Xerox Getxo 1990eko hamarkadan: urte oparoak Bizkaiko errugbian

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2023-01-16 09:46   Antxinakoak Geurera

1991tik 1995era, 45 partidu egin zituan Faduran galdu barik.

Oraingoan Bizkaiko errugbi talde ezagun bati buruz berba egingo dogu: Getxo Rugby Taldea eta 1990eko hamarkadan lortu zituan garaipenak. Errugbia Ingalaterran sortu zan XIX. mendean eta egungo potentzia handienak dira Britaniar Handiko taldeak (Ingalaterra, Eskozia eta Gales), Irlanda, Frantzia, Zelanda Barria, Australia, Hegoafrika eta Argentina, batez be. Espainiako selekzinoak tarteko mailea dau.

Espainian errugbia oraindino profesionala ez zanean eta taldeak nahiko amateurrak ziranean, 1990eko hamarkadearen hasieran, orduko Xerox Getxo Errugbi Taldea Estatuko erreferente bihurtu zan. 1975ean sortutako talde harek beti herriko jokalariak izan zituan, edo inguruko herrietatik etorriak. Kontua da, sasoi haretan  Espainian talde indartsu eta profesionalik ez egoanez, Xerox Getxo bertoko jokalariakaz Espainiako talde handienetakoa bihurtu zala.

1990ean, Xerox Getxok Errege Kopea irabazi eban Santboiana talde kataluniar historikoa 28-7 gaindituta. Hurrengo urtean, 1991n, barriro eskuratu eban titulua, Cadizeko Puerto de Santamaria herrian beste talde bizkaitar bati irabazita, Gernikari, 32-15. Talde bizkaitar biren arteko jai handia izan zan. Urte horreetan bietan lortutakoa ikaragarria izan zan, bai, baina hurrengo denporaldikoa be ezin da ahaztu: Faduran bertan Errege Kopea hirugarrenez jarraian irabazi eben getxoztarrek Mercabarna BUC taldeari 20-9.

Hurrengo denporaldia be, 1992-1993, historikoa izan zan: Espainiako Errugbi Txapelketa Nagusia irabazi eban, Espainiako Ligea, Lizeo Frantsesaren aurretik. Xerox Getxorentzat lehenengo Liga Txapelketea izan zan. Urte horretan bertan, Errege Kopan finalera heldu zan, baina finalean galdu eban, 13-6, El Salvador handiaren kontra.

1995ean, barriro Errege Kopako finalera heldu zan, baina oraingoan be galdu egin eban, kasu honetan, 37-25 El Monte Rugbyren kontra. Dana dala, 1997an apurtu eben bolada txarra, orduan irabazi ebalako Xerox Getxok laugarren eta azken Kopea; finalean Alcobendasi 37-19 gailendu jakon. Urte batzuk geroago, 2005ean, Errege Kopako beste final batera heldu zan Getxo eta orduan be galdu egin eban 29-8 El Salvador taldearen kontra.

Ligan be oso denporaldi onak egin zituan 90eko hamarkadan. 1993an ligea irabazi eban, eta 94an, 95ean eta 97an txapeldunorde geratu zan. 91n eta 96an, barriz, hirugarren. 1998tik aurrera, ostera, gauzak okertzen hasi ziran eta apurka-apurka taldearen maileak behera egin eban.

90ko hamarkadea benetan oparoa izan zen Getxoko Errugbi taldearentzat eta irabazitako liga eta kopak ez eze sekulako datu esanguratsu bat be lortu eban: 1991tik 1995era bitartean 45 partidu egin zituan Faduran galdu barik, hau da, etxeko partiduetan.

Gaur egungo Getxo Artea, izena aldatu ondoren, Bigarren Mailearen eta Ohorezko Mailearen artean ibilten da. Urte batean igon eta hurrengoan jatsi egiten da, baina espero dogu orain dala 30 urte inguru lorturiko garaipenen parekoak etorkizunean barriro gozau ahal izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu