Bilbo Iraultza Frantsesaren garaian
2024-02-02 09:39 Antxinakoak Geurera1788tik 1792ra arte.
Parisen Iraultza Frantsesaren sasoian, Bilbo uriaren egoerea adierazoko dogu, hain zuzen be, zelan bizi ziran bilbotarrak, arazo sozialak eta klaseen arteko burrukak. 1788tik 1972ra hazkunde ekonomikoa egon zan eta kontraesana emoten badau be, pobreziak, langabeziak eta prezioek gora egin eben, baita arazo sozialek be.
Frantzian iraultza liberala egoan bitartean, Bilbon dirudunek etxe handiak eta ikusgarriak eregi eta kaleak eta enparantzak ederrestu zituen. Pobreak, barriz, etxe zaharretan bizi ziran, persona asko pilatuz, beraz, herri xumearen bizi baldintzak askoz okerragoak ziran. Etxebizitzak eskasak ziran eta alokairuak oso altuak. Langileen soldatak ez ziran igoten oinarriko produktuen prezioak lez. Ganera, merkatariak be alokairuen igoeraz kexatzen ziran eta testuinguru horretan, atzerritarren, eskaleen eta probreen kopurua (Batez be, frantzesak) gora egin eban.
Udaletxea, boteretsuen arteko burruken eszenatoki bihurtu zan. Betidanik agindu ebenek, uriko oligarkiako kideek, botereari eustea gura eben eta azken urteotan aberastutako burgesiako kide barriek udaleko kargurik garrantzitsuenak hartu nahi zituen. Ondorioz, udaletxean burruka handiak egon ziran.
Udalak urte horretan botere handia lortu eban, esaterako, urian sartzen eta saltzen zan ardaoaren monopolioa lortu eta konsumoaren zati handi bat erresebau eben. Jauntxo horreek ondoko eleizetan egozan mahastien jaubeak ziran, Bilboko tabernetan euren ardaoa baino ez saltzea lortuz (Errioxako ardao ezaguna albo batean itxiz). Garai haretan uritarren artean hain ezaguna eta estimadua zan txakolinaren prezioak gora egin eban, tirabirak sortuz eta kasu asko epaitegietara heldu ziran.
Etxeak eregiteko be arazoak egon ziran. Uriaren gehiengoaren, herritar pobreen egoerea baltza zan eta alokairuak gero eta altuagoak ziran eta etxe gitxi egozan. Aberatsek dirudunentzako etxebizitza handiak eta ikusgarriak egin nahi zituen, izan be, hazkunde ekonomikoa itxurakeria baino ez zan; aberatsak aberasten baziran be, urian gero eta pobre eta eskale gehiago egoalako eta hamarkada batzuk lehenago urian eregi zan La Casa de la Misericordia topera egoan.
Horrenbestez, batzuentzat hazkunde garaia izan zana beste batzuentzat urte gogorrak izan ziran. Miseria nagusitu zan txoko askotan, izan be, elikagaiak gero eta urriagoak eta garestiagoak ziran. Baina 1790. urtetik aurrera gauzak hobera egin eben: Itsasontzi ugari heldu ziran gari, baba, uruna eta arto produktuez beteta. Hori bai, prezioak ez ziran bajau eta ganera, urian ez egoan laberik ogia egiteko. Bilbon konsumiduten zan ogi guztia herrietatik ekarten eben eta eurite handiak medio, ez egoan ogirik. Ondorioz, urte batzuk geroago, labe bat egin zan Begoñan.
Atzerritar asko heldu ziran, gehienak frantsezak, eta arazoak pilotu egin ziran. Bilbotarrek gorroto handia eutsen frantsesei, euren tradizinoen eta erlijino katolikoaren etsaitzat hartzen zituelako. Bihotzerre hori, batez be artisau eta merkatari frantsesakaz eben, bertokei lana kentzen eutselako. Azken horrei konponbi bi emon eutsen: Kanporatzea indarkeria erabili barik edo Bilboko erroldan izena emoteko dokumentazinoa erakustea. Gehienek dokumentorik ez ebenez, kanporatuak izango ziran. Horrezaz gan, Frantziako abadeak be, ez ziran begi onez ikusten, baina asko urian geratu ziran, izan be, udalak egunero emoten eutsien 8 maravedi.
Amaitzeko, Udalaren eta Jaurerriarren artean gorabeherak egon ziran. Kontu ekonomikoak eta juridikoak ez ziran gitxi izan. Aldundiak, garai horretan gero eta botere gehiago eukan eta Bilboko barruko kontuetan eragin nahi izan eban, udaletxea kontra adierazoz. Horren ostean, Jaurerriaren ekonomiak behera egin ostean, Bilbo eta Orduña lotuko zituan errepidearen finantziazinoa izan zan eztabaidagai nagusia, izan be, hasieran, Aldundiak, Bilboko Udalak eta Bilboko Konsulatuak ordainduko ebela proportzino berean erabagi eben. Baina, Bilboko agintariak hasarre egozan; Jaurerriak zergak igon zituan Bilbotarrei eta Udalaren ustez zergen igoeren bitartez pagauko eben errepidea. Beraz, erakunde publikoen arteko tensinoa handia zan eta ondorioz, 1790ean, Bilbok Gernikako Juntetxeetako Batzar Nagusian eban ordezkari bakarra kanporatzea erabagi eban. Dana dala, 1792an, Gaztelako Konseiluak neurria bertan behera itxi eta Aldundia behartu eban Bilboko Udalaren jurizdikzino propioa errespetatzera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!