Ruzabalgo Herri Batzarra

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2023-05-25 07:40   Antxinakoak Geurera

Urduñaren azalera erdia hartzen dau Ruzabalgo Batzarrak.

Bizkaiko lau erakunde txikiek osotzen daben juntetxeaz berba egingo dogu: Belandia, Lendoñobeitia, Lendoñogoitia eta Mendeika.

Ruzabalgo Herri Batzarra. Urduñako udalerrian kokatu behar dogu eta udalerri honetako alderdirik menditsuenean kokatzen da. Urduñaren azalera erdia hartzen dau Ruzabalgo Batzarrak. Biztanleei jagokenez, barriz, herrixka horreetan jente oso gitxi bizi da, 114, hain zuzen be. Belandia herrixkarik handiena da 47 biztanlegaz eta Lendoñogoitiak biztanle gitxien dituana, 13 besterik ez.

Ruzabalgo Batzarraren jatorri historikoa aztertzeko mende ugari egin behar dogu atzera. Adituen ustez, zonalde honetako bizilagunek XIII. mendean hasi ziran batzen eremu honetako gaien inguruko erabagiak hartzeko. Pentsetan dabe lau herrixken erdian batuko zirala garrantzitsuak ziran kontuen inguruan berba egiteko, batez be, bideen, mendi eta basoen egoereari, abereei eta landei edota nekazal gaiei buruz berba egiteko.

Gauzak holan dirala, 1516an 19 artikuluz osoturiko ordenantzak idatzi zituen. 1522. urtean beste batzuk etorri ziran abelazkuntzeari buruzkoak. Ordenantza honeetan, batez be, lau herrixketan mendietan eta basoetan egin eitekezan ustiapenei buruz egiten zan berba eta nekazaritzako eta abelazkuntzako lanak zeozelan arautzen ziran. Ruzabalgo Juntetxeak Urduñako udalerriagaz izan behar zituan hartu-emonei buruzko zehaztasunak be emoten dira. Horrezaz gan, Juntetxeak non eta zelan alkartuko ziran (beti lau herrixketatik hurbilen egoan puntu batean), auzokideek zelan parte hartuko eben eta herrixka bakotxak alkatea izanik, laurak batu beharko zirala erabagiak hartzeko, bideak zelan jagon eta azkenik mendian egozan danen lur-sailak zelan kudeatu. Beraz, juntetxe honek eskumen nahikoa zituan 4 herrrixketako biztanleei eragiteko, izan be, gehienak nekazaritzatik eta abelazkuntzatik bizi ziran eta egun Ruzabalgoko biztanleek oraindino jarraitzen dabe sektore horreetan.

Ruzabalgo herri batzarrak berez izakera juridiko propioa dauka eta lehen aitatu bezela euren bide,
baso, mendi eta nekazal ustipanen ganeko zenbait erabagi hartu leikiez baina Urduñako Udalaren menpean egonda gai administratibo eta ekonomikoetan udalerriaren menpean dagoz; berbarako, herri batzarrak ez dauka aurrekontu propiorik eta bizirauten dau herri batzarrean bertan produziduten danari eta emoten diran zerbitzuei esker (Mendeikako landetxeari edota larre edo basoetako jaubetza komunalei esker) eta Orduñako Udalak urtero emoten deutsen diru kantidadeari esker. Esangura horretan, herrixka horreen biztanleen eskakizun historiko bat izan da aurrekontu propioa izatea eta hori eskatzen jarraituko dabe harik eta lortu arte. Hurrengoan Ruzabalgo Herri Batzarrari buruz berba egiten jarraituko dogu baina ikuspegi historikoan sakonduz, herri batzar honen bilakaera historikoa nabarmenduz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu