Bizkaiko familia tradizionala

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2023-12-29 07:38   Antxinakoak Geurera

Gaur egun, familia barruan hika oso gitxi erabilten da.

Bizkaiko gizartean familia sano garrantsitsua zan, gizartearen ardatza. Kontuan hartu behar dogu Lur Lauan, uribilduen menpean ez egozan lurraldeek osotzen eben zonaldea, beraz, etxea edo baserria elementu oso garrantzitsua zan eta baserri horreen buruak, normalean aitak edo seme nagusiak, eleizatearen batzarretan parte hartzen eben. Halanda ze, baserriko jaubeek herriko kontuetan eta politikan parte hartzen eben.

Bizkaiko familiako kideei, etxekoak deitzen deutsee eta holan da kasu askotan etxeak emoten eutselako abizena. Gero, senideak egozan. Senide berbeak odol ahaidetasuna egoala adierazoten eban. Horreek etxean jaiotakoak ziran eta urteak pasau eta gero etxetik joan ziran beste etxe batean biziteko. Dana dala, beste etxe batean bizi diran arren, Gabonetan eta Santu Guztien egunean etxera bueltetan dira euren senideakaz batzeko.

Senitarteak urrunago egozan senideak ziran, bigarren gradukoak. Urruneko senideak edo erantsiak deitzen ziran. Horreei be, izter-senideak deitzen eutseen, normalean etxearen, hurreko senide bategaz ezkonduta. Horreek familia urruneko hiletetara eta hileta-eleizkizunetara joaten ziran.

Aitatutako gradu ezbardinak egozan familia bakotxean. Askotan hurreko senideak guraso eta seme-alaben arteko hartu-emonetan oinarritu arren, nabarmentzekoa zan Errejimen Zaharrean osaba, loba eta lehengusen arteko loturea, izan be, osabek indar handia izaten eben lana topetako orduan Bizkaiko familietan, baita Euskal Herriko familietan be; berbarako Jose Maria Imizkoz historialariak Nafarroako Baztango familia ugari aztertu ditu, osaba askok lobei lana lortu eutsiela Estaduko administrazinoan ondorioztatuz.

Santu guztien egunean, herriko jaietan edota ezkontzetan kide bien senideak batzen ziran, baita osaba-izekoak euren bikoteakaz be. Ezkontzetan be lehengusu-lehengusinak gonbidaduak izaten ziran, batez be jatetxeetan alkartzen ziranean. Dana dala, ezkontza batzuetan gonbidadu kopurua askoz mugatua zan eta kasu horreetan etxekoak baino ez ziran batzen. Ezkontzetan, etxeko andre zaharrak, ezkondutako emakumea, gizonaren familiaren hilobi edo sepulturara eroaten eban. Emakume zaharrak abadeari mosu bi emoten eutson eta ogi zati bi eroaten zituan. Ezkondu barri zan emakume gazteak erresponsuak ataraten zituan eta opari edo ofrendea ixten eban. Joandako denporetan hildako ugari eleiza barruan lurperatzen ziran.

Otordu familiarrak etxe edo baserri zaharrean egiten ziran eta aita izaten zan nagusi, aita zaharra. Aita hilda  baegoan, seme nagusiak hartzen eban ardura hori. Oturuntzatan hiru talde egiten ziran: Mahai batean gizon helduak (aita, semeak eta suhiak) jesarten ziran; beste batean, emakumeak (ama, alabak eta errainak) eta hirugarren batean umeak. Etxeko-andrea arduratzen zan jatekoaz eta bazkari horreen hasikeran hildakoen omenezko errezua egiten eben.

Horrezaz gan, familiako emakume batek erditzen ebanean, emakumezkoak ziran bisita egiten ebenak. Batzar edo topaketa horreei ermakeriak esaten jaken eta emakumeak baino ezin ziran batu. Senideek ama izan barri zana askari batera gonbidatzen eben eta bertan tortilla, katilu bat txokolate eta ardao gozoa jan edo edaten eben.

Zelan berba egiten eben euren artean? Zein erregistro erabilten eben?

Euren arten berba egiten ebenean gogoratu behar da kasuaren arabera, zu edo hi izenordainak erabilten zituela familiako kideek. Esaterako, berorikako tratamendua erabilten zan errespetu handia erakutsi gura zanean. Normalean, seme-alabek edo bilobek aitonari edo aitari zuzentzean berorika erabiltzen eben. Amari berba egitean, barriz, zuka erabilten eben seme-alabek. Zuka be erabiliko eben ilobek osaba eta izeko gazteakaz. Osaba eta izeko nagusiak baziran, aitona eta amomagaz esaterako, berorika erabilten eben. Anaien artean hika egiten eben eta aita semeei hika erabiliz zuzentzen jaken; alabakaz, barriz, zuka egiten eban aitak.

Amak eta amamak, barriz, zuka erabiltzen eben seme eta bilobekin (mutilak) berba egiteko eta hika alabekin eta bilobekin (neskak) egiteko. Horrezaz gan, lagunen artean hika erabiltzen bazan be, behin ezkonduta euren artean zuka erabiltzen zan. Apurka-apurka familia barruko ierarkizazino hau bukatu ahala hi forma desagertzen hasi zan. Gaur egun, familia barruan hika oso gitxi erabilten da.”

Etxe barruko lanak

Normalean produkzinoagaz zerikusia eben lanak gizonak egiten zituan eta andreek, ostera, etxea zaintzeaz arduratzen ziran. Emakumea ortuaz arduratzen zan eta gizonak herriko eta auzoko batzordeetan parte hartzen eban edo etxeko ordezkari nagusia izaten zan etxean egiten ziran ekitaldi eta jai guztietan. Halan da be, gehienetan alkarri laguntzen eutsen; andreak senarrari eta senarrak andreari bakotxak ardurapean eban eremuan. Bestalde, lortzen eben dirua egiten emaztea eta senarraren artean banatzen zan, beraz, biena izaten zan.

Gizona arrantzalea edo abeltzaina bazan eta luzaroan egoten bazan etxetik kanpo, andreak gizonaren protagonismoa hartzen eban etxean.

Tronkalidadea

Gai horren ganean luze berba egingo dogu aurrerantzean beste artikulu batean, izan be, Bizkaiko lurraldeko zuzentasun zibilaz berba egiten dogunean, alderdi garrantzitsua izaten da. Edozelan, labur esanda, familiaren ondasunak, baita etxea be, seme nagusiak oinordetzan hartzen zituan, edo semerik ez baeben alaba nagusiak. Baserria edo etxea, horren inguruan egozan lur sailak eta etxeagaz zerikusia eben beste ondasun batzuk inoiz ez ziran banatzen seme-alaben artean, izan be, seme nagusiak hartzen eban guztia. Anaiak eta arreba txikiak ezkontzen ziran arte baserrian bizi izaten ziran.
 
Baserrikoak, seme-alaba barik hilten baziran, bigarren graduko senideek hartzen eben etxea. Kasu horreetan, burrukak egoten ziran. Ordutik aurrera kanpotik etorritako gizon edo emakumearen ondasunak, ondasun tronkalak bihurtzen ziran eta ondorengoei pasau behar eutseen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu