Bizkaiko eleizateak Erdi Aroan eta Aro Modernoan

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2023-01-03 11:09   Antxinakoak Geurera

Batzar Nagusien funtzionamenduan berebiziko garrantzia eben eleizateek.

Plentziako eleizea | Ikusi handiago | Argazki originala

Erdi Aroan eleizateak sortu ziran eta Lur Lauaren unidade juridiko-administratibo garrantzitsuena bihurtu ziran. Eleizate moltsoak Merindande bihurtu eta honeek Bizkaiko Jaurerriko elementu garrantzitsuak izan ziran, eleizateak eurak lez. Hasikera batean, jaunek sorturiko parrokiakaz lotura handia izan eben gehienek. Eleizate berbeak esan gura dau eleizen atarian hango nekazari eta biztanleek batzarrak antolatzen zituela herriko kontuei buruz berba egiteko.

Apurka-apurka eta urteen joanean, batzar honeek instituzionalizau egin ziran eta benetako herri asanbladak bihurtu. Normalean, meza eta ekintza erlijiosoaren ondoren auzokideak eleizako sarreran edo atarian alkartzen ziran euren arazo komunen ganean berba egiteko. Holan sortu eta garatu ziran eleizateak.

XV. mendetik aurrera, eleizateek garrantzi handia hartu eben Batzar Nagusien antolakuntzea konplejuago bihurtu eta hau eleizateen oinarriaren ganean egituratu zanean. Badakigu lehenengo eleizateak k.o. XI. mendean sortu zirana, baina euren ganeko informazinoa eskasa da. Zeozer agertzen da uribildu batzuen fundazinoen idatzietan, baina modu nahiko ilunean agiri dira eleizateen inguruko aitamenak.

1342ko eta 1394ko testu penal bizkaitarretan be eleizateak aitatzen dira: eleizateei eta bertako agintariei gaizkileen bila joateko eskumena emoten eutsien. Bestalde, testu horreetan esaten zan, uribilduetan lez, eleizateetan be fiel (alkate) edo errejidore bat sortu behar zala Hermandadearentzat batutako dirua kudeatzeko. Fielek edo errejidoreek epaiketa zibilak egiteko eskumena eben, kasuon balioa ez bazan 110 marabedi baino handiagoa. Herrien basoen eta errepideen egoerea be aztertzen eta jagoten eben eta Batzar Nagusietan euren eleizatearen ordezkari ziran.

Horrezaz gan, alkateek auzokideen asanbladetan hartutako erabagiak bete behar zituen eta ezin eben oztoporik jarri erabagi horrek ez gauzatzeko. Herriko janari eta edarien hornikuntzaz arduratzen ziran, herriak jaki nahikoa eban egiaztatu behar eben. Korrejidorea eta honen tenienteak herriko zergak batzeaz arduratzen baziran be, alkateak be arlo honetan eginkizun eta eratzunkizuna eban. Osasungintzan, herritarren erroldan, gaizkileen kontrako neurrietan eta beste arlo batzuetan potere zabalak zituan.

Arlo militarrean, barriz, errejidoreak zeresan gitxi eban, modu publikoan hautatutako kapitainak arduratzen ziralako herriko miliziak sortzeaz. Dana dala, gerra sasoian kapitainak ez zituan alkatearen potereak eskuratzen, alkateak bere eskumenak gordeten zituan. Auzokideen asanbladetan, errejidoreek euren lanaren barri eman behar eben, auzokideek guztiaren jakinaren ganean egoteko. Asanblada horreetan aukeratzen zan errejidore barria.

Beste alde batetik, eleizateek Batzar Nagusien funtzionamenduan be berebiziko garrantzia eben. Esaterako, Juntetxeek eleizateen gehiengoaren oneretxia behar eben gaztainearen ganeko esportazinoa onartzeko, baita erregeak eskatzen zituan donatibo guztietarako be.

Aro Modernoan, Bizkaian 71 eleizate egon ziren. Gaur egun, gehienak udalerriak dira, baina gitxi batzuk beste udalerri batzuen barruan geratu dira: Begoña, Abando eta Deustu Bilbo barruan dagoz, eta Gorozika Muxikaren parte da. Goikolexea be, egungo Larrabetzuko auzoa, eleizatea izan zan Erdi Aroan, baina XVI. mendean Larrabetzu uribilduaren menpe geratu zan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu