Getxoko Arenas taldearen historia laburra

Erabiltzailearen aurpegia Egoitz Campo 2022-12-14 13:25   Antxinakoak Geurera

1919ko Espainiako Kopako finalean, Bartzelonari 5-2 irabazi eutsan.

Arenas taldearen hamaikako historikoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Getxon futbol talde ugari dagoz, baina horreetatik guztietatik Arenas Club aparta aitatu eta nabarmendu beharko geunke. Izan be, badakizue Athletic ez dala Espainiako Errege Kopea irabazi dauen talde bakarra, ezta Espainiako Lehenengo Mailan egon dan bakarra be?

Bai, harrigarria bada be, holantxe da, Arenas Getxok XX. mendearen hasikeran hori guztia lortu eban eta. Espainian eta Euskal Herrian artean futbola kirol profesionalizadua ez zanean, Arenas Estaduko talderik indartsuenetarikoa bihurtu zan. Arenas 1909an sortu eben orduko futbol jokalari eta jarraitzaile batzuek eta handik gitxira Iparraldeko Txapelketea irabazi eban, 1916-1917 denporaldian, hain zuzen.

Sasoi haretan, Iparraldeko Txapelketea irabazten ebanak Espainiako Kopea jokatzeko eskubidea eukan, eta Ligarik ez egoanez, Espainiako maila gorenaren parekoa zan. Arenasek, bere lehenengo parte-hartzean, ez eban bape txarto egin, izan be, Sporting de Gijon-i partidu biak irabazi ondoren, Vigo Sporting-i be partidu bitara nagusitu jakon, eta finalera heldu, Madrid taldearen kontra. Gero be, madrildarrek irabazi eben, baina asko kostata, lehenengo partidua bardindu egin eben eta. Bigarrenean, barriz, Arenasek galdu eban, eta txapeldunorde geratu zan Kopan.

Madriletik burumakur etorri ziran bizkaitarrak, baina handik urte bira klubak loria lortu eban, barriro be Iparraldeko Txapelketea irabazi eta Espainiako Koparako sailkatuta: hain zuzen be, Kopa ha Arenas Getxok irabazi eban. Lorpen itzela izan zan. Final laurenetan Racing Madril-i irabazi eutson  lehenengo partidua, 8-2, bigarren partiduan getxotarrek 2-0 galdu eben, eta bardinketea apurtzeko hirugarren norgehiagokan, Arenas nagusi barriro be, 3-1. Finalerdietan, 1917an lez, Vigoren kontra jokatu eban, eta oraingoan partidu biak irabazi zituan Arenasek, 2-0 eta 6-1. Bigarren aldiz Espainiako Kopako finalean, eta orduko Bartzelona sendoaren kontra jokatu behar. Ordurako, talde kataluniarrak hiru Kopa zituan garaikurren artean eta laugarrena nahi, baina ez eban lortu. Partidu bikainean, talde historiko haretako Sesumaga aurrelariaren golei esker (hiru sartu zituan finalean) Arenasek bere lehenengo Errege Kopea irabazi eban, luzapenean, 5-2.

Talde umil batek halako lorpena eskuratu izana handia izango zan sasoi haretan, oso handia; ikaragarria esango neuke nik. Garaipen honi esker Arenaseko hiru jokalarik Anbereseko Joko Olinpikoetan parte hartu eben Espainiako selekzinoagaz: Pagazak, Vallanak eta Sesumaga goleatzaileak. 1920ko zein 30eko hamarkadetan, Arenas Getxok talde handia izaten jarraitu eban. 20ko urteetan, esaterako, Espainiako Kopako beste final bitara heldu zan, 1925an eta 1927an. Zoritxarrez, bietan galdu eban, 1925ean Bartzelonaren kontra (2-0) eta 1927an Irungo Real Unioren kontra (1-0).

1919ko Espainiako Kopeaz gan, 1916tik 1936ra bitartean beste hainbat txapelketa irabazi zituen Getxokoek: Iparraldeko hiru Txapelketa, 1917an, 1919an eta 1922an; Bizkaiko Txapelketa bi 1925ean eta 1927an; eta 1936an Euskal Kopea. Ez zan makala izan, ez horixe.

Hamarkada horreetan lorturiko kirol garaipenei esker, eta Espainiako futbol talde indartsuenetakoa izateagatik, 1928an estreinautako Espainiako Ligako partaideetako bat izan zan Arenas, eta zazpi denporaldiz Estaduko talderik poteretsuenen artean lehiatu zan. 1929-30 denboraldian, ganera, hirugarren postuan amaitu eban ligea. Dana dala, 1934-1935ean Bigarren Mailara jatsi eta handik aurrera ezin izan dau barriro Lehenengora bueltau. Gerra Zibilaren ostean taldeak urte batzuk egin zituan Bigarren Mailan, eta geroago Hirugarren Mailan eta kategoria apalagoetan ibili izan da.

XX. mendearen bigarren zatitik aurrera aitatu geinke 1978an eta 1980an irabazi zituala Ategorri Txapelketa bi, urtero Erandio taldeak antolatua. Horrezaz gan, Hirugarren Mailan urte asko pasau eta gero, 1979-1980an, sortu barri zan Bigarren B mailan jokatu eban, baina hurrengo urtean Hirugarren Mailara jatsi zan. XXI. mendean, 2015ean, Bigarren B Mailara bueltau zan. Jarraitzaileek eta taldekideek egunen batean Bigarren Mailara igoteko amesari eutsi deutsie. Talde historiko honek maila altuagoetan egoteko merezimendu osoa dau, eta hori izan da artikulu honen helburu nagusia, hau da, Getxoko talde txiki honek lortu zituan arrakasta eta lorpen handiak omentzea eta gogorarazotea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu