Bizkaia Monarkiaren barruan lurralde salbuetsia zan
2023-11-02 12:51 Antxinakoak GeureraBaita esparru militarrean be.
Bizkaitarrak mendeetan Espainiako soldaduskea egiteko salbuetsita egozan eta ez ahaztu Bizkaitik kanpo gizon eta emakume bizkaitarrak burrukan ibilteko be salbuetsita egozala. Bizkaiko soldaduak eta gizonak bat baino gehiagotan Bizkaitik harago ibili ziran burrukan Espainiako erregearen interesen alde, baina baldintza berezi batzuekaz.
Erdi Arotik 1876. urtean foruak baliobakotu ziran arte bizkaitarrak euren jaurerria defendidu behar eben Bizkaiko jaunak edo Batzar Nagusiak erakundeak eskatu ezkero edo mende batzuk aurrerago Aldundiak agindu ezkero. Edade nagusikoak ziranek armak hartu behar zituen.
Bizkaiko jauna 1379. urtea baino lehen jaun feudala zan eta aldi berean Bizkaiko Jaurerriko burua be bai. Lehenengo jaun historikoak Gaztelako familia botoretsuenetako kideak ziran; harotarrak, laratarrak edo trastamaratarrak. Dana dala, prozezu honen hasikeran XI. mendera arte Bizkaia Nafarroako erresumearen eraginpean egoanez, Bizkaiko lehenengo jaunak Vela-Ladron familia nafartarraren kideak izan ziran.
Dana dala, lehen aitatutako data horretatik aurrera (1379. urtetik aurrera), ostera, Errege-Jaunaren figurea agertu zan, Bizkaiko jauna eta Gaztelako (ondoren Espainiakoa) erregea persona bera zalako. Gauzak holan dirala, erregea eta aldi berean Bizkaiko jauna zanak Bizkaiko gizonak bere armadan nahi bazituan Bizkaitik kanpo burruketarako bizkaitarrei bizpahiru hileko soldatea aurreratu behar eutsen Foruaren arabera eta holan izaten zan kasu gehienetan.
Historialari askoren ustez, Erromatar Inperioaren amaieratik aurrera Autrigoien eta Karistioen lurraldeak Baskoien menpean geratu ziran, kultur esparruan batasuna egon zan aitatutako tribu euskaldunen lurraldeetan. Egile askoren ustez, Baskoniako mendenbaldean, hau da, egungo Bizkaian k.o. bosgarren mendean euskeraz egiten eben biztanleek, orduko bizkaitarrek. Ondoren bisigodoak Bizkaiko lurraldeetatik hurbil egon omen ziren; Leovigildo erregeak egungo Gasteiz hiriaren lehenengo ezarmendua sortu ei eben, guztiz segurua ez dan arren hori.
Kontuak kontu, danok dakigun bezela VIII. mendearen hasikeran islamiarrak Gibraltarreko itsasartea pasau eta Iberiar Peninsulea inbadidu eben. Orduan peninsulearen jaubeak ziran bisigodoek ezin izan eutseen aurre egin musulmanei eta lur gehienak galdu zxituen. Baskoiek eta orduko bizkaitarrek euren lurraldearen kontrelari eutsi eutsen islamiarrei iparralderago joatea ez jakelako interesetan edota gure gizonek eta emakumeek erresistentzia handia jarri ebelako islamiarren kontra. Ordutik aurrera historialari ugariren eretxiz, bizkaitarrak ez ziran konkistauak izan islamiarren eskutik, ezta ondoren mendebaldean ezarritako asturiarren eta leondarren eskutik be. Horrek azaltzen dau neurri handi batean bizkaitarrek soldaduskea egiteko salbuetsita egotea eta Bizkaiko Jaurerriaren barruan lehenengo asturiarren eta leondarren eta geroago gaztelarren eta espainiarren soldadu erregimentu militarrik edo miliziarik ez egotea.
Dinoez, IX.mendean bizkaitarrek erabagi ebenez, Asturiaseko erregei urtero emon behar eutseen zergarik ez emotea asturiarrek Bizkaia inbaditu eben. Egungo Arrigorriagan Jaun Zuria jaun entzutetsua eben bizkaitarrek eta asturiarrak gogor ibili ziran bataila odoltsuetan. Soldadu asko hil eta gero asturiarrek alde egitea erabagi eben eta bizkaitarrek jarraitu eutseen Luyando herriraino. Mitoaren arabera, bizkaitar batek Luyandoko Malato arbola-n bere ezpatea untzetu eban.
Esangura horretan, Foruan zehaztuta egoan bizkaitarrak behartuta egozala Bizkaiko jaunaren aginduak betetako. Hegoaldearego joan behar izan ezkero jaunak soldata ordaindu behar eutsen.
Kontuak kontu, Jose Maria Gorordok, 80ko hamarkadako Bilboko alkate ohiak, orain urte gitxi idatzitako “Bizkaia en la Edad Media” liburuan, XVIII. mendearen amaierako hiru autorek Bizkaiko Jaurerriko Historiari buruz esan ebena argitaratu dau. Hiru autore horreek Llorente, Aranguren eta Lerin dira. Llorentek Bizkaia Gaztelaren eta gero Espainiako Erreinuaren parte bat zala adierazoten dau, baita Bizkaiko foruak lurraldeari emoten eutsozan eskumenak erregeak emondako eta itxitako pribilegioak zirala be. Beraz, azken hitza erregearena zanez, soldaduen kontu honetan esaterako, edozein momentutan jaurerriari soldaduak eskatzea bidezkoa zan. Llorentek be esaten eban Gaztelako tropak normalean Bizkaian ez zirala egoten monarkiari ez jakolako interesetan.
Arangurenek eta Lerinek, ondorengo historialari gehienek bezela, gogoratzen dabe Foruetan agindutakoaren arabera, bizkaitarrek ez ebela Bizkaitik urten behar burrukatzeko soldatarik ez baegoan. Jakin badakigu Aro Barrian zehar, XIX. mendera arte Espainiako erregeek, Bizkaiko jaunak be bazirala, hainbat gudatan parte hartu ebela Frantzia edo Ingalaterraren kontra eta Bizkaiko juntetxeei Bizkaiko kostaldeko herrietatik marinelak eskatzen eutsezan, besteak beste, Bizkaiko marinelak eskarmentu handikoak eta burrukalari onak ziralako. Juntetxeek askotan eskakizun horreek onartzen zituen eta beste batzuetan atzera botaten zituela herri horreek jasandako karga handiegia zalako.
Kontuak kontu, maila militarrean jaurerriak errege espainiarrari maíz laguntzen eutson arren, berez, legearen aurrean gure herrialdeak eta honen ordezkariek ez eben soldaduakaz laguntzeko beharrik. Zeozelan esateko, Bizkaiko Jaurerria Koroaren barruan egoan arren, Bizkaia lurralde bereizia zan, baita esparru militarrean be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!