Independentzia Gerrea Bizkaiko Jaurerrian

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2023-04-05 07:50   Antxinakoak Geurera

Gerrea hasi baino lehenago Bizkaiko Jaurerriko egoerea ez zan bape ona.

1808tik 1814ra bitartean Napoleonen tropa frantsesak Espainian sartu eta Espainiako Erreinua eta Portugal konkistau zituen. Horren ondorioz, Espainiako biztanleak eta politikariak okupazino horren kontra altzau eta 6 urtez espainiarrek (baita euskaldunek be) frantsesak iberiar peninsulatik kanporatzeko ahaleginak egin zituen maila militarrean burrukatuz. Prozezu horri Independentzia Gerrea deitzen deutsagu eta, jakina, euskal lurraldeek be gerra horren ondorioak sufridu zituen, baita Bizkaiko Jaurerriak be.

Gerrea hasi baino lehenago Bizkaiko Jaurerriko egoerea ez zan bape ona. XVIII. mendearen amaieran frantsesek Euskal Herria okupau eben, Konbentzino Gerran eta gerra ha laburra izan bazan be Bizkaiko Jaurerria zorpetu egin zan lurraldearen defentsaz arduratu zalako eta, horrezaz gan, bertoko ekonomia ez ebilen oso ondo. Horri gehitu beharko geunskio XVIII. mendean zehar Espainiako Monarkiak Bizkaiko Jaurerriari eten barik mesede ugari eskatu eutsala Estadu espainiarrak zituan gerrako gastu guztiei aurre egiteko; beraz, XIX. mendearen hasieran egoera ekonomiko eta sozialak okerrera egin eban.

Ezin ahaztu XIX. mendearen hasikeran, Independetzia Gerrea hasi baino urte gitxi batzuk lehenago, Zamakolada izeneko matxinadea izan zala Bizkaian. Matxinada horren atzean herrien eta Bilbo uriaren arteko gorabehera eta tensinoak egozan, bizkaitar xume askoren egoera ekonomikoa benetan larria zalako. Matxinada honek landa munduko jauntxoen eta uriko burgesen arteko tensinoak suspertzea ekarri eban, izan be, burgesak aduanak barrualdetik kentzearen eta portuetan jartearen alde egozan, euskal aduana sistema propioa deusestatuz. Jauntxoak, barriz, neurri horren kontra egozan eta azkenean Juntetxeek aduanak barrualdeko Gaztela eta Bizkaiko lurraldeen arteko mugan mantentzea erabagi eben.

Urte horreetan benetan egoerea oso larria zan. Aurretik esan dogun horri guztiari gehiatu behar deutsagu presino demografikoak gora egin ebala, biztanle kopurua hazi egin zan, eta horregaz batera ereiteko erabili eitekezan lurrak urritu egin ziren. Jaurerriarengastuek gora egin ebenez, nekazariei kobretan eutseen zergek be gora egin eben eta horrek pobretu eginzituan laborari bizkaitarrak. Holan, nekazari askok euren lurrak galdu eta jauntxo edo erlijiosoen esku geratu ziran, edo azken horreen maizter bihurtu ziran.

Testuinguru horretan, tropa frantsesak heldu ziran eta egoerea benetan txarra zan arren, bizkaitarrek Napoleonen tropen kontra egin eben, izan be, bizkaitar gehienentzat frantsesak arrotzak ziran eta gainera erlijino katolikoaren areriotzat hartzen zituen. Bizkaitar askoren ustez, erasotzaileak laikoak ziranez eta neurri laikoak hartu nahi zituenez, erlijinoa hankaz gora itxi gura eben eta bizkaitar gehienek hori ez eben onartzen. Egia da bizkaitar batzuek, gehienak burgesiako kideak ziranek, frantsesen alde egin eben euren balore liberalak defendiduten zituelako.

Bestalde, arlo militarrari jagokonez, gerran zehar gerrilla ugari sortu ziran eta buruzagi asko abadeak edo fraileak izan ziran aurretik esan dogun guztiagaitik. Gerrilla horreek frantsesei eraso egiten eutseen erretaguardian edo kanpoztarren tropen hornikuntzak eteteko erasoak egiten zituen. Erosino edo desgaste gerrea izan zan eta 6 urte pasau eta gero frantsesek Bizkaiko lurrak itxi behar izan zituen burumakur. Orduan frantsesek kendu eta balio barik laga zituen Juntetxeak eta sistema forala berrezarri egin zan Fernando VII.aren itzulereagaz batera bizkaitar gehienen pozerako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu