Zierbenaren independentzia
2023-11-16 09:24 Antxinakoak GeureraUdalerri barria sortu ebenetik Zierbenako auzokideen bizi-kalidadea hobetu egin da.
Orain 31 urte Zierbena Bizkaiko udalerri bihurtu zan, Abanto-Zierbenatik banandu ostean. Erdi Aroan Zierbena Somorrostroko Bailarako lau Konseiluetako bat zan, beraz, Errejimen Zaharrean Zierbena udalerri independentea izan zan, halanda ze, errepublika bat eta Avellanedako Juntetxeetan herriko ordezkariak jesarleku propioa eban.
Dana dala, XIX. mendearen erdialdean Zierbena eta gaur egungo Abanto-Zierbena udalerri bakarrean batu ziran. Halan da be, zierbenatarrek 1878an udalerria propioa izateko lehenengo saiakerea egin eben, arrakasta barik. 1941ean, bigarren saiakerea egin eben, alperrik baita be. 1992tik 1995era bitarteko prozezuan, barriz, hirugarren aldian, lortu eben eta azkenean Zierbenak independentzia lortu eban udalerri barri bat sortuz. 1992an Bizkaiko Juntetxeek Zierbena udalerri bezela autortu eben eta handik hiru urtera Estaduko Boletin Ofizialean agertu zan prozezua amaitutzat emonez.
Hori bai, prozesua ez zan laburra eta erraza izan. XX. mendearen erdialdetik aurrera auzokide batzuk kejetan hasi ziran Abanto-Zierbenako udalak, Gallartan egoanak, inbersino gitxi egiten ebalako Zierbenako auzoetan. Orduan, gaur egun ia 90 urte dituan Luis Herrerias auzokide bati esan eutsen deskonexinoa gauzatzeko lehenengo pausuak emon behar zirala eta harek herriko beste gizon eta emakume batzuei idea hori komentau eutsen. Hasikeran, herriko askok bromatzat hartu eben, baina, 1987an, esaterako, Zierbenako auzo ezbardinetako personak alkartu ziran udalerri barrirako udaletxea eregiteko lehenengo pausuak adosteko eta 1991n herrian erreferendum bat egin zan. Bertan parte-hartzaileen % 91k udalerri propioa izatearen aldeko botoa emon eben.
Hori ikusita, Bizkaiko Juntetxeetako kideek Zierbenako udalerri barria autortu eben 1992an. Dana dala, Abanto-Zierbenako udalerriak errekurso bat jarri eban Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, izan be, Estadu Konseiluko txostena falta zala adierazo eben. Juntetxeentzat, txosten hori jasotea beharrezkoa zan, beraz, dokumentu hori jaso harte prozesua etetea erabagi eben. Ondorioz, 1994an udalerria barriro Abanto-Zierbenaren barruan geratu zan. Abanto-Zierbena prozesuaren kontra egoanez, beste errekurso bat jarri eban urte horretan bertan, alperrik izan zan. Azkenean, 1994ko amaieran, Juntetxeek Estadu Konseiluaren txostena jaso eben eta horren ostean Zierbena udalerri independentea bihurtu zan, 1995. urtean.
Bertokoek adierazo dabenez, udalerri barria sortu ebenetik Zierbenako auzokideen bizi-kalidadea hobetu egin da, izan be, osasun-zentroa eregi eben La Cuesta auzoan (udaletxea dagoan auzoa), eta auzoetako errepideak hobetu dira. Hori gitxi ez balitz, auzo guztietako biztanleak hurreratzeko dobako autobus bat jarri dau udalak.
Prozesu horrek, Usansoloren auzia gogoratzen deust, izan be, usansolotarrek zierbanatarrek bezela gogor egin ostean, emoten dau udalerri barria izateko aukerea izango dabela. Suerte on usansolotarrei!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!