Foruak Lehenengo Guda Karlistearen ostean
2024-02-16 10:00 Antxinakoak GeureraFernando VII Erregea hil ostean, Lehenengo Gerra Karlistea hasi zan.
Bizkaiko Jaurerriak autonomia handia izan eban Lehehengo Guda Karlistea hasi arte, Erdi Arotik XIX. mendera hain zuzen be. Bizkaiak, erabagi propioa hartzeko ahalmena eban; arlo administratiboan, politikoan, ekonomikoan eta finantzieroan, baita legeak egiteko orduan be.
Bizkaian, Foruei esker, legedi propioa geunkan, gizarteko alderdi garrantzitsuenak arautuz. Beraz, danak positibotzat baloretan eta maite zituen Foruak, izan be, bertakoa zan eta legeak onuragarriak ziran. Fernando VII Erregea hil ostean, Lehenengo Gerra Karlistea hasi eta bando biek, sistema politiko ezbardinak ezarri nahi zituen Espainian.
Fernando VII-aren alabea babesten ebenak, Isabel, liberalak ziran. Horreek, Estadu osoan (euskal lurraldeetan izan ezik, baina geroago ikusiko dogu hori) liberalismo politikoa ezarri nahi eben, Konstituzino liberala zabalduz. Horrezaz gan, euren asmoa liberalismo ekonomikoa bultetea zan. Ondorioz, batasun komertziala inponidu gura izan eben, talka eginez eta kolokan jarriz euskal aduanak.
Karlisten eretxiz, Karlos Maria Isidro, Fernando VII-aren anaia, izan behar zan Espainiako errege barria. Absolutismoaren alde jarraitzea zan horreen asmoa, eleizeagazko babesa eta laguntzinoari eutsiz. Karlistek foruei eustekotan gertau ziran baina gerreak aurrera egin ahala, jeneral karlistek foruen kontra egin eben.
Jakina danez, Lehenengo Guda Karlistea Bergarako Itunaren ondoren amaitu zan eta Liberalak izan ziran irabazleak. 1839ko urriaren 25ean, Foruak berresteko legea onartu zan Madrilgo Gorteetan, Maria Kristina erregeordetzan. Lege horren arabera, Euskal Herriko foru propiak egon arren batasun konstituzionala bermatzen zan. Azken horrek, nahasmen handia ekarri eban; hasierean, bizkaitarrek ondo hartu eben, izan be, foruakaz jarraitzea zan asmoa, baina, gerran Foruen kontra hartutako neurriak ez ziran desagertu, are gehiago, horren kontrako erabagiak hartuz, lehenengo Esparterok eta ondoren, 1844tik aurrera, gobernu moderatuak.
1834an epaitegi foralak eta administrazino judizial bizkaitarra bertan behera gelditu ziran. Horrezaz gan, Foru-alkateek ahalmen juridikoa galdu eben, halanda ze, sistema aduaneroa amaituz. Hori gitxi balitx, bizkaitarrek hainbeste miresten eben Pase forala be, bertan behera geratu zan. Ganera, Madrilgo Gobernu Liberalak beste erabagi bi hartu zituan Jaurerriari eta Aldundiko kideei kalte eginez; alde batetik, Guardia Zibilaren sorrerea, polizia barria eta Estadu osoan. Horren aurretik, Bizkaian Mikeleteak egozan baina Espainiako poliziaren sormenearen ondorioz, polizia foralak ahalmena galdu eban. Bestetik, Gobernu zentralak udal aurrekontuak korrejidoreak onartu behar zituala ebatzi eban, eta ez Aldundiak.
Beraz, gerra ostean Foruak berresteko legea onartu bazan be, Gobernua, poliki-poliki, Estadu osoa bateratzeko neurriak hartzen hasi zan. Euskaldunek ordezkari batzuk aukeratu zituen Madrilgo Gobernuko ordezkariakaz negozietako eta sistema foralari egindako murrizketei bueltea emoteko, baina alperrik izan zan.
Foruak, 1829tik 1877ra arte egon ziran indarrean eta aurrerago kontzertu ekonomikoa ezarri zan, baina hori hurrengo baten adierazoko dogu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!