Balmasedako Zubi Zaharra
2023-06-29 08:20 Antxinakoak GeureraBalmasedako Zubi Zaharra XIII. mendean eregi izan zan.
Gaur Balmasedako Zubi Zaharraren inguruan berba egingo dogu. Muzakoa edo zaharra deitzen jakon zubia, askok erromatartzat hartzen daben arren, berez, XIII. mendean eregi zan. Torrea hiru mende geroago egin zan, XV. mendean hain zuzen be.
Zubia, zinez garrantzitsua zan, izan be, Gaztelatik Bizkaira eroaten ziran merkantzia asko bertatik pasetan baitziran. Gogoratu behar dogu, Balmasedako ikur honetan, aduana bat egoala Orduñan eta Gasteizen bezela. Beraz, enkarterriko uribildua leku estrategikoa zan, izan be, Bizkaian aduana bi egozan eta horreetako bat han baitzan. Erdi Aroan Balmasedan jarduera ekonomiko garrantzitsua egoan, artisau eta merkatari askoren topaleku. Balmaseda, ondorioz, artisau eta merkatari askoren erdigune zan, jarduera ekonomiko handiko uria izanez. Gainera, zubiaren azpiegitura indartsuak, ahalbidetzen eban kontrol puntua bertan kokatzea.
Bizkaiko ertaroa aztertu dabenek, Juan II. errege gaztelarrak portu lehorra deituriko aduana ezarri ebela pentsetan dabe eta XIX. mendera arte iraun eban, zergaitik hainbeste denpora? Batez be, Gaztelako erregeei, Jaurerriko jauntxoei, Balmasedako agintariei eta merkatariei interesetan jakelako. Errenteria erreala zan eta uriak zerga bat kobretan eban, bidesari moduko bat, Gaztelako Koroaren izenean.
Zubitik, merkatariek artilea eta garia pasetan zituen, besteak beste. Produktu horreek, bizkaitarren konsumorako edo atzerrira eroateko ziran. Balmasedako aduanearen egoitza edo administriazino gunea, Horkasitas Jauregian egoan.
Gaztelatik Balmasedarako bidea, Erromatarrek aspaldi erabilten eben, Zubi Zaharra eregi baino mende batzuk lehenenago, izan be, erromatarrek galtzada hori bi mila urte eregi ebela; zonalde garrantzitsua baitzan ordurako jada. Beraz, Kadagua ibaia zeharkatzen daben zubi hau benetan zaharra da, baina segurutik lehenago egurrez egindako beste bat egongo zala.
Gaur egun ikusten doguna, esan bezela, harriz eginda dago, baita zorua be. Zubi honen berezitasun handienetako bat, hiru arkuak dira. Erdiko arkoa, handiena, torre defensiboa eregi eta gero egin zala uste da. Aitatzekoa da, zubiaren torre defensiboa, izan be, bertan Balmasedako biztanleek aduanea ezarri eben erregearen aginduz, eta han produktuen gaineko zergak kobretan eutsezan Gaztelatik etozen merkatariei.
XVII. mendean zehar zubi honetatik pasetan ziran Gaztelako merkatarien eta merkantzien kopuruak gora egin eban modu nabarmenean. Horrek trafikoa biziagotu eban, eta merkatariek jasan behar eben itxaroteko denporea be bai. Horregaitik XVII. mendearen amaieran, 1679an hain justu be, Zubi Zaharretik oso hurbil Puente de los Pontones izeneko zubia eregi eben, Gaztelako Koroaren oneritziagaz merkataritza trafiko hori murriztuteko.
Beraz, Zubi Zaharrak aparteko garrantzia izan dau Balmasedako garapen historiko eta ekonomikoan, handik pasetan ziran produktuen joan-etorriek enkarterriko uriburua aberastu ebelako.
Gaur egun, merkantziak pasetzen ez diran arren, Balmasedatarrek harrotasun handiz ibaia zeharkatzeko erabilten jarraitzen dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!