Tribisburu. Erromatarren sasoiko kokalekua Bizkaian

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2023-02-01 12:32   Antxinakoak Geurera

Erromatarrentzat Urdaibai gune garrantzitsua izan zan.

Tribisburuko aztarnategia | Ikusi handiago | Argazki originala

Tribisburu, Erromatarren sasoiko ezarmendua, Sollubeko magalean topau eben. Nekropolia da, hain zuzen. Oraindino, aztarnategian diharduenek ez dabe lana amaitu eta hipotesiak baino ez diran arren, adituen arabera Tribisburu ondoan egon ei zan herri baten nekropolia zan. Beira eta errauts asko topau dabe eta historiagileek bat datoz esatean hainbat etxe egozala eta gehienak edo danak gorpuak errausteko erabilten zirala.

XX. mendeko historiagile askoren eretxian, Bizkaia ez eben erromatartu, hau da, erromatarrak Bizkaira heldu ziran baina lurraldea baliabidez txiroa zanez, oso ezarmendu gitxi eregi zituen Lazioko biztanleek. Hori ez da egia, eta azken urteotan teoria horreek bertan behera ixten dituen frogak agertu dira. Badakigu, adibidez, Foruan ezarmendu erromatarra egon zana, Tribisburutik ez oso urrun. Bermeon eta Mundakan be erromatarrek euren portuak eregi zituela uste dabe adituek. Bermeoko portuan erromatarren txanponak topau dira eta Kurtzio baseleizan terra sigillata deituriko zeramika zatiak be bai. Mundakan be terra sigillata, metalak, beira… eta Erromatarren beste material batzuk topau ditue.

Hortaz, ondorioa da Bizkaiko zonalde hori erromatarrentzat gune garrantzitsua izan zala, batez be, merkataritzea sustatzeko. Bestalde, jakin badakigu egungo Muskizen eta Oiola zingira ondoan (Trapagan), esaterako, burdina ustiatzen ebena. Urdaibain, Tribisburutik hur, Ereñon harria eta marmola hartzen zituen, agertu diran material erromatarrek hori aditzera emoten dabe eta.

Tribisburura bueltan, 2013az geroztik Bizkaiko Foru Aldundiak bere gain hartu dau ezarmendu arkeologiko honen ikerketearen ardurea eta finantziazinoa; batez be, beira asko topau dabe, baita hildakoen errautsa be.

Errausketak ustrinak izeneko lekuetan egiten zituen, nekropolitik kanpo jarten ziran plataformetan. Sua egiten zan han eta gorpuak errausten ziran. Nekropoliaren barruan 15 metro koadroko gelak egozan, hormen bidez itxita. Bertan familia-unidade bakarreko kideak egozan. Hildakoen errautsez gan, erropa zatiak eta bitxiak topau dira, batzuk zeramikazko ontzietan eta beste batzuk lur substratuan. Metalak be agertu dira.

Horregaitik guztiagaitik, historiagile eta arkeologoek uste dabe Tribisburu nekropoli erromatarra zala. Harresi bat be topau dabe eta indusketa sakonei esker, nekropoliko aztarnen azpian erromatarrak heldu aurreko oppidium edo kastro baten aztarnak be topau ditue. Beraz, erromatarrak Sollube inguru horretara heldu eta Tribisburu nekropolia eregi ebenerako, bertako bizkaitarrak (karistiarrak) biziko ziran herrixka batean.

Dana dala, Bizkaiko herri askotan danetariko materialak topau dituen arren (beira, zeramikea, erropa zatiak, terra sigillata, txanponak, metalak), oraindino be zalantza ugari dagoz gai honen inguruan, eta, egia esanda, ez dakigu asko Bizkaiko Antzin Aroari buruz. Holako indusketek eta ikerketek lagunduko deuskue iluntasun horretatik alde egiten eta hobeto ezagutzen Erromatarren sasoia Bizkaian.

Irulegiko eskuak Nafarroako historia argitzen lagundu dauen lez, espero dogu Bizkaian be aurkikuntzaren batek erantzunik bako hainbat galdera argitzen laguntzea. Esaterako, erromatarrak heldu baino lehen autrigoiak eta karistiarrak ziran bizkaitarrek, ziurrenez zeltak, baskoiek lez protoeuskara erabilten eben? Zelako barne antolakuntzea eben? Ze hartu-emon zituen ondoko herriakaz (zelta eta zeltiberiarrakaz)? Eta alboko bardulo eta baskoiakaz?

Galdera asko dagoz oraindino erantzun barik, baina espero dogu aurrerantzean gai horreek argitu ahal izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu