Lehenengo Errepublikea Bilbon
2023-02-16 08:37 Antxinakoak GeureraAurten, 2023an, Espainiako Lehenengo Errepublikaren 150. urteaurrena ospatzen da.
Sasoi haretan Bizkaiko egoerearen eta orduko errepublikazale bizkaitarren barri emongo dogu. Lehenengo Errepublika espainiarra laburra izan zan eta tensino sozial handiko boladea izan zan, gorabeherez betetako egoera korapilatsua.
Laburra izan bazan be lau presidente izan zituan eta Estaduburu horreek Kubako eta Karlisten gudei aurre egin behar izan eutseen, baita Espainian sortu eta zabaldutako kantonalismo prozezuari be. Benetan aplikau ez zan konstituzio federal bat ezartzen saiatu ziran errepublikazale espaniairrak. Konstituzino horren arabera Espainia Estadu federal askotan banatzen zan egungo Alemanian edo AEBetan jazoten dane lez. Erkidego bakotxak, bere administrazino propioa izango eban, gobernu propioa, konstituzino propioa, baita administrazino judizial propioa be. Zoritxarrez barruan izandako arazoakazitik ez eben hori guztia aurrera eroan.
Lehenengo errepublikako kideak be saiatu ziran dobako hezkuntza sistemea ezartzen Espainia osoan eta orduko langileak miseriatik atarateko neurri aurrerakoiak hartzeko borondatea adierazo eben. Bestalde, zerga zuzenak jarteko ahalegina be egin eben; baina denpora falteagaitik eta aurre egin behar izan eutseen barruko arazo askorengaitik ezin izan zituen idea horreek gauzatu. Hemen, Bizkaian, 1872an Gerra Karlistea hasi zan baina Bizkaiko Aldundiak liberalen esku jarraitu eban. Liberalek, sistema errepublikarragaz bat egin arren eta karlisten kontra azaldu baziran be, gobernu zentralari eskatu eutsen Bizkaiko foru zaharrak errespetetakoo.
Lehenengo Errepublikea 1868tik 1874ra bitartean ezagutzen dan Seiurteko Demokratiko-aren sasoian jazo zan, 1873tik 1874ra, hain zuzen be. 1868ko Iraultzearen ostean alderdi progresistek eta demokraten akordioaren bitartez (Ostendeko ituna) Isabel II. kargutik kendu eta erreginak erbestera alde egin behar izan eban. Momentu horretan behin-behiniko gobernu bat ezarri zan 1871ra arte. Urte horretan Saboiako Amadeo erregeak boterea hartu eban Espainian, baina handik urte bira kargua itxi eta Lehenengo Errepublikea aldarrikatu eban Estadu osoan. Errepublikea amaitzean, 1874an, Seiurteko Demokratikoaren akaberea heldu zan. Duda barik, idea barri, aurrerakoi eta iraultzaileen garaia izan zan, baina ezegonkortasunarena be bai. Segurutik muturreko ideak atoan zabaldu ziran Errepublikearen garaian, besteak beste, sasoi haretan emon zan Pariseko Komunaren ondorioz. Nahiz eta Bizkaian eta oro har Euskal Herrian errepublikazaleak egon eta gehienak merkatariak izan, biztanleen gitxiengo bat baino ez ziran. Orduko Bizkaian Karlismoak eta sozialismoak indar handiagoa eben. Dana dala, karlisten kontra egozan liberal eta sozialista bizkaitarrek (bilbotarrek bgehienbat) Errepublikearen alde egin eta urte horreetan karlisten kontrako gerran sartu ziran. Bilboko alkate errepublikarrek uriaren aldeko jarrerea hobetu eben ikusirik karlistak apurka apurka urira hurreratzn joiazala. Gauzak holan dirala, 1872tik 1876ra iraun eban II. Guda Karlistan Karlos VII.-aren aldekoek Euskal Herriko landa munduko herri eta lurralde gehienak bereganatuz zituen uri handiak izan ezik; Bilbo konkistau ez eben urietako bat izan zan. Liberalek eta errepublikazaleek karlisten erasoei aurre egitea lortu eben.
Errepublikazaleek Bilboko udalaren kontrola eskuratu ostean zerga zuzenak ezartzen saiatu ziran gehien eukieneak gehiago pagetako eta diru horregaz udalak ekimen sozial handiak egiteko aukerea izango eban. Esangura horretan, 1873an Bilboko errepublikazaleek orduko langile pobreei laguntzeko neurriak hartzen saiatu ziran eta urian eskola publikoak eregiteko planak egin zituen, Atxurikoa edo Bilbo Zaharrekoa, kasurako. Horreek biak Guda Karlistea amaitutakoan eregi zituen.
Errepublikea ez zan luzaraorako kontua izan eta Bilbon jarraitzaile askorik ez eban izan. Halan da be, Errepublika garaian aldarrikatutako neurri eta idea aurrerakoi asko XX. mendean bultzatu zituen sozialistek eta aurrerakoiek eta kasu gehienetan ezartzea be lortu eben. Lehenengo Errepublikearen garaian ongizate estauaren zutabeak jarteko lehenengo idaak ezartzen ahalegindu ziran errepublikazaleak, baita Bizkaian be baina prozezua laburra izan zanez, hamarkada batzuk aurrerago ezarri ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!