Bizkaia VIII.eta IX. mendeetan

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2023-03-02 12:17   Antxinakoak Geurera

XI. mendetik aurrera Gaztelako Erresumea Bizkaian eragina indartzen joan zan.

Aurreko barikuan Estaduko zinema-aretoetan Irati izeneko euskal filma estreinau eben. Gure telebista publikoak, Eitb-k, filma babesten dau. Nik oraindino ikusi ez dodan arren, sinopsia edo laburpena irakurteko aukerea izan dot, baita trailerra ikusteko be. Filman Irati eta beste personajeak, baita Eneko Aritza be, VIII. mendeko Nafarroan bizi dira. Sasoi haretan islamiarrak Iberiar peninsula osoa  konkistetan ebizen bisigidoen kalterako; Iruña inguruan, bertoko familia baskoi garrantzitsu batzuen inguruan, hurrengo mendean sortuko zan Iruñeko Erresumaren jatorriak topau geinkez. Handik hamarkada batzuetara Karlomagnoren tropa frankoak islamiarren esku egoan Zaragoza konkistetan saiatzetik etozala, porrotak eragin eutsen amorruaren ondorioz, Frantziaranzko bidean egoan Iruñea uri baskoia suntsitu eben eta gero tropa frankoek euren bideari ekin eutsen.

Baskoiak horren barri izatean mendietara jo eben eta han, egungo Orreagako inguru menditsuan, k.o 778. urtean, baskoiek mendeku lez frankoei ezustean eraso egin eutsen frankoen ejerzituaren atzealdea txikitu ebelarik. Eraso horretan Roldan jeneral frankoa hil zan, Karlomagnoren senidea. Jazoera harek baskoi
eta nafarren arteko batasuna indartzen lagundu eban. Gauzak holan dirala, handik gitxira frankoen eta islamiar arerioei egiteko indar politiko bateratu bat sortzea beharrrezkoa zanez, baskoiek Eneko Aritza Iruñeako erregea izentau eben k.o 824. urtean, Iruñeako Erresumea eratuz.

Bizkaiari jagokonez, informazino gitxi dago k.o VIII. mendeko Bizkaiko egoereari jagokonean. Jakin badakigu buruzagi militarrek herrialdea gobernetan ebela. Azken horreek Nafarroako Erreinuaren eraginpean geratu ziran nahiz eta Bizkaiak bere autonomia izaten jarraitu. Iturri arkeologikoek baieztatzen dabe VIII. mendeko buruzagiek aberatasak zirala, orduko nekropolietan ikusi daitekenez. Horrezaz gan, historiagileek ondorioztatu dabe Erdi Aroko lehen zati honetako Bizkaiko gizartea nahiko kohesionauta egoala. Gizartea militarizauta egoan, baita ierarkizatua be. Ekonomiaren arloan, jaubetza kolektiboa zan nagusi eta larre eta baso asko herritar guztiek erabili eikiezan. Horrek guztiak modu batean kontrajarten dau gizarte ierarkizatuaren idea, baina sasoi horretako buruzagi militarrek botere handia eben nahiz eta herritarrek esaterako lurrak aprobetxetako aukera zabala eben. 
 
Maila politikoan, historialariek uste dabe Bizkaia berbea Nafarroatik datorren berbea dala han, Nafarroan, Bizkaia edo haren errotik eratorritako beste berba batzuk topau dituelako; eta hori holan bada, Nafarroa eta Bizkaiko lurraldeen arteko loturea be egiaztatu da. Badakigu lehen aitatutako buruzagi militar eta aristokratiko bizkaitarrek Nafarroako familia indartsuenakaz lotura handia ebela. Iruñeako Erresuma sortu eta garatu zanean hurrengo mendean, badakigu Nafarroako Erreinuko noble batzuk Bizkaiko merindade batzuetako merino bihurtu zirala, izan be, merindade eta merino berbak eta errealidade politiko-juridikoak Nafarroatik datoz, Erdi Aroko sasoi horretan garatu baitziran.
 
X. mendean dagoeneko, errege nafarrek Bizkaia euren eraginpean eben eta familia nafar indartsuek Bizkaian euren boterea ezartzekotan egozan. Datu moduan, XI. mendetik aurrera ordurako sortuta egoan Bizkaiko Jaurerria Harotarren leinukoen esku egoan daborduko eta aditu askok esaten dabe Harotarren jatorria Iruñeako Erresuman (ondoren Nafarroako Erresumea deituko zana) egoala. 

Asturiarrek be euren eragina ezarri eben momentu askotan Bizkaian. Hori bai, ondoko erreinuek (alde batetik Asturias eta gero Gaztela eta bestetik Nafarroa) euren eragin politikoa ezartzen saiatu ziran arren eta batzuetan lortu, bizkaitarrek euren lege eta gobernu propioari eutsi eutsen. VIII. mendearen amaieran eta IX. mendearen hasikeran Asturiaseko erreinuko tropek Enkarterri eta Arabako mendebaldea konskitau zituen, baina Nerbioi ibaian bueltea emon behar izan eben. Bizkaitarrak Asturiseko soldaduen kontra egin eben burrukan euren burujaubetzeari eutsi guran. IX. mendean historialariek fidagarritasun eskasa emoten deutsen eta kondairatzat hartzen daben bataila mitiko bat jazo ei zan egungo Arrigorragan. Hantxe ustezko Bizkaiko lehenengo jaunaren soldaduek, Jaun Zuriarenek, Asturiaseko soldaduei aurre egin eutsen Arrigorriaga inguruan.

Asturiasekoak barriro Bizkaian sartzenn ahalegindu ziran gure herriladea berenganatzeko asmoz; baina hantxe, Arrigorriagan, burruka handi baten ostean eta soldadu asko eta asko hil ostean, bizkaitarrek irabazi eben eta Asturiasekoek mendebaldera bueltan joan ziran burumakur. Hau kondaira bat baino ez da, baina argi dago urte horreetan tensino handia egoan bizkaitar eta mendebalderago bizi ziran asturiarren artean (mende bat lehentxeago bisigodoak izan ziranak). Hurrengo hamarkadetan Bizkaiko lurraldea Nafarroako Erresumearen eraginpean geratu bazan be, XI. mendetik aurrera Gaztelako Erresuma (Asturiasek Erresumaren ondorengoa) Bizkaian eragina indartzen joan zan. Baina hori guztia beste batean azalduko dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu