 44 urte honeetan Bizkaian aldaketa ugari izan da: desindustralizazinoprozezua, Gugengeheim Museoaren edegieraa, Bilboko metroaren lehenengo pausuak, Bilbo-Loiu aireportua, digitalizazinoaren eta teknologiaren aurrerapena, gizartea bera eta bestelako arlo batzuk. Euskerearen egoereak be 80ko hamarkadakoagaz alderatuta hobera egin dauela esan geinke, hamarkada haretakoa egungoa baino okerragoa zan eta. 80Ko hamarkadan ikastoletan euskerea erakusten zan, baina oraindino D eredua ez egoan ikastetxe publiko guztietan, ez zan oraindino eskola publiko guztietan ezarri eta euskerea berpiztu behar zan: alde batetik, dirua lortzearren eta bestetik euskerea suspertzearren ekitaldi handi hau egitea otu jaken eta lehenengo ekitaldiaren erantzun bikaina ikusita urte birik behin Korrika atontzea erabagi eben. Ordutik hona 22 korrika egin dira eta aurtengoa 23. edizinoa da. Korrika Euskal Herriko herri gehienetatik pasetan da, baita Bizkaiko herri askotatik be. Adibidez, lasterketea Bilbon 7 aldiz amaitu da, 1980an, 83an, 87an, 93an, 97an, 2005ean eta azkena 2015ean.
Nik neuk ondo gogoratzen dot nire herritik (Larrabetzutik) korrika zelan ibilten ginan; Bilbotik auzoz auzo leher eginda amaitu arte; lan egiten dodan herrian, Derion eta beste hamaikatxu herri bizkaitarretan. Eta beti jenteari begiratu eta antzeko arpegiak ikusi izan ditut; jentea izertzan eta poz-pozik euskerearen aldeko oihuak bota eta abestiak kantetan.
Korrika bakotxean AEK-k persona edo kolektibo bat omendu izan dau eta zerrenda horretan bizkaitar ospetsu batzuk agertzen dira: Gabriel Aresti bilbotarra, Balendin Enbeita muxikarra, Luis Villasante gernikarra edota Andolin Eguzkitza santurtziarra. Aurten, barriz, Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu dabe edo Baxoa (Frantziako Estatuan goi-mailako ikasketak egin ahal izateko ezinbestean eskuratu behar dan titulua) eta Brebeta euskeraz (Frantziako Gobernuak 14-15 urteko ikasleei euren kolegioko eskolaratzea gainditu dabela ziurtatzeko emoten deutsen diplomea) egiteko burrukan ibili eta dabizen ikasleak.
44 urte pasau eta gero Korrika lasterketea egiten jarraitzeko arrazoiak oraindino badagoz egon, ez bakarrik AEK kooperatibeak dituen behar ekonomiko eta finantzieroei aurre egin edo asetu behar diralako eta euskal gizartean euskerearen indarrari eusteko beharra be badagoalako. Duda barik, Korrika urte birik behin egitea guztiz baliogarria da euskerea suspertzeko eta euskaldunen artean euskeraz biziteko gogoa eta sua pizteko. Aurten Irunen hasi da lasterketa eta Euskal Herria eta Bizkaia osoa pasau ondoren, mugea pasau eta Baionan amaituko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!