Isabel Katolikoa Bizkaian

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2024-03-06 08:37   Antxinakoak Geurera

Erreginea 1483an Bizkaira etorri zan hemengo Foruak autortu eta azken honeek zin egitera.

Isabel la Catolica (1451-1504), Juan de Flandes. | Ikusi handiago | Argazki originala

XV. mendearen bukaera aldean Isabel Katolikoa, orduko Gaztelako erreginea eta aldi berean Bizkaiko jauna, Bizkaira etorri zan. Sasoi horretan Bizkaiko Jaurerriko jaunak eta Gaztelako Erreinuaren erregeak bat egiten eben arren, Bizkaiak bere instituzino propioei eusten eutsen, baita lege propioei be, izan be, Foruak lurraldeko bizimoduaren arlo gehienak arautzen zituan. Foruaren barruan foru-baimena egoan eta hori be apliketan zan. Honen arabera, Gaztelako erregeak Foruen kontrako legeren bat egiten baeban Bizkaian obedidu egiten zan, baina ez zan beteten. Formula horri mendeetan zehar eutsi jakon. Horrezaz gan, Foruak ekarrenez, Gaztelan beste errege edo erregin bat izentetan zanean eta harek botorea hartzen ebanean ha Bizkaira etorri behar zala foruak zin egitera; eta Isabelek hori egin eban bere agintaldian.

Erregina 1483an Bizkaira etorri zan hemengo Foruak autortu eta azken honeek zin egitera. Aurretik, 1476an hain zuzen be, haren senarra etorri zan Bizkaira gauza bera egitera, Foruak zin egitera. Urte batzuk lehenago Isabelek onartu eban Durangon sortutako ermandadea Bizkaia baketzeko asmoz; gogoan izan XV. mendean zehar Bandoen gerrak egon zirala Bizkaian. Bertan leinu garrantzitsuenak, ganboatarrek eta oinaztarrek burruka gogorrak izan zituen euren artean ikusteko nork lortzen eban lurraldean, baita Lur Lauan eta uribilduetan be) botere gehien. Eta Durangon ermandadea sortzeko erabagia hartu zan jauntxoen gehiegizko boterea eta gehiegikeriak zapaltzeko edo apaltzeko. Bestalde, bisita honetan Isabel erreginak aprobetxau eban Bizkaiko agintariei laguntzea eskatzeko Gaztelako Erreinuak hasitako gerran. Espainirrak gogor egin eben burrukan Granadako Erreinu islamiarraren kontra harik eta 1492an konkista Andaluziako erreinua berenganatu eben arte. Birkonkistearen azken txanpan egozan eta bai Isabelek bai Fernandok Granada konkistau nahi eben Birkonkistea amaitutzat emoteko.

Beraz, Isabelek ez eban dudarik izan eta Bizkaira etorri zan alde batetik foruak zin egitera, eta bestetik, bizkaitarrei soldaduak eskatzeko Granadan tropa espainiarrakaz batera burrukan egiteko. Gauzak holan dirala, Isabel 1483an Bizkaira etorri zan irailaren 5ean; Bilbora heldu eta han uribilduaren pribilegioei eta Jaurerriko foruak zin egin zituan. Harrigarria da Isabelek bizkaitar andereen jazkerea eroiala eta horrek zeozelan adierazoten dau Bizkaiari eta bere biztanleei eutsen miresmena. Bilbo zabaltzeko baimena sinatu eban eta Jaunak edo errege edo erregineak baino ezin eben lizentzia hori emon, eta neurri horri esker ondorengo mendeetan Bilbo handitzen joan zan. Haren etorrerearen omenez jai handia ospatu zan eta irailaren 8an Portugaleten be antzekoak atondu zituen; eta Portugaletetik Durangora joan eta han irailaren 19an juramentua egin eban.

Erreginea Durangora heltzean 200 bat agintarik harrerea egin eutsen, alkate, errejidore, fededun eta zinpekoak. Harrera hori Bilbon eta Gernikan be egin eutsen. Erregina edo erregea Bizkaira etorten zanean harrera hori egitea errespetuzko jarrerea adierazotea zan. Isabel Bizkaiko lurrak itxi eta Gasteizera joan zan, hango ordenantzak eta foruak sinatzeko. Bizkaitarrek asko estimetan zituen Gaztelako erregea eta erregina, baina indar handiz defendiduten zituen Foru bizkaitarrak. Eta beti eskatzen eben beste errege bat egoanean Gaztelako Koroan Foruak zin egitea instituzino bien arteko hartu-emonak ez galtzeko.

Ondoren Isabel Katolikoaren eta bere senarraren, Fernandoren, tropek euskaldunen laguntzeagaz Granadako azken erreinu islamiarra konkistau eben Birkonkisteari amaierea emonez.

Bizkaitarrek guda horretan parte hartu eben, baina aldez aurretik Bizkaitik kanpo emon zituen egunak ordainduak izan ondoren eta erreginak foruak errespetauko zituala zin egin eta gero.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu