Tropa frankistek Bizkaia konkistau ebenekoa
2023-06-08 08:56 Antxinakoak GeureraBizkargiko bataila edo erasoaldiaren ostean, tropa frankistak Burdin Gerrira hurreratu ziran.
Gerra Zibila izango dogu ardatz, batez be, tropa frankistek 1937ko udabarritik aurrera egin eben erasoaldi eta konkisteari buruz Bizkaiko lurretan. Jakina danez, Espainiar Estaduan Errepublikea aldarrikatu eben 1931n eta bost urtez iraun eban erregimen errepublikarrak. 1936an, Errepublikako Gobernu sozialisteak hartu zituan muturreko jarreren atxakiagaz Franko jeneralak Estadu-golpea emon eban armadearen zati handi baten babes eta laguntzinoagaz. Holan 3 urtez iraun eban gerra zibila hasi zan. Hemen, Euskal Herrian altzatutako matxinatu frankistek erantzun bikaina izan eben Nafarroan zein Araban; ez, ostera, Gipuzkoan eta Bizkaian. Gerrea hasi eta berehala, 1936ko urrian Eusko Jaurlaritzea osotu zan, Jose Antonio Aguirre lehendakari izentau ebelarik. Errepublikako gobernuak gudea behin hasita lehenengo Euskal Estatutua onartu eta horrek ahalbidetu eban lehenengo Eusko Jaurlaritzearen osoketea.
Gauzak holan, lehenengo Eusko Jaurlaritzearen boterea Bizkaiko lurralde historikora mugatu zan 1936ko abuztuan eta irailean zehar Molaren tropa frankistek Gipuzkoa osoa konkistau ebelako. Araban eta Nafarroan altxamendua sano arrakastatsua izan zan eta, beraz, garagarrilaren amaieran dagoeneko frankisten menpe egozan herrialde bi horreek.
Bestalde, Jose Antonio Aguirreren gobernuak (sozialista eta anarkisten laguntza militarragaz, zelan ez), ostera, frankisten aurreneko erasoei aurre egitea lortu eben. Bien bitartean, Jaurlaritzeak Estatutuak emoten eutson baino autonomía eta botere askoz handiagoa bereganatu eban. Eusko Jaurlaritzeak Estadu baten eskumen gehienak izan zituan: Ogasuna kontrolau eban, guda garaian armada bat sortu eban, justizia berratondu eta kontrolau eban, Eusko Jaurlaritzea bera epaileak hautatzen hasi zan. Horrezaz gan, kanpo hartu-emonak izan zituan gobernuak, batez be, Sobietar Batasunagaz, Erresuma Batuagaz eta Frantziagaz; txanponak egin zituan, pasaporteak bialdu, Euskal Unibersidadea sortu eban...
1937ko frankisten erasoaldiak
1937ko udabarrian Molaren tropa frankitstak mobiduten hasi ziran Bizkaia beragandu nahian. Eusko Jaurlaritzearen armadea, Eusko Gudarosteak, 40.000 soldadu baino gehiago batu zituan arren artilleria eta gerarako hegazkin gitxi eta txarrak zituan. Horren ondorioz euskal tropek ezin izan eben ezer egin Durangoko eta Gernikako bonbardaketak ebitetako. Frankistek alemaniarren “Condor” hegazkinen bitartez gehiegikeria handiak eragin zituen herri bizkaitar bietan, batez be Gernikan. Eraso gogor horreek eragidako hondamendiaren eraginez gudarien aldarteak behera egin eban eta pitinka-pitinka frontean atzerarantz joan ziran apirilaren amaieran eta maiatzaren hasieran Burdin Gerrirantz abiatu ziralarik.
Burdin Gerria hilabete batzuk lehenago eusko gudarosteen kideek eregitako bunker eta trintxerak ziran nagusi defensa sisteman baina ez zan eraginkorra izan. Horregaitik eta Goikoetxea disenatzaile traidoreak frankistei Burdin Gerriaren alderdirik ahulena zein zan esan eutselako defensa tropa frankistek sistema bizkaitarra erraz ebitau eben eta Bilborantz joan ziran. Ganera, gudariek artilleria eta abiazino gitxi eben eta bestetik euskal armadearen barruan arderdi jeltzalekoak gehiengoa izan arren, sozialistak edota Kantabriatik etorritako soldaduak be baegozan. Azken horreen eta Eusko Jaurlaritzearen helburuak ez etozen bat, hareen jomugea ez baitzan Eusko Jaurlaritzearen alde burrukan egitea Errepublikaren alde baino. Ondorioz, euskal armadearen barruan be desadostasun ugari egoan gudari eta agintarien artean.
Maiatzaren hasieran izandako Bizkargiko bataila edo erasoaldiaren ostean, tropa frankistak Burdin Gerrira hurreratu ziran eta bagilaren 11n defensa hareen gainetik pasau eta Bilborantz jo eben, abiazinoaren eta artilleariaren erasoei esker.
Bilbon ez zan bataila esanguratsurik egon, Artxanda mendian izan ezik. Gudariak saiatu ziran Artxandan tropa frankistak apur bat geldiarazoten urian egiten ebizan ebakuazinoa ondo egin ahal izateko baina hurrengo egunetan frankistak Bilbon sartu ziran eta ordurako Eusko Jaurlaritzeak Enkarterrira jo eban. Enkarterrin, Turtziozen geratu ziran garagarrilaren erdialdera arte eta han ezarrieben Gobernua. Ondoren, Santanderrera lehenengo eta gero Kataluniara joan ziran Bizkai osoa frankisten menpean
geratu zalarik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!